Balorazino 'oso baikorra' egin dabe Durangoko Azokako arduradunek
2013-12-08 13:55 KultureaDatu zehatzik euki ez arren, oraindino Azokea ez da amaitu eta, gustura, pozarren, agertu dira antolatzaileak balorazino-prentsaurrekoan. Jentearen erantzuna izugarria izan da, Gerediaga alkarteko buru Nerea Mujikak adierazo dauenez, balorazino oso baikorra egin dogu. Guneetako arduradunak be pozik dagoz.
Datu zehatzik euki ez arren, oraindino Azokea ez da amaitu eta, gustura, pozarren, agertu dira antolatzaileak balorazino-prentsaurrekoan. Jentearen erantzuna izugarria izan da, Gerediaga alkarteko buru Nerea Mujikak adierazo dauenez, balorazino oso baikorra egin dogu. Guneetako arduradunak be pozik dagoz.
Areto Nagusian egin dabe 48. Durangoko Azokearen balorazinoa. Nerea Mujika Gerediaga alkarteko buruak, Cristian Amorena Musika Industriaren Elkarteko kideak, Oihane Barrutia Saguganbarako arduradunak eta guneetako bozeroaileak, eta Jexus Mari Mujika Euskal Editoreen Elkarteko presidenteak egin dabe balorazinoa.
Landakon bertan eta gune guzti-guztietan jentetzea ibili da, eta parte-hartzea sekulakoa izan da, Nerea Mujikaren arabera. Landakoko bisiten zenbagailua ipini dabe, eta antza, eguena goizetik zapatu arrastira, 120.000 sartu-urten izan dira. Beraz, azkenengo bisita kopuruak gainditu egingo dau zifra hori, domekakoak kontetea falta da eta. Guneak herrian zehar banatzeak Azokeari arnasea emon deutso, eta Durango Azoka Uria bihurtu dau, Gerediaga alkarteko buruaren berbetan. Aurten Azokeak % 10 murriztu behar izan dau aurrekontua, inozko gehien estutu behar izan dogu danok. Baina esfortzu horrek erantzun sano ona izan dau. Editoreak be gustura dagoz 48. Durangoko Azokeagaz. Barikua benetan egun ona izan zan, makina bat jente ibili zan Landakon, eta ondo saldu zan. Barikukoa izugarria izan zan, esan dau Jexus Mari Mujika Euskal Editoreen Elkarteko presidenteak. Editoreentzat oso inportantea da Azokea, euren lanen barri emoten daben erakuslehioa da eta Durango. Musika talde, diskoetxe eta alkarteek aurreko urteko salmentak bardindu ditue, eta kasu batzuetan hobetu bere bai, nabarmendu dau Cristian Amorena Musika Industriaren Elkarteko ordezkariak. Jentearen parte-hartzeagaz pozarren dagoz, barikua historikoa izan zan. Ahotsenea gunea eta diskoetxeen hur egoteak artista eta publikoaren arteko hartu-emonak erraztu egin ditu. BEZaren igoereak kalte handia egin deutsiela be azpimarratu dau Amorenak, eta Admnistrazino publikoen inplikazino koordinau, fidagarri eta eraginkorra eskatu dau.
Oihane Barrutiak Ikasleen Egunaren arrakastea izan dau gogoan. Guneek egitarau bateratua egin eben, ikasleei begira. Oso pozik gagoz erantzunagaz, 1.000 ikasle baino gehiago batu ziran hemen. Ikastetxeek be balorazino oso ona egin dabe.
Guneetan be jentearen harreregaz sano gustura dagoz. Ahotseneak, esaterako, ganezka egin dau behin baino gehiagotan. Irudienea aurten Zugaza zinema-aretoan kokatu da, eta emonaldi batzutan ilarak egon dira. Szenatokian zapatuko Antzerki maratoia-k izan dau arraskata handiena.
Familiei zuzendutako Sagunganbaran be fin ibili dira, jarduera batzutan leku barik geratu gara. Nerea Mujikak jentearen babesa eta gogoa nabarmendu ditu prentsaurrekoaren amaieran be. Balorazinoa eginda badago be, oraindino 48. Durangoko Azokeak ez ditu ateak zarratu, 20:00ak arte egitarau bete-betea dauka, kontzertuak, aurkezpenak, mahai-inguruak, liburu-sinatzeak eta abar. Egitarau osoa, hemen.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!