IXA taldeak 25 urte bete ditu

Bizkaie! 2013-11-06 10:24

Euskal Herriko Unibersidadeko Informatika Fakultadean sortu zan IXA Taldea orain 25 urte. Diziplinarteko taldea da gaur egun, izan be 32 informatikarik, 8 hizkuntzalarik eta ikerkuntzarako teknikari bik osotzen dabe. Zemendiaren 6an eta 7an jarduerak antolatu ditue, urteurrena ospatzeko.

Euskal Herriko Unibersidadeko Informatika Fakultadean sortu zan IXA Taldea orain 25 urte. Diziplinarteko taldea da gaur egun, izan be 32 informatikarik, 8 hizkuntzalarik eta ikerkuntzarako teknikari bik osotzen dabe. Zemendiaren 6an eta 7an jarduerak antolatu ditue, urteurrena ospatzeko.

Gaur, zemendiak 6, 15:30ean, Donostiako Informatika Fakultadean The role of Computational Linguistics In Language Engineering — with examples from a task of inferring tumour staging from imaging reports berbaldia eskainiko dau Jon Patrick Australiako Health Languages Laboratories-eko kideak. Berbaldia edegia da gura dauenarentzat.

Eguenean be Jon Patrick-ek berbaldia egingo dau, 18:30ean, An Ixa History of Computational Linguistics izenburukoa. Ostean, Ixak 25 urte bideo-emonaldia izango da, eta amaitzeko, Ixa: barne-hotsa eta oihartzuna gaiaren ganeko mahai-ingurua. Miren Azkarate (Euskal Herriko Unibersidadea, Euskaltzaindia), Mans Hulden (Helsinkiko Unibersidadea) eta Xabier Arregi (Ixa taldea) izango dira hizlariak. Egueneko ekitaldietarako beharrezko da gonbidapena, horretarako ondoko helbidera idatzi behar da: ixa@ehu.es

Bestelako ekintzak be atondu ditu IXA taldeak, hemen kideen proposamena: Txio bat bialdu #ixa25 erabilita. Edozerk balio dau: agur bat, zorionak emon, anekdota labur bat kontau, taldekoekaz izandako harremanaren barri emon.... Hizkuntza-teknologia giza komunikazinoa hobetzeko tresna lez ulertzen dabenen komunitatearen argazki informal bat egin gura dabe.

Euskerearen ganeko ikerketa aplikaua da IXAren helburu nagusia, baina beste hizkuntzen inguruko ikerketa eta produktuen garapena be lantzen ditue. Hainbat taldegaz batera dabilz lanean, besteak beste, Aholab ikertaldea, Eleka, Elhuyar, Vicomtech, Robotiker, Plazagune, UZEI, UEU eta Euskaltzaindiagaz.

Urteotan, 60tik gora proiektu, 20tik gorako tresna eta aplikazino, 23 tesi, eta 300 artikulu argitaratu ditue jakintza-arloko kongresu eta aldizkari garrantzitsuenetan. Euskerarako hain beharrezkoak eta onuragarriak izan daitekezan sistema (erdi)automatikoak garatzea da gure helburua, azaltzen dabe.

Taldeak garatutako produktuen artean aitagarrienak Xuxen zuzentzaile ortografikoa, OpenTrad itzultzaile automatikoa, Euskal Wordnet, Zientzia eta Teknologiako Corpusa (ZT corpus) edo sintaktikoki etiketatutako corpusa (EPEC) dira.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu