Beste sei hizkuntzatan itzulita aurkeztuko dabe Linguae Vasconum Primitiae abenduaren 3an

Bizkaie! 2013-11-29 10:22   Kulturea

Eusko Legebiltzarrak eta Euskaltzaindiak Bernard Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae euskeraz inprimidu zan lehen liburuaren edizino barri bat aurkeztuko dabe abenduaren 3an, Euskerearen Nazinoarteko Egunean, txinerara, arabierara, kitxuerara, errumanierara, katalanera eta galegora eginiko itzulpenakaz.

Eusko Legebiltzarrak eta Euskaltzaindiak Bernard Etxepareren Linguae Vasconum Primitiae euskeraz inprimidu zan lehen liburuaren edizino barri bat aurkeztuko dabe abenduaren 3an, Euskerearen Nazinoarteko Egunean, txinerara, arabierara, kitxuerara, errumanierara, katalanera eta galegora eginiko itzulpenakaz.

Euskaltzaindiaren eta Eusko Legebiltzarraren edizino honi esker, 1545ean argitara emon zan poema liburua, ezagutzen dan inprimidutako euskerazko lehen argitalpena, orain galegoz, katalanez, errumanieraz, arabieraz, txineraz eta kitxueraz irakurri ahal izango da.

Eusko Legebiltzarreko Mahaiak joan dan martian onartu eban hizkuntza horreetara be itzultzea Etxepareren bertsoak. Erabagi hori Euskaltzaindiak eta Eusko Legebiltzarrak izenpetutako lankidetza hitzarmenaren barruan dago, eta horri esker, 2011ko abenduan, Linguae Vasconum Primitiae liburuaren faksimileaz gan, gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, alemanez eta italieraz be eskaini zan.

Orain, euskeraz inprimidutako lehenengo liburua beste sei hizkuntzatan be plazaratuko dabe Eusko Legebiltzarrak eta Euskaltzaindiak, gure artean presentzia handiena daben hizkuntza erkidegoetako hizkuntzetan, hain zuzen be.

Linguae Vasconum Primitiae lanaren edizino barria aurkezteko ekitaldia abenduaren 3an egingo da, Euskerearen Nazinoarteko Egunean, goizeko 11:00etan, Eusko Legebiltzarreko Tomas Moro aretoan, Gasteizen. Aurkezpenak Babel txiki bat bihurtuko dau Eusko Legebiltzarra, hizkuntzakaz osotutako itsaso txiki bat, izan be, Etxepareren bertsoak euskeraz eta beste hamaika hizkuntzatan be entzun ahal izango dira, azaldu dabe Legebiltzarreko eta Euskaltzaindiko iturriek.

Ekitaldian izango dira Eusko Legebiltzarreko presidente Bakartxo Tejeria, Andres Urrutia euskaltzainburua eta Xabier Kintana Akademiako idazkari eta edizino barriaren arduraduna. Xabier Kintanak, bere berbaldia amaitzeko, euskeraz irakurriko dau Kontrapas poemea.

Irakurketa hori osotzen izango dira liburuaren itzultzaileak izan diran Joan Marti i Castel (katalana) Manuel Gonzalez (galego), Delia Mihaela Cristea (errumaniera), Fang Xiao (txinera), Shaalan Hares (arabiera) eta, kitxuerazko itzultzaileak bertaratzerik ez dauenez, Veronica Yuquilema Mondragon Unibersidadeko ikaslea.


Babel txikia

Eusko Legebiltzarrean Babel txiki bat eregiteko lana amaitzeko, Mikel Morris, Karmele Jaio, Julia Brade, Simon Lambert eta Giovanni Zanonen bideoek aukerea emongo dabe Kontrapas entzuteko ingelesez, gaztelaniaz, alemanez, frantsesez eta italieraz. Holan, Etxepareren Kontrapas poemea 12 hizkuntzatan aurkeztuko da.

Aurkezpen ekitaldia amaitzeko Xabier Leteren eta Erramun Martikorenaren ahotsak entzungo dira, eurek testu horrezaz egindako musika-egokitzapen ezaguna kantetan.

Babel txiki horretan, Jean Haritschelharren irudien bidez gogoratuko da euskaltzainburu izan zana, joan dan irailaren 1ean hildakoa. Izen handiko gizona, Euskaltzaindiaren lana gidatu, bultzatu eta sendotu eban haren buru izan zan 14 urteetan.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu