Deusto herri independentea zan
2025-07-07 10:35 Antxinakoak Geurera1924ko urriaren 29ko errege dekretu baten bidez Deusto Bilboko auzo bihurtu zan.

Gaur egun Deustora joaten garenean Bilbora joaten gara, izan be, egun Deusto Bilbo udalerriko distritu administratibo bat da. Deustoar askok zubia zeharkatu behar dabenean, Bilbora noa esaten dabe. Deusto nahiko barruti handia da, hainbat auzo baitagoz, San Inazio, Elorrieta, Arangoiti, Ibarrekolanda eta San Pedro de Deusto-La Ribera. 48.000 lagun inguru bizi dira. Dana dala, 1925. urtera arte, orain dala mende batera arte, Deusto herri independentea zan eta udaletxe propioa eban. Begoñak be urte horretan bere autonomia galdu eta Bilboren parte bihurtu zan. Deusto, Begoña bezela, eleizate bat izan zan. Erdi Aroan eta Aro Modernoan zehar Deustok Gernikako Juntetxean jarleku propioa eban, beraz, beste herriek legez Bizkaiko kontuetan parte hartzeko aukerea eban baita Gernikan egiten ziran botazino saioetan be.
Aro Modernoan barrena Deustoko zenbait biztanlek parte hartu eben Bizkaiko Jaurerrian izandako gatazka sozial batzuetan, berbarako, matxinadak izenekoetan. Deusto ez zan uribildua, beraz Lurra Lauaren barruan egonda bere lurraldearen barruan Bizkaiko Forua indarrean egoan eta bertan Bizkaiko Forua apliketan zan, beraz, Gaztelatik foruaren kontra etozanei lege bat apliketan saiatzen ziranean korrejidorea edo diputaduak kalte handiena Foruak babesten zituan eleizateko biztanleei egiten eutsen. Bizkaitarren legeen kontrako neurriak hartzen ziranean Deustoar asko altza edo matxinatzen ziran Barakaldoko, Abandoko edo Erandioko biztanleakaz batera. Esaterako, 1631ko eta 1718ko matxinadetan deustoar askok armak hartu zituen. Euren bizimoduari jagokonean mendeetan zehar ibaiaren ondoko deustoarrak arrantzatik bizi ei ziran. Barrualdean, barriz, gehienak baserritarrak izanda ezagunak ziran produziduten zituen tomate eta txakolinagaitik.
XIX. mendean zehar Bilbo zabaltzen hasi zan eta apurka-apurka inguruko zonaldeak irunsten joan zan. Gauzak holan dirala, 1870etik 1890era bitartean Abando eleizate independentea izateari itxi eta Bilboko auzo bihurtu zan; Bilboko zabalkundea, hain zuzen be, XX. mendearen hasieran, batez ere, 1911tik aurrera Bilboko Udala presinoa egiten hasi zan Deusto bereganatzeko. Urte horretan bertan, orduko alkateak, Federico Moyuak, Otaduyk proponidta eskatu eutsen Espainiako Gorteei lege bat egiteko eta onartzeko Deusto eta Begoña bereganatzeko baina ezin izan eben euren helburua momentu horretan gauzatu. Halan da be, 1916an eta 1917an barriro eskatu eban eskaera bera. Ondokoek gogoratzen eben Bilboko Udalak 100.000 biztanle zituala eta horregaitik handitu behar zala. Urte bi horretako eskaeran Barakaldo be Bilbo barruan sartzeko eskatu eben. 1920an gauza bera eskatu eben baina Barakaldo bereganatzeko eskaerea alboratu egin eben. 1920ko eskaeran datu historikoak helarazo zituen Bilboko agintariek. Euren esanetan On Diego Lopez de Harok, Bilboko fundatzaileak, jaiobarria zan uriari (Bilbo uriari) 5 itsas legoako zabalerea edo luzeerea emn eutson. Beraz, Bilborenak ziran Abando, Deusto eta Begoñako lursailak eskuratzea, baina danok dakigun bezela bereganatze hori ez zan gauzatu.
Deustoren erantzuna berehala etorri zan. Eskutitza bialdu eutsen Gobernazino Ministroari Bilbok eskatutakoaren kontra egozala adierazoz eta helarazoten eutsen Bilbok dagoeneko lursail ugari zituala eregi barik eta han hainbat eraikin egiteko mdua egoala Bilboko uriak bere biztanleria bikoizten baeban persona horreek guztiak han biziteko. Bestalde, Deustoko agintariek zehaztu eben Bilbok Deusto bereganatzen baeban eta Bilboko auzo bihurtzen bazan persona aberatsak Abandon eta Zabalgunean biziko zirala eta Deuston, barriz, langile xumeenak eta kasu horretan bardintasun eza handia nabermenduko zala. Bestalde, Bizkaiko Aldundia aspalditik anexinoaren alde azaltzen zan.
1924an gauzak aldatu egin ziran. Deuston eta Bilbon beste alkate batzeuk izentau zituen. Federico Moyua Bilboko alkatea zan eta Cirilo Vallejo Deustokoa. Cirilok bere lehenengo sesioan adierazi eban anexinoa berehala gauzatuko zala eta alperreko zala horren kontra egitea, erabagia Madrilen hartua baitzan ordurako. Beste zinegotziek pena handiz errealidadea onartu behar izan eben. Berehala Deuston botazinoari ekin eutsen eta bat egin zan baina zinegotzi gehienek anexinoaren aldeko botoa emon eben. Alabaina, Deustoko eleizateko sindikoa, Marcos de Orueta, horren kontra agertu zan eta beste akordio bat proponidu eban anexinoa atzeratzeko. Vallejo alkateak erantzun eutson anexinoaren aldeko akordio bat botau eta erabagi ebela eta dagoeneko ezin zala ezer egin, ezta atzera egin be. Orueta bera alkate izentauta izan zan prozesu honegaz harek jarraitzeko eta egin eben lehenengo gauzea izan zan komunikatu bat bialtzea erregeari anexinoaren kontrako erabagia helarazoteko baina lehenago Bizkaiko Gobernadore Zibilari jakinarazo behar eutsen.
Horrezaz gan, beste botazino bat egin eben anexinoaren inguruan eta 13 zinegotzietatik hamarrek Deusto herria izaten jarraitzeko erabagia hartu eben. Holan, Gobernadoreak jakin ebanean lehenengo botazinoaren ondoren, handik bi egunera beste botazino bat egin ebela eretxia aldatzeko, zehatz adierazo eban martiaren 24an egindako botazinoa zala balio eban bakarra eta ez handik bi egunera atzera bota zanekoa. Beraz, gobernadoreak azken botazinoaren erabakia baliobakotu eban.
Orduan deustoarrak 1924ko martiaren 8an anexinoaren kontrako txosten luze bat egin eta aurkeztu eben. Eta auzokideek sinatu ondoren, Gobernazio Ministeriora bialdu eben. Txosten horretan, besteak beste, udalerri bien artean mugea zehatza zala eta ez egoala etxerik muga hori dudan jarten ebana; eta aldi berean deustotar batek be ez egoala Bilboko Udalaren menpean eta ez ebala haren zerbitzurik behar. Dana dala, gero eta eragile gehiago Deustoren anexinoaren alde egoan, Guardia Zibila adibidez. Espainiako poliziaren arabera, Deusto Bilbo barruan baegoan polizia gehiagok jagongo eben. Orduan 4 aguazilek baino ez eben Deustoko eleizatea jagoten. Ondoren Deustuko ordezkariak Madrilera joan ziran agintari espainiarrak konbentziduteko asmoz.
Horregaz batera Deustoko agintariek Bizkaiko udalerriei gutun baten bidez lagunteza eskatu eutsen eta Deustoren alde egiteko be erregutu eutsen baina herri gitxik adierazo eutsen babesa. Baina deustoarren onerako Estaduko Kontseiluaren Komisinoak ondorioztatu eban Begoña Bilbo Udalaren barruan egon behar zala baina ez Deusto. Gobernadore zibila anexinoaren alde egoan eta honek egindako presinoaren ondorioz, baita Bilboko Udalak eta Bilboko prentseak egindako presinoaren eraginez bertan behera bertan itxi eben deustoarren erresistentzia. Azkenean Orueta eta Gaztanaga agintari deustoarrek eta herritar askok egindako erresistentzia alperrikakoa izan zan eta 1924ko urriaren 29ko errege dekretu baten bidez Deusto Bilboko auzo bihurtu zan bere independentzia galduz. 1925eko urtarrilaren 1ean neurria eta anexinoa indarrean sartu zan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!