Bilboko Bidebarrietako Liburutegiak emakume zientzialarien lana ezagutarazoko dau zemendiko eguenetan

Bizkaie! 2013-11-06 10:06

Bidebarrieta Kulturguneak zientziaren zabalkunderako berbaldi zikloa jasoko dau zemendiko eguen guztietan; Emakumeek zientzia egiten dabe izenburupean, garai guztietako emakume ikerlarien lana ezagutarazo nahi da. Emakume horreetako batzuk erabat baztertu zituan historiak, Zientziari ekarpen handiak egin eutsiezan arren.

Bidebarrieta Kulturguneak zientziaren zabalkunderako berbaldi zikloa jasoko dau zemendiko eguen guztietan; Emakumeek zientzia egiten dabe izenburupean, garai guztietako emakume ikerlarien lana ezagutarazo nahi da. Emakume horreetako batzuk erabat baztertu zituan historiak, Zientziari ekarpen handiak egin eutsiezan arren.

Lan saioak Bidebarrietako Liburutegiko ekitaldi aretoan izango dira, arratsaldeko 19:30etik aurrera.

Zikloa eguen honetan, zemendiaren 7an, hasiko da, eta Florence Nightingale (1820-1910) erizain, idazle eta estadistikari britainiarrari egongo da eskainita. Erizaintza modernoaren aitzindarietako bat da, erizaintzako lehenengo eredu kontzeptualaren sortzailea. Florence Nightingale, erizaina eta estadistikari izenburupean, topaketa horretan Txaro Uriartek, Euskal Herriko Unibersidadeko (UPV-EHU) Erizaintza Eskolako irakasleak, eta Arantza Urkaregik, Matematika Doktoreak eta UPV-EHU-ko Zientzia eta Teknologia Fakultadeko irakasleak, hartuko dabe parte.

Laborategiko emakumeak. Bizarrik bako zientzia da ondorengo berbaldiaren izenburua. Hitzordua zemendiaren 14an izango da, eta María José Casado Ruíz de Loizagak, Informazinoaren Zientzietan eta Historia Modernoan eta Garaikidean lizentziatuak eta Muy Interesante aldizkariko zuzendari ohiak, eskainiko dau.

Zientziaren historiako emakume ezagun bakarra Marie Curie izan da, baina badagoz orain 4.000 urtetik gizateriaren aurrerapenaren protagonista izan ziran arren erabat ezezagunak diran emakume zientzialari asko. Oso gitxik dakie lord Byron poetearen alabea ordenagailuen aitzindaria izan zala, mundua aldatu eban fisio nuklearra Lise Meitner austriarrak topau ebala, edo Rosalind Franklin fisikari ingelesa izan zala DNA molekula bati lehen aldiz argazkia atara eta haren egiturea erakutsi eban lehenengoa. Aurkikuntza horreei esker Nobel sariak irabazi zituen, baina aintzatespena ez eben emakume horreek jaso, euren lankide izan ziran gizonezkoek baino. Laborategiko emakumeak. Bizarrik bako zientzia berbaldia, anonimoak izan diran zientzialari handien bizitza eta aurkikuntzak ezagutzeko aukera parebakoa da.

Zemendiaren 21eko berbaldiaren izenburua Emakumeak zientzian: nork idazten dau historia? izango da, eta protagonistea Enma Sallent del Colombo, Zientziaren Historian Lizentziatua eta Bartzelonako Unibersidadeko irakaslea izango da.

Gizon trabestituak, gizon itxurakoak, erabat urduriak, behar baino lehen zahartuak eta gaixoak, degeneratuak, naturearen kontrakoak eta zeozelan hermafroditak, horreek dira Gino Loriak (1862-1954), matematikari eta matematiken historialariak emakume matematikariei buruz berba egiteko orduan erabili zituan kalifikatzaileetako batzuk. Adibide batzuetan oinarrituta, Enma Sallent del Colombok –Societat Catalana d'Història de la Ciència i de la Tècnicaren, Institut d’Estudis Catalans izenekoaren filialaren, presidenteak–, emakume zientzialariek zientziaren historiaren eraikuntzan bete daben lana eta lekua baloretako eta agirian ixteko dagozan zailtasunei buruzko gogoetea egingo dau bertaratuko diran ikus-entzuleakaz batera.

Emakumeek zientzia egiten dabe zikloa zemendiaren 28an amaituko da, Mary Leakey (1913-1996) antropologo britainiarrari eskainitako berbaldiagaz. Mary Leakeyk, beste zientzialari batzuekaz, simio fosil baten lehenengo buruhazurra topau eban Rusinga ugartean (Kenia). Mary Leakey: zientzialari aitzindariaren lidergoa itzalean berbaldia, Carolina Martínez-Pulidok, Biologian doktoreak eta La Lagunako Unibersidadeko (Tenerife, Kanariar Ugarteak) irakasleak, emongo dau.

Mary Leakey indusketa lanetan ibili zan 1983ra arte. Urte horretan, Nairobi kanpoaldean eukan etxera erretirau eta bertan hil zan. Afrika ekialdean bizi izandako kontakizun herrikoi asko idatzi zituan, baita Tanzanian ikusi eban harkaitz gaineko margoei buruzko liburu ederra be, berak idatzia eta marraztua. 1984an bere autobiografia idatzi eta arrakasta handia lortu eban. Bere bizitzan ohorezko doktoretza ugari eta sari garrantzitsuak irabazi zituan, horreen artean, Zientzia Biologikoei egindako ekarpenagaitik jasotako Linneoko urrezko domina ezaguna.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu