Rock eta jazz doinuak, Jexuxmai Lopetegiren 'Errekan gora' behar barrian
2013-11-12 09:50 MusikeaJexuxmai Lopetegiren seigarren diskoa da Errekan gora (Baga-biga). Hamalau kanta barri batu ditu musikari zarauztarrak, eta rocka nagusi izan arren, jazz doinuak be gehitu ditu.
Jexuxmai Lopetegiren seigarren diskoa da Errekan gora (Baga-biga). Hamalau kanta barri batu ditu musikari zarauztarrak, eta rocka nagusi izan arren, jazz doinuak be gehitu ditu.
Naturea da diskoko gai nagusia, hori dau-eta inspirazino iturri garrantzitsuena. Kanta gehienak Lopetegik berak idatzi ditu, baina badira beste egile batzuen berbak bere, besteak beste, Joseba Sarrionandiaren testu bi, Jon Benitoren Bulkada liburuko olerki bat eta Pako Aristiren testu bat.
Bila dabil, esploratzaileen antzera, Jexuxmai Lopetegi, idea hori azaltzen dau disko barriaren izenburuak. Musikan, bizitzan lez -dino- bila ibilten gara, askotan zer topatuko dogun oso zehatz ez badakigu be. Esploratzailearen espiritua da gurea, eta horrek eroaten gaitu errekan gora.
Erritmo aniztasuna nabaria da kantetan, rock espirituagaz batera, country, jazz, balada eta balsa entzun daitekez. Kanta bakotxak bere espazio propioa dauka, bere oihartzunak ditu beragaz, bere nortasuna. Erritmoen sailkapenaren kontua delikadua da, adierazo dau Lopetegik.
Kantari zarauztarrak betiko kideak izan ditu alboan disko honetan be: David Etira (bateria), Satxa Soriazu (tekladua), Aitor Arozena (bajua) eta Xanet Arozena (gitarrea). Unai Moraza soinu teknikariak grabau, nahastau eta masterizau dau Errekan gora diskoa Zarautzen, Noizbehinka estudioan. Antton Olariaga marrazkilariak egin dau diskoaren azaleko irudia.
Durangoko Azokako Ahotsenea gunean saioa eskainiko dau Lopetegik; abenduaren 6an, 16:30ean.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!