Historien bila ibiltea droga bihurtzen danean (eta II)

Zigor Aldama 2013-10-31 14:51   Bidaide

Asiako hamabi historia batu ostean etorri zan Ana Salva eta Joan Planasek Interneten abiatutako proiektu narratiboaren lehenengo denporaldiaren amaierea, kontu korrontean zenbaki gorriak agertzen hasi ziranean, hain zuzen be.

Asiako hamabi historia batu ostean etorri zan Ana Salva eta Joan Planasek Interneten abiatutako proiektu narratiboaren lehenengo denporaldiaren amaierea, kontu korrontean zenbaki gorriak agertzen hasi ziranean, hain zuzen be. Horregaitik finantzazino iturri barrien preminea ikusi eta azkar emon eutsien konponbidea, izan be, bigarren denporaldiari Tailandian, Kanbodian eta Birmanian atzemondako historiakaz ekin eutsien eta dagoeneko dobanekoa izateari itxi deutsie. Internet orokor eta anarkikoaren defendatzaile sutsua izan naz beti eta horregaitik lehenengo hamabi historiak creative commons lizentziapean argitaratu genduzan, hau da, loturak doban egiteko aukerea emonez. Baina berehala jaubetu ginan hedabide batzuek gure edukiak goitik behera kopietan zituela aitatu lizentziaren baldintzei jaramonik egin barik. Guk inbersino personalagaz egindako beharragaz irabaziak lortzen zituen salatu dau Joan Planasek.

Ganera, konturatu gara Sarea erabat edegia izateak ez dakarrela nahitaez jente gehiagorengana heltzea. Beharrezkoa da komunikabide handiena lako komunidadea eta horreei ez jake interesetan gure lana erostea lehenago webean doban argitaratua izan bada adierazo dau. Holan, hamabi historia barrietara sarbidea lortzeko 6,99 euro pagau behar da denporaldi osorako eta tartean eduki bereziak, making off eta anekdotak izango ditue eskura erabiltzaileek; beste aukera bat da atal bakotxeko 99 zentimo pagetea. Jakina, ordainketarik ez dabe egingo proiektuagaz jarraitu ahal izateko Verkami plataforman finantzazino kolektiborako crowdfunding kanpainan parte hartu dabenek.

Sekula ez gara aitatu finantzazino iturri horreekaz arduratu eta ez genduan uste kapaz izango ginanik 5.000 euroko muga horretara heltzea. Facebooken 1.500 jarraitzaile baino ez daukaguz eta mila baino gitxiago Twitterren adierazo dau Joan Planasek. Halan da be, promozino lanetan buru-belarri ibili ostean, 195 lagunek 5.440 euro ipini zituen, zergatan zati bat joango jakun arren. Verkamin inork ez euskun esan prozesuan emon beharreko pausuak zeintzuk ziran eta gero jaubetu gara zerga ondorioetarako erabiltzaileen ekarpen horreek ez dirala dohaintzak produktu baten truke egiten diran ordainketak baino. Beraz, autonomo egin gara eta fakturak egin beharko doguz BEZ eta guzti zehaztu dau Salvak.

Akaso jente gehiago erakarteko beharrizana ikusten dabelako bigarren denporaldiak aldaketea ekarri dau lan egiteko moduetan eta historien ikuspegietan. Hasieran protagonistea zan gure ardura nagusia eta ikuspegia nahikoa zinematografikoa izaten zan; orain, barriz, gaiari aparteko garrantzia emoten deutsagu eta kazetaritza-ikuspegia da aurretik jarten doguna onartu dau Planas jn.ak. Orain arteko denporearen presinoa desagertu egin da. Egiaztatu dogu publikoari historia onak, zentzunezkoak interesetan jakozala eta horri emoten deutsiela garrantzia eta ez, ostera, astero historia barria izateari.

Aurreprodukzino landuagoagaz eta lehen personan kontautako historien bitartez (protagonistearen berbak baino ez dira entzuten), Salva eta Planas bikoteak muay-thai, Tailandiako burruka librearen gaia, birmaniar errefuxiatuen egoera larria zein Kanbodian azidoagaz erasotutako biktimen infernua jorratu ditue; azken herrialde horretan, oraintsuko hauteskunde gorabeheratsuak oposizinoko buru Sam Rainsyren ikuspegitik jarraitzeko aukerea izan dabe. Ekialdeko lagunak, bizimodua, arazoak eta bestelako zehetasunakaz ikuspegi orokorra emoten ahalegintzen dira eta hori guztia hirugarren denporaldirako indargarri izatea espero dabe. Segurutik beste kontinente bat izango da protagonista eta dagoeneko nobedadeak izango dirala aurreratu dabe.

Lehenengoa geuk pagau genduan, bigarrena 'komunidadeak' eta hirugarrena enpresaren baten pentzutan itxi gura geunke, hau da, enpresaren bat izan daitela gaiaren zein protagonisten aukeraketea egingo leukena aurreratu dau zinemagile kataluniarrak. Helburua gure jarraitzaileek proiektuak finantzatea da eta ez horrenbeste gero eta jente gehiagok ikustea gure lanak gehitu dau Planasek. Izan be, aurrekontu eskasiagaitik baragarri ibili dira sarri. Itzulpenakaz be arazok izan doguz, besteak beste, dirurik ez geunkalako profesional bat kontratetako eta askotan lan baldintzak ez dira egokienak izan. Arazoei irudimenagaz egiten deutsegu aurre baina alde ekonomikoa sano garrantzitsua da ze, berbarako, burrukalari tailandiar baten egunerokoa dokumentetako 270 euroko gastua izan dogu, lana kontau barik. Horrezaz gan, www.lookingforstories.com ingelesezko bersinoa abiarazoteko aurrekontua askoz handiagoa izan da.

Erabiltzaileak kanpotik ez dau ezelako arazorik ikusten eta pasinoz ganezka dagozan zinemearen eta kazetaritzearen arteko kontuekaz gozetan dau. Alde estetikoari zein edukiari erreparauta funtzionetan daben historiak dira, bideoakaz, argazkiakaz eta testuagaz hornidutako lanak. Hori guztia online eta tresna mobikorrak erabiliz disfrutetako moduan. Etorkizuna Interneten dago, telebista berbarako zaharkitua dagoala esan daiteke dino Planasek. Baina dana ezin da Sarean egin. Egia esan, Planasen familian izan dan offline jazoera batek hankaz gora jarri dau dana eta bigarren denporaldiko historien dokumentazino lana irailaren 14a baino lehen egin behar izan dabe. Nire arrebea ezkondu zan eta Skype bidez ezkontzea jarraitzea ez jakon egokiena begitandu...

Proiektuaren jarraipena egiteko:

www.buscandohistorias.com
www.lookingforstories.com

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu