Nadia Erostarbe surflariak irabazi dau Hegoafrikako Ballito Pro txapelketea

Bizkaie! 2025-07-07 07:46   Kirola

Zarauztarrak eskuratutako Challenger Serieetako lehen txapelketea da.

Nadia Erostarbe. | Ikusi handiago | Argazki originala

Nadia Erostarbek irabazi dau KwaZulu-Natalen (Hegoafrika) jokatutako Ballito Pro txapelketea, lehia biziko finalerdian Sally Fitzgibbons beteranoa eta finalean Yolanda Hopkins portugaldarra kanporauta. Orain arte, Nadiak hirugarren postuak bazituan Challenger Serieetako zirkuituan, surfaren maila gorenaren atarian, hiru aldiz, eta gaur lehenengoz irabazi dau maila horretako lehiaketa batean.

CT, Championship Tourretik igarotea, Nadiak bost txapelketa jokatu baititu denporaldi honetan, baliogarria izan jako gipuzkoarrari surfaren eliteagaz batera ibili eta ikasten jarraitzeko. Planetako olaturik zorrotzenen gainean jantzan ibili eta onenen artean jarraitzeko ahaleginean jasotakoak apliketan dabil orain. Zarauztarrak ezin izan eban CTko tartea pasau, baina Challenger Serieen bidez bidea luzeagoa izan arren, aurrera egiten dago.

Nadiak ez eban 48 onenen kanporaketea jokatu Balliton; 32 onenen artean lehiatzen hasi zan zuzenean. Ellie Harrison australiarra, Leilani McGonagle hawaiiarra eta Kiara Goold tahitiarra izan zituan arerio. Haren txandako lehenengoa bezela pasau zan, bederatzigarren olatuan zortzi puntu lortuz, danetara 14.83 puntu pilotuteko. Gooldek 11.13 egin zituan, McGonaglek 8.53 eta Harrisonek 7.56.

Final-zortzirenetan Teresa Bonvalot portugaldarragaz izan zan lehian, Tokion, 2021ean, eta Parisen, 2024an, olinpikoa izan zan surflariagaz. 4.83ko olatu batek eta 6.57ko beste batek aparteko indarra emon eutsen Nadiari. Portugaldarraren olaturik onenak, 7.00koa eta 4.23koa, ez ziran nahikoak izan gipuzkoarrari txartela kentzeko.

Final-laurenetan Kiara Gooldegaz lehiatzeko orduan, txapelketako lehen txandan be lehiakide izan eban surflariagaz. Gaztea izan arren, 14 urteko tahitiarrak aurre egin eutson Nadiari: lehenengo 3.03ko olatua hartu eta, ondoren, 4.30ekoa. Erostarbek, ostera, 6.00 puntuazinoa emon eutson sekulako olatua hartuta serieko bosgarrena, hain zuzen be. Azkenik, Nadiaren 9.83koak, Goolden 7.33gaz konparauta, finalerdirako txartela emon eutson Basque Teameko bekea dauen kirolariari.

Goiz partean hasten da lehiaketa baina Nadiak finalerdietako lehen txandea jokatu dau, Sally Fitzgibbonsm australiarraren kotra. Surflari beteranoa 2010etik da CTko lehiakidea eta ISAko Munduko Txapelketea lau aldiz irabazi dau. Faboritoetako bat zan txapelketea irabazteko, baina Nadiak egoerea kontroletan eta final handirako txartela ziurtatzen jakin dau. Zarauztarrak 8.17ko olatuagaz ekin deutso eta 7.17koagaz ondoren. Aussieak 6.67ko beste bategazx eta 6.77ko bategaz erantzun badau be, ez da nahikoa izan Nadiaren progresinoa eteteko Ballito Pro honetan.

Finalean Yolanda Hopkins portugaldarra egoan zain, bere finalerdian Talia Swindal estadubatuarra kanporatu dau eta. Nadiak azken txandan surfeautako bost olatuakaz nahikoa izan dau, oso ondo hasi baita, 6.50eko bategaz. Hopkinsek puntu gitxiago jaso ditu, 7.67ko olatua heldu arte, baina Erostarbe bere bosgarren olatuan heldu dan 6.30aren zain geratu da. Nadiak 12.80 puntu pilotu ditu eta Hopkinsek 10.84.

Nadia Erostarbek Challenger Series zirkutiutuan irabazitako lehenengoa da hau. 2021ean hasi zan zirkuitu honetan lehiatzen. Urte bi aurrerago, 2023an, hirugarren postua eskuratu eban Corona Saquarema Pron, eta igaz, 2024an, postu hori errepetidu eban GWM Sydney Surf Pro eta Lexus US Open txapelketetan. Gainera, Nadia laugarren izan zan igaz Puerto Ricoko ISA Surfing Games Munduko txapelketan eta Pariseko Jokoetan lehiatzeko txartela eskuratu eban han. Frantziatik diploma olinpikoagaz bueltau zan etxera.

Denporaldi bikaina egin ondoren, CTrako sailkapenetik oso hur geratu zan baina beste surflari batzuen erruz azkenean bost proba jokatu ahal izan ditu kategoria horretan. Orain, horreetan ikasitako guztia Challenger Serieetako zirkuituan apliketan dabil eta oraindino hiru proba dagoz jokatzeko: Lexus US Open of Surfing (Kalifornia) garagarrilaren 26tik abuztuaren 3ra, Ericeira Pro (Portugal) irailaren 29tik urriaren 5era eta Saquarema Pro (Rio de Janiero) urriaren 11tik 19ra.

Nadiaz gan, beste bost surflari be izan ditugu Ballito Pro txapelketan lehian: Janire eta Annette Gonzalez Etxabarri 17. eta 33. postuetan sailkatu dira; Yago Dominguezek eta Adur Amatriainek be 33. Postuan amaitu dabe eta Keoni Lasak 49.ean.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu