Barre-algarak Myanmarreko erregimenaren kontra

Zigor Aldama 2013-11-29 14:14   Bidaide

Moustache Brothers zuzenean ez badozuz ikusi ezin esan Mandalayn egon zarenik. Handinahiko eslogana izan daiteke kontuan hartuta aitatu komiko taldearen emonaldiak Myanmarreko bigarren uri garrantzitsuenean, jausteko zorian dagoan bizitegi-auzo bateko garaje ugerdoan izaten dirala. Edozelan be, bibotearen anaiok uriko ikur bihurtu dira.

Moustache Brothers zuzenean ez badozuz ikusi ezin esan Mandalayn egon zarenik. Handinahiko eslogana izan daiteke kontuan hartuta aitatu komiko taldearen emonaldiak Myanmarreko bigarren uri garrantzitsuenean, jausteko zorian dagoan bizitegi-auzo bateko garaje ugerdoan izaten dirala. Edozelan be, bibotearen anaiok uriko ikur bihurtu dira. 1996. urtean, taldeko kide bi kartzelara bialdu zituen gaur egun oposizinoko buru eta Bakearen Nobel Saria jaso eban Aung San Suu Kyi-ren etxean egindako ekitaldian, Batzorde Militarra barregarri ixtearren. Ordutik umorea eta jantza tradizionalak buztartuz gauero saio bi eskaintzen ditue arrakasta handiz.

Halan da be, kartzelaldiaren pasadizuak ez dau isildu Moustache Brothersen jarrera kritikoa, izan be, 1962tik Myanmar zaharrean agintzen dauen erregimen militari kritika gordinena egiten deutson taldea da. 2010ean, militarrek euren uniformeak gorde, kaleko jantzi eta iruzur hutsa izan ziran hauteskundeak deitu zituen baina ordutik hona gauzak ez dira aldatu; horregaitik biboteari eusten deutson kide bakarra, Lu Maw gogor azaltzen da beti saioetan eta Myanmarreko errealidadea lau haizetara zabaltzen ahalegintzen da. Kontua da ze ikusleen artean normalean ez dala Myanmarreko herritarrik izaten. Bildur gara gobernuak gure taldearen eta ikusleen kontra be neurri zorrotzak hartu leikezalako azaldu dau dau Lu Maw jn.ak.

Sasi-ingelesez, beste hizkuntza batzuetako berbak tartean dirala, ikuskizunera hurreratu diran hamar bat lagunen aurrean, umorea eta ironia gordina erabiliz, herrialdean diran arazo eta gorabeheren barri emoten hasi jake. Behin nire lagun batek dirutzea gastau eban eta bizia be arriskuan jarrita, Tailandiara joan zan legez kanpo. Han, dentistearengana joan zan eta medikuak harrituta, enpaste bat baino ez egiteko ia zelan arriskatu zan horrenbeste galdetu eutsonean, erantzuna ederra izan zan: Myanmarren ezin dogulako ahoa zabaldu.

Gatz handirik bako txisteak ez dira broma Mandalayn, herrialdeak munduko demokratizazino prozesu itxaropentsuenetakoa bizi dauela autortu arren. Prozesu horretan, puntu bi nabarmendu behar dira: batetik, 2015eko hauteskunde libreak, Konstituzinoak parlamentuaren laurena Armadearen esku ixten jarraituko badau be; bestetik, urte amaierarako preso politiko guztien askatasuna. Komikoek, ostera, ez dabe sinisten agintarien jarrera demokratiko horretan. Nire anai eta taldeko buru Par Par Lay-k ia 8 urte emon zituan kartzelan ikuskizunetan parte-hartzeagaitik eta joandako martian hil zan kartzelan edandako metal astunak zituan uragaz kutsatuta salatu dau Lu Mawek.

Arriskuak eta bildurrak ez ditu kikilduko Lu Maw, ezta bere lehengusu Lu Zaw be. Babes handia sentiduten dabe eta gaur egun euren emazte eta seme-alabek be parte hartzen dabe ikuskizunetan; batzuetan hiru urteko lobeak be parte hartzen dau. Orain 64 urte dodaz eta familia da nire ardura nagusia baina ikuskizunagaz heriotzara bitartean jarraitu gura neuke, hori bai, laster ez izatea espero dot. Publikoari beste arrazoi bat emoten deutso: Myanmarren injineruek eta arkitektoek ez dabe etorkizunik. Onena trafikoko polizia izatea da, izan be, kaskoa donazinoak jasoteko tresna egokia da. Albotik pasetan diran guztiek gitxienez mila kyats ixten ditue bertan dino barre algaraka Lu Mawek mikrofonoa zarata arraroak egiten hasten danean; hori bai, argi adierazoten deutse: Txinan egindako tramankulua da, lehen aitatu jarrera demokratikoagaitik eta ez Myanmarreko baliabideakaitik gobernuagaz ondo konpontzen dan herrialdean egindakoa.

Ikuskizuneko txisteetan ugari dira herrialdeak bizi dauen ustelkeria giroaren ganeko erreferentziak zein esklabutzearen pareko baldintzatan lan egiten daben lagunena baina, halan da be, itxaropentsu azaldu da Lu Maw: Egia da prentsan, berbarako, aldaketea atzeman dogula, aldaketa positiboa; egun posible da Aung San Suu Kyi-ren ganean berba egitea. Orain urte batzuk hori pentsaezina zan. Berbea emon deuskue hauteskunde libreak egingo dirala eta, beraz, zain gagoz agintaritzea noiz hartuko. Oraingoz aulkia, jesarlekua lortu dau parlamentuan baina oraindino ez dauka aginpiderik eta ezin dau askatasunez berbarik egin. Aginpidea jasoten dauenean, benetako aldaketak espero doguz. Baina leitekeana da ustelkeriaren atzaparretan jausi eta orain arteko moduan jarraitzea. Hori jasoko balitz hari buruzko txisteak egiten hasiko ginateke....

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu