Iñigo Astizek eta Mikel Ayerbek 'Hondakindegia' ikuskizuna estreinauko dabe gaur Berlinen

Bizkaie! 2013-12-13 11:12   Kulturea

Gorputza, berbea eta bideoa ditu oinarri Hondakindegia, poesia emonaldi EZ musikatua ikuskizunak. Gaur estreinauko dabe, Berlinen, Iñigo Astiz kazetari eta idazleak eta Mikel Ayerbe literatura irakasle eta kritikariak.

Gorputza, berbea eta bideoa ditu oinarri Hondakindegia, poesia emonaldi EZ musikatua ikuskizunak. Gaur estreinauko dabe, Berlinen, Iñigo Astiz kazetari eta idazleak eta Mikel Ayerbe literatura irakasle eta kritikariak.

Astizek 2012an kaleratutako Baita hondakinak ere (Susa) liburuko poemak dira abiapuntua, eta horreek igongo ditue oholtzara. Moldaketarako, baina, ez dabe musikarik erabili, mueta horretako ikuskizunetan ohikoa danez, gorputza eta bideoa erabiliko ditue eta.

Ayerbek proiektuaren genesia azaldu dau. Iñigoren liburuan badira gorputzetik abiatzen diran poemak, eta horregaitik planteau neutson eszenatokira eroateko egokiak zirala. Igaz, bagilean sortu zan idea. Trankil ibili dira, prisa handi barik. Kontua ez zan poemak oholtzara eroatea, poemak oholtzara berziklatzea baino, azaldu dau Astizek. Berenberegi emonaldi honetarako sortutako egiturea dauka ikuskizunak. Egitura ahul eta biluzi bat, baina poema honeetan esaten danagaz eta esateko dagoan moduagaz bat datorrena, ganeratu dabe.

Liburuan lez, nahastean joango dira berbak eta ekintzak ikuskizunean bere. Nahastean ikusiko dira, beraz, etxekoa eta kalekoa, sueteko barriketaldiak eta manifestazinoetako aldarrikapenak, pribadua eta publikoa, gastronomia eta lorezaintzea. Apaindura handi bako egiturea dauka saioak, eta eszenografia be ez da ikusgarria izango. Mahai bat, lau aulki eta lur meta bat, hori da oholtzan ikusiko dana.

Fernando Pessoarena da ikuskizuna abiatzen dauen hipotesia: Lur guztia hozkatu / eta ahosabaian sentidu ahalko baneu,/ zoriontsuagoa nintzateke une batez. Eta harek hipotesi lez planteautakoa esperimentu moduan gauzatu dabe Ayerbek eta Astizek: Lur pixka bat hartu dut etxeko baratzetik/ eta harrixkak baztertuta ahoratu gero. Lerro horreekaz hasten da Baita hondakinak ere liburua. Eta esperimentu beragaz abiatzen da Hondakindegia ikuskizuna bere.

Ayerbe eta Astizek eroango ditue eszenara poemak, baina Hasier Goikolea argazkilari eta bideogileak egin ditu bertan ikusiko diran bideoak, eta Joseba Lazkano ibili da emonaldiaren zuzendaritza laguntzaile lanetan. Alaitz Alberdi artisteak egin dau kartela.

Poesia hilda dagoela dinoe, eta egia izango da akaso, ez dakigu. Badakiguna da guri balio deuskula. Hilda bere bai. Gottfried Benn poetak esaten ebanez, ez dago-eta beste aukerarik, Estatuak maite dituanak/ maite behar ditu hondakinak ere, dinoe protagonista biek.

Berlingo Euskal Etxeak konbidauta, Berlinen bertan estreinauko dabe emonaldia Astizek eta Ayerbek, abenduaren 13an, Bethanien, 20:00etan. Euskal Herrian be saio bi ditue: Azkoitian, abenduaren 29an, Mataderoan; eta urtarrilaren 28an, Gasteizko Parral tabernan.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu