Myanmarreko erregimenaren zentzunik bako bunkerra

Zigor Aldama 2013-11-15 14:48   Bidaide

Egunez Naypyitaw uriburuan ez dabil arimarik be. 2005eko amaieran hasi ziran eregiten erregimen militarra eta menpekoak bereizteko asmoz eta gaur egun gitxi dira Myanmarreko uriburu barria kiskaltzen dauen eguzpipean ausartzen diranak. Eregite lanak ez ditue amaitu baina Batzorde Militarrak aurreikusitako miloe bat biztanleko kopurua ez da inon agiri.

Ministerio bat hemen eta kilometro bi harago beste bat. Hori guztia ezerezaren erdian. Hori bai bata eta bestea lotzeko 12 erreidun etorbideak eta bost izarretako hotel eta saltoki-gune surrealistak bide bazterretan. Egunez Naypyitaw uriburuan ez dabil arimarik be. 2005eko amaieran hasi ziran eregiten erregimen militarra eta menpekoak bereizteko asmoz eta gaur egun gitxi dira Myanmarreko uriburu barria kiskaltzen dauen eguzpipean ausartzen diranak. Eregite lanak ez ditue amaitu baina Batzorde Militarrak aurreikusitako miloe bat biztanleko kopurua ez da inon agiri. Eraikinetako baten administratzaileak autortu dauenez, Gobernukide eta funtzionarioentzako uria baino ez da.

Gauzak holan dirala, prezioak zentzunik bakoak dira eta garraio publikorik ez dago. Herrialdeko uri nagusi biak, Yangon uriburu zaharra eta iparreko Mandalay, antzeko distantziara dituan egungo uriburu Naypyitawen persona klase bi baino ez dagoz, batetik, hara eta hona kamioietan pilatuta joaten diran azpiegituretako beharginak eta, bestetik, kotxe karuetako kristal baltzen atzealdean ezkutatzen diran politikariak. Aitatu kotxeek Myanmar birbataiatuaren bandera barria daroe aurrealdean baina zoritxarrez, ustelkeria handieneko herrialdeen arteko buru baino ez da sailkapen guztietan.

Lautada berde zabalean sakabanatutako ministerioetan eta Parlamentuaren eraikin ikusgarrian atzera eta aurrera agintariak baino ez dabilz, izan be, herritarrak ezin dira hurreratu be egin, kilometro erdiko distantzia da agintariek ezarritako mugea. Herrialdera heltzeko beren-beregi eregitako aireportu erraldoia dago baina konnotazino politikoakaitik eta jasoten dituan hegaldi komertzialen kopuruagaitik Castelloko aireportuaren antz handia dauka...

Myanmarreko agintariak sano isolatuta eta baztertuta dagoz, izan be, beste herrialde batzuetako ordezkaritza diplomatikoek eta Nazino Batuetako agentziek ez dabe egoitzarik zabaldu uriburu barrian. Ez dau inork hemen ordezkaritzarik ezarri gura, ez dagoelako ezer egiteko autortu dau funtzionario batek.

Isolamendu hori, berez, negatiboa izan daitekeela pentsau arren, oposizinoko alderdi politiken eretxiz sano positiboa da erregimenaren interesetarako. Oso ona da ustelkerian dabilzanentzako. Naypyitaw uriburura proiektuen garapenerako baimenak behar dituen enpresariak baino ez doaz eta disimulurik bako begiradak ez egotea eta lujo handiko areto ugari egotea erabagiorra da azpijokoetan nasai ibili eta arazorik ez izateko azaldu dau Brave Burma erakundeko U Byand Kyaw-ek. Espero dot egungo gobernuak 2015eko hauteskundeak galtzen baditu uriburutza Yangon uriari bueltetea, horixe baita logikoena eta ez kokapen estrategikoaren atxakiagaz izentautako Naypyitaw. Pena da uriburu barrian gastautako dirutza guztia.

Handigurako parlamentua baina demokrazia gitxi lemea egokia da 2010eko hauteskundeen osteko transizino politikoaren prozesua deskribiduteko. Eta egoera horren erakusgarri Naypyidaw uriburua bera dago, izan be, Thein Sein buru dauen gobernuari abenduaren 11tik 22ra, Asiako Hego-ekialdeko Jokoen 27. edizinoa bertan antolatzea otu jako, uriburuaren ospe txarra desagertarazoteko asmoz. Asiako kontinenteko herrialde behartsuenetakoa dan Myanmarren milazak lagun batuko dira, herritarren % 26 inguruk egunean dolar bat edo hortik behera irabazten dauen bitartean. Datu zehatza inork be ez dakien arren, agintariek miloeka euro gastau ditue eta adituen ustez, orain pare bat urteko Indonesiako hitzorduan gastautako 300 miloe euroak txiki geratuko dira Myanmarren.

Aitatu dirutza horregaz guztiagaz dozena erdi estadio dotore egin ditue baina jokoak amaitu ostean, ez dabe ezertarako balioko. Gobernua itsu-itsuan dabil dirutzak gastetan eta zentzunik bako erabagiak hartzen 2015eko hauteskunde orokorretan herritarren zigorra jaso baino lehen. Aitatu hauteskundeetan Aung San Suu Kyi aurkeztuko da 1990eko hauteskundeetan erraz irabazi arren, batzorde militarrak emoitzak onartu ez eta 10 urte inguru preso euki ostean. Aginpidea galdu baino lehen ahal daben guztia ostuten dabilz adierazo dau Kyaw-ek. Aginpidea herriari ixteak, antza, prezioa dauka eta agirikoa da karuegia izango dala.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu