Landakotik harago Durangoko Azokeak jarduerez beteko dau Durango
2013-11-14 14:55 KultureaDurangoko Euskal Liburu eta Diskoen Azokea izatetik, Durangoko Azokea izatera pasau da aurten; izen laburragoa, baina era berean zabalagoa. Gainera, Kulturaren plaza leloa atxikita izango dau. Gune guztiak plaza horren parte baitira: Areto Nagusia; Ahotsenea; Kabi@; Irudienea; Plateruena; Saguganbara; eta Szenatokia.
Durangoko Azokako guneen nobedade nagusienak aurkeztu ditue gaur goizean Nerea Mujikak, Gerediagako lehendakariak, Arrate Illarok, Irudienea guneko arduradunak, eta Oihane Barrutiak, Saguganbarako arduradunak.
Areto Nagusia, Ahotsenea, Kabi@, Irudienea, Saguganbara, Plateruena eta Szenatokia guneek hainbat diziplinatako programazino oparoa antolatu dabe, eta horreei Azoka TV espazioa be gaineratu behar jake, azokan gertatzen dana bertatik bertara eskaintzen dauelako pantaila erraldoian, eta tokian tokiko telebistetan.
Pasa dan hilean iragarritako moduan, Durangoko Euskal Liburu eta Diskoen Azokea izatetik, Durangoko Azokea izatera pasau da ofizialki. Izen laburrago, baina era berean zabalagoa. Gainera, Kulturaren plaza leloa atxikita izango dau. Gune guztiak plaza horren parte baitira: Areto Nagusia, Hitzaren plaza: Ahotsenea, Sortzaileen plaza; Kabi@, digitalaren plaza; Irudienea, ikus-entzunezkoen plaza; Plateruena, Kontzertu handien plaza; Saguganbara, Txiki eta Handien plaza; eta Szenatokia, Arte eszenikoen plaza. Zabaltzen jarraitzea da orain asmoa, Nerea Mujikaren berbetan. Durangoko Azokako kulturearen plaza hori Durango osora zabaldu nahi dogu. Azoka uria deitzen deutsagu asmo honi, eta Durangoko hainbat espazioetan kultur eskaintzea osotzea da helburua. Holan, azoka bera indartu eta aberastuko dala uste dogu. Eskaintza oparoagoagaz, eta alkarlan handiagoagaz.
Asmo horregaz, azokea inoiz baino leku gehiagotara zabalduko da, Landakotik San Agustin Kultur Guneraino zabalduko da, Zugaza zinema aretotik pasauta. 700 metroko tartea dago guztien artean, eta oinez 5 minutu inguru dira batetik bestera.
Esangura horretan, Oihane Barrutiak, Saguganbara guneko arduradunak, bisitariarentzako ibilbidea proponidu dau. Euskal kulturearen arloak eta diziplinak ezagutzeko ibilbidea dalako guneek osotzen dabena. Areto Nagusian idazlearen ahotik bere azken lanaren barri jasoko dau bisitariak. Zuzeneko emonaldiak entzungo ditu, barriz, Ahotsenean. Tailer batean parte hartuko dau Kabi@-n, edo Saguganbaran seme-alabakaz beste ekintza batean parte hartuko dau. Gainera, euskerazko pelikula edo antzezlan bat ikusteko aukerea izango dau Irudienean edo Szenatokian. Horregaz nahikoa ez, eta gauean kontzertuak be eskainiko dira Plateruenan. Hau da, egun osoan zehar euskal kulturaz gozau eta biziteko aukerea egongo da Durangoko Azokan.
Ikasleen egunaren arrakasteari buruz be egin dau berba Barrutiak. Ikastetxeetan oso harrera beroa izan dau proposamenak, eta ganezka egin dogu. 40 ikastetxetik gora dira izena emon dabenak, eta azkenean, zozketa bidez 22 ikastetxeri esan deutsegu baietz. Beraz, abenduaren 5eko Ikasleen egunean 950 ikaslek hartuko dabe parte.
Irudienea, Ikus-entzunezkoen plaza
Euskerazko zinemagintzearen erakusleihoa da Irudienea, eta aurten aldaketa pausu handia emongo dau, Landakotik Zugaza zinema aretora pasauko dalako. Aretoak 100 ikusleentzako lekua dauka, eta azokatik 150 metrora dago. Holan, emonaldiek kalidadean irabaziko dabe, eta sortzaile eta ikusleek aukera gehiago izango dabe, emonaldiak, tertuliak eta mahai-inguruak antolatu dituelako. Esaterako, Jon Garaño eta Jose Mari Goenaga (80 egunean) zinemagileak egongo dira Loreak Errepidean filmaren aurrerapena egiteko, Goenkaleren TV movie bat aurre-estreinauko da, aktoreen parte-hartzeagaz. Egitarauaren barruan, adibidez, Amaren Eskuak eta Emak Bakia filmak emongo ditue, besteak beste.
Ahotsenea, Sortzaileen plaza
48. edizino honetan lekuz aldatuko dan bigarren gunea da Ahotsenea. Landako erakustazokearen eta Montevideo kalearen artean kokatuko dabe karpea, trenbidea zeharkatuta. Bi espazio izango ditu, ohiko legez. Batean, autoreek euren lanari buruz berba egin ahal izango dabe, eta bestean, zuzenean aurkeztuko ditute aurtengo nobedadeak. Gainera, edizino honek berebiziko arrakastea izan dau sortzaileen artean, izena emoteko epea zabaldu eta 48 ordu eskasera bete zituelako aurkezpenetarako zerrenda guztiak. Holan, 40 emonaldi inguru eskainiko dira Ahotsenean, eta beste hainbeste liburu aurkezpen egingo dira. Taula gainetik pasauko diranen artean: EH Sukarra, Irati Jimenez, Mikel Markez, Kirmen Uribe, Mikel Urdangarin eta Rafa Rueda, Mursego, Alex Sardui, Aingeru Epaltza, besteak beste.
Areto Nagusia, Hitzaren plaza
Euskal kulturearen zabalkunderako gunea da Areto Nagusia, eta batez be liburuak aurkeztuko ditue bertan. Horrezaz gan, mahai-inguru, berbaldi eta prentsaurrekoetarako lekua be izango da. Erakustazoka barruan egokitutako areto hau Gerediaga Elkarteak koordinetan dau.
Saguganbara, Txiki eta Handien plaza
Berbaro alkarteak koordinauta, Landako plazako Elkartegian dago Saguganbara, eta hiru espazio ditu: Sarrerea, Areto Handia eta Areto Txikia. Familia osoari eskainitako espazioa da, kulturearen transmisinoa eta irakurketa aktiboa lantzeko, hizkuntzeagaz jolastuz. Berbaro izan da, era berean, Ikasleen eguna koordinetako ardurea hartu dauena.
Plateruena, Kontzertuen plaza
Kafea edota mokaua hartuz, sortzaile eta bisitarien topaleku izateaz gan, kontzertu handienak be hemen izaten dira. Plateruenak Ruper Ordorikaren kontzertuagaz hasiko dau programazinoa, zemendiaren 29an, eta hortik aurrera talde honeek igoko dira agertokira, besteak beste, Su ta Gar, Urtz, Kauta, Korrontzi…
Kabi@, Digitalaren plaza
Kultura digitalaren plaza izanik, azken hileotako teknologia proiektuak aurkezteko gunea da. Gai honen inguruko berbaldiak, tailerrak, jokoak edo mahai-inguruak antolatu ditue. Esaterako, bi berbaldi-tailer eskainiko ditue: irrati edota hedabide libre batean zelan programau, kudeatu eta mobilera eroan, edota 3D inprimagailuak hezkuntzan.
Szenatokia, Arte eszenikoen plaza
Euskerazko antzerkigintzearen eremua da. San Agustin Kultur gunean dago kokatuta, eta euskal antzerkigileei urtean zehar egindako lana plazaratzeko aukerea eskaintzeaz aparte, ikuslegoagaz be hartu-emon zuzenak izateko aukerea emoten deutse. Adibidez, antzerki maratoiaren egunean, obra zati bakotxaren ostean antzezleek eta ikusleek pintxoa eta txakoliña konpartiduteko aukerea eukiko dabe.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!