Labazorriak aberastasun iturri
2013-12-13 13:18 BidaideYu Menfei, 40 urteko emakumeari galdetzea baino ez dago. Liyangen bizi da, ekialdeko Jiangsu probintziako herrian eta eskaintza ederra jaso ostean, orain urtebete inguru familiaren oilotegia bertan behera itxi eta labazorrien munduan sartu zan.
Duda barik, Txina barri surrealisten iturri nagusia da. Mundu osoko albistegietan zein egunkarietako edizino digitaletan sarri-sarri ikusten doguz irudi harrigarriak, hodien barruan ez atzera ez aurrera geratutako umeak, lurrak irunsten dauen autobus bat, hasarre bizian, erosi barri dituen objektuak birrintzen agiri diran bezeroak, kasu batzuetan, baita Lamborghini markako kotxeak be. Ez dago mugarik. Joandako udan legez kanpoko labazorritegi bat izan zan albiste iturri, izan be, miloe bi labazorrik igez egin eben eta hankaz gora jarri eben inguru osoa. Anekdotea edo barri bitxia baino zeozer gehiago izan zan hori ze agirian geratu zan 2011. urtetik asko ugaldu dirala labazorri etxaldeak; gaur egun ehundik gora dira eta sano errentagarriak.
Yu Menfei, 40 urteko emakumeari galdetzea baino ez dago. Liyangen bizi da, ekialdeko Jiangsu probintziako herrian eta eskaintza ederra jaso ostean, orain urtebete inguru familiaren oilotegia bertan behera itxi eta labazorrien munduan sartu zan. Labazorriak oso azkar hazten dira eta oso merkeak dira, izan be, ia doban herriko jatetxeetatik ekarten doguzan hondar-mondarrak emoten deutseguz jateko azaldu dau telefonoz. Ahalegin ekonomiko handiena hasieran egin genduan arrautzak erosteko eta eraikinaren barrualdea atontzeko.
Labazorriei bazter eta bihurguneak, iluntasuna eta beroa gustetan jakez. Horregaitik familiak 3.000 euro inguru gastau ditu oiloentzako pentsautako espazio zabaletan pasabide estu eta bihurgunez osotutako labirintoak eregiteko. Horrezaz gan, oiloen arrautzak sartzeko kartoizko kutxatxuak eta eztiorrazien antzeko panel edo taula metalikoak ezarri ditue. Gruyer gaztaiaren antza dauka inguruak baina labazorrien joan-etorrietarako paradisua da zuloz betetako leku hori.
Labazorrien ugalketea oso azkarra da eta gaixotasunik hartzeko astirik be ez dabe izaten adierazo dau enpresariak. Lau hilebete egin orduko, hegaz egiten hasi baino lehen, Yu Menfei and.ak xurgatzaile arrunt bategaz harrapau eta ur irakinagaz hilten ditu. Labazorri kiloa 40 euro inguruan saltzen da, oliloakaz ataraten ebana baino berrogeita hamar aldiz gehiago. Arrautzak karuak izan arren, askoz gehiago irabazten dogu labazorriakaz hasi ginanetik. Arazo bakarra da auzokoei ez jakela gustetan zertan gabilzan; horrezaz gan, gero eta labazorritegi gehiago dagoenez, konpetentzia hadiagoa da eta prezioak bajatuko ete diran bildur gara.
Labazorritegien arrakastearen arrazoia txinako medikuntza tradizionalean dago. Orain hiru bat urte, ikerketa prozesu luze baten ostean, mediku talde batek adierazo eban aitatu zomorroen amerikar espeziea gaixotasunak osatzeko oso ona dala. The Telegraph egunkarirako egindako alkarrizketan, Liu Yusheng, Shandong Nekazaritza Unibersidadeko irakasle eta aitatu probintziako Zomorroen Elkarteko buruak esandakoa da: Labazorriek beste edozein botikak baino azkarrago osatu leikiez gaixotasun larri batzuk eta ezelako ondorio kaltegarririk barik.
Adituen eretxiz, labazorriak oso onak dira erredura arinak osatzeko zein minbizia kasu larri batzuetarako be bai. Era berean, tuberkulosi edo birika-mina kentzeko eta gastroenteritis kasuetarako be oso onak dira. Horregaitik, azken bi urteotan Txinako medikuntza industriak labazorri kopuru handiak erosi ditu, sikatu ostean, hauts bihurtu eta tratamendu desbardinetan erabili ahal izateko. Horrezaz gan, produktu kosmetikoetarako be erabilten dira labazorriak eta kaleetako postuetan prijiduta jaten diranak be pilotxua dira. Gusto ona dabe eta proteina iturri garrantzitsua dira adierazo dau Yu-ren herriko kaleko postu bateko jaubeak. Menua osotzeko matxinsaltoak eta kilkerrak be oso estimaduak dira eta bezero faltarik ez dago. Txinatarroei ez jakuz gustetan aspirinak eta mendebaldeko ganerako botikak. Gure inguruko produktuak gurago doguz, gorputzari eta osasunari kalte gitxiago egiten deutsielako eta askoz eragingarriagoak diralako epe luzera. Gao Yusheng, Shanghaiko medikuntza tradizionaleko zentru bateko akupunturan adituak dinoan legez, arazoa da oraindino gauza barria dala eta ez jakite horrek eraginda, sarritan tratamendu okerrak agintzen dira.
Kontuak kontu, labazorriak jatea onuragarria izan daiteke gastroenteritis kasu batzuetarako baina ez, ostera, HIESari aurre egiteko, batzuk horretan be sinistuta dagozan arren. Horregaitik, Gao Yusheng lako profesionalen eskabidea da metodo tradizionalak ikuskatzeko eta jarraipena egiteko batzordearen lana nahitaezkoa dala. Gaur egun, jente asko dabil animaliakaz eta landareakaz negozioa eguin guran ezelako etikarik barik eta herritarren, gehienbat edadekoen ez jakitea aprobetxauta salatu dau. Hori bai, Gaok dino zientzia eta medikuntza erispideak ezarriz, labazorriak oso eragingarriak izan daitekezala. Esangura horretan, Txinako eta Hego Koreako bost industria erraldoi labazorriak aztertzen eta ikertzen dabilz, baita HIESari aurre egiteko aukereari buruz be.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!