18. Euskal Dendeak abenduaren 5ean zabalduko ditu ateak Durangon

Bizkaie! 2013-12-04 13:23   Kulturea

Artisautza zure eskura lelopean dator aurtengo edizinoa. Arbaso artisauen alkarte nazionalak antolatzen dau eta Euskal Herriko artisautzearen erakusleiho garrantzitsutzat hartzen da. Azokea Durangoko merkatu plazan egingo da abenduaren 5etik 8ra. Danetara 52 erakusketari izango dira eta horreetatik hamarrek lehenengoz parte hartuko dabe.

Artisautza zure eskura lelopean dator aurtengo edizinoa. Arbaso artisauen alkarte nazionalak antolatzen dau eta Euskal Herriko artisautzearen erakusleiho garrantzitsutzat hartzen da. Azken urteotan tradizino bilakatu dan lez, azoka hau Durangoko merkatu plazan egingo da abenduaren 5etik 8ra. Danetara 52 erakusketari izango dira eta horreetatik hamarrek lehenengoz parte hartuko dabe. Bizkaia izango da ordezkari gehien izango dituan lurraldea, 23 artisau, hain zuzen be. Gipuzkoak 15 izango ditu, Nafarroak 10, Arabak 2 eta Nafarroa Behera eta Lapurdik bana. Durangaldeak, artisautzearen epizentro garrantzitsuak, zazpi ordezkari ekarriko ditu Euskal Dendara, honakoak: Mañariko Carmen, zeramikan espezialistea; Eneko Unzalu bitxigile durangarra; jantzigintza tradizionala lantzen dauen Amorebieta-Etxanoko Jaialdi; Durangoko Restaurarte, 2010eko stand onena sariaren irabazlea; Jaio Gazta, gaztaigile iurretarra; ehuna lantzen dauen Zamua; Elorrioko Wandel, larrua lantzen dauen sortzailea, aurtengo azokan nobedadea. Danetariko artisauak izango dira, besteak beste, elikagaien arlokoak, beirakoak, metalekoak, zeramikakoak, egurra lantzen dabenak, zaharbarritzaileak zein larrugintzakoak eta euskal kirol eta kosmetikearen artisauak.

Durangon lehenengoz izango diran artisauak hamar izango dira. Lehen aldiz etorriko dira Orkin bitxigile nafarra, Milimetrotan bitxigile gipuzkoarra eta Yade bizkaitarra. Horrezaz gan, lehengoz izango da larrua lantzen dauen Wandel, eta e-mendi be bai. Egurra lantzen dabenen artean Jose Luis Anso nafarra eta DPM etorriko jakuz lehen aldiz, eta Bizkaitik Zur Berri. Era berean, barriak izango dira Labegur eta Jaio Gazta nekazaritzako elikagaien produktoreak.

Beste alde batetik, Durangoko Azokeagaz bat eginik, aurtengo Euskal Dendearen kultura konbidadua Eskozia izango da. Horretarako Peter Gillies etorriko da eta berari esker euren ohiturak eta usadioak ezagutuko doguz. Peter Gillies Eskoziako Highlandsekoa da. Glasgowen dauka tailerra eta han emoten ditu orduak beira lantzen eta margozten.

Beste behin, Euskal Dendea sektorearen erakusleihorik onena izango da. Helburu nagusia artisautza tradizionala zein garaikidea bultzatzea eta merkaturatzea da, beti be, Euskal Herrian egindakoaren zigiluaz. Bestalde, azokan zehar, bisitariek bertatik bertara ikusi eta gozau ahalko dabe artisauen lanakaz, eginkizun ia ezinbestekoa profesional horreek biziraungo badabe; horixe baita gaur egun Euskal Dendearen oinarria.


2013ko jarduerak

Euskal Dendearen arduretako bat bisitariak artisautza tradizionalean sartzea da. Asmoa baita antxinako lanbideak ezagutarazotea eta horreetan sakontzea. Horregaitik, zuzeneko erakustaldiak izaten dira urtero, horixe baita, azokearen zutabeetako bat.

Kontuak kontu, azoka-lekuan egurragaz lotutako hainbat ekintza izango dira, beteak beste, materialak ezagutzeko ikastaroa, Zur Berriko Jorge Garciak emongo dauena. Bestalde, Roman Adurizek egurrezko kateak zelan egiten diran erakutsiko dau.

Forja-lan artistikoaren erakustaldia Nafarroako Forjas Brun-eko forjaren interpretazino zentroko kideek egingo dabe. Europako beiraren putz-egile entzutetsuenetarikoak be izango dira, Gipuzkoako Argia Badagoko kideak. Eltzegintzako erakustaldi eta praktikak Loitz Ceramica, Susko Zeramika, Carmen Perez eta Bego Rojo bizkaitarren eskutik etorriko jakuz.

Karameluak eta papiroflexia egiteko tailerrak be izango dira, txikienentzat zein helduentzat.

Aurtengo aukera garrantzitsuenetakoa biosorkuntza tailerra izango da. Bertan intsektuentzako habitat desbardinak egiteko prozesua erakutsiko da. Holan, naturea eta artisautzea espazio berean batuko doguz. Sondikatik jatorku jarduera aitzindari hori, DPM Innovación enpresearen eskutik.

Era berean, Euskal Dendearen lau egunetan, artisau despistatua lehiaketan parte hartu ahalko dabe bisitariek eta eurek hautatuko dabe zein izan dan erakustoki onena.


Artetsu sariak

2005ean izan zan Artetsu sarien lehenengo edizinoa, Arbaso alkartearen hamargarren urteurrenagaz batera. Sarion bitartez, banakakoen edota erakundeen lana aintzat hartzea da asmoa.

Horregaitik, zentzu guztietan artisautzearen alde egiten daben artisauak, erakundeak eta hedabideak saritzen ditue. Bederatzigarren edizino honetako Artetsu saridunak honakoak izango dira:

- Bizitza osoa: Forjas Brun.
- Erakundeak lagun: Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomia Sustatzeko Saila.
- Hedabideak: Gara.
- Gure tradizinoak zabaltzea: Bertsozale Elkartea.
- Euskerearen sustapena: Kontseilua.

Sariak emoteko galea abenduaren 5an, eguenean, egingo da San Agustín Kultur Gunean, arratsaldeko 19:30ean. Sariaren ikurra esku bat da, gai eta tresna nahitaezkoa, ezinbestekoa artisautzan jarduteko. Beiraz eginiko alegoria bat da, gardentasuna, argia, ardura eta lan-zehetasunarena. Egilea, Bilboko Iker Sanz da, Iger by Aker artisau-tailerrekoa.


Ordutegia:

Goizez, 11:00 - 14:30
Arratsaldez, 16:30 - 21:00.
Eguaztena 5, 19:00ak arte.
Domekea 8, 20:00ak arte.


Sarrerearen prezioa: 1,30 €

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu