UEUk on line irakaskuntzan aurrera pausua egingo dau, Euskal Unibersidadearen hazia izan daiten

Bizkaie! 2013-10-24 18:50

Karmele Artetxek ikasturte barri honetan UEUk erronka handi bati helduko deutsola azaldu dau, on line irakaskuntzeari, hain zuzen be. UEUko zuzendariak bide honi orain 10 urte ekin eutsiela azaldu dau eta esperientzia horrek pausu bat harago joateko ziurtasuna emoten deutsela. UEUren helburua metodologia hau erabiliz titulazinoak eskaintzen hastea da.

Udako Euskal Unibersidadeak (UEU) 2013/2014 ikasturte edegiera ekitaldia egin dau Eibarko egoitza akademikoan. Bertan, on line irakaskuntzan salto kualitatiboa emon nahi dabela adierazo dau Karmele Artetxe zuzendariak. Etorkizun ez oso urrun batean euskal campus bat irudikatzen dau UEUk, urruneko irakaskuntzan saretua eta unibersidade desbardinakaz alkarlanean. Ekitaldian administrazino desbardinetako ordezkariek babesa emon deutsie UEUri. Iratxe Esnaola irakasleak ikasteko ingurune birtualei buruzko berbaldia eskaini dau.

Udako Euskal Unibersidadeak (UEU) 2013/2014 ikasturteko zabaltze ekitaldia egin dau gaur Eibarren dauen Ikastetxe Nagusian, Markeskoan. Bertan Karmele Artetxek, UEUko zuzendariak; Zigor Etxeburuak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskerako zuzendari nagusiak; Ana de Castrok, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskera zuzendari nagusiak; Mari Jose Telleriak, Eibarko Udaleko alkate-ordeak eta Iratxe Esnaolak, Deustuko Unibersidadeko irakasle eta UEUko zuzendaritzakideak parte hartu dabe. Unibersidade eta euskalgintzako hainbat ordezkari be agertu dira.

Karmele Artetxek emon deutso hasieera ekitaldiari. UEUko zuzendariak azken urteak oso gogorrak izan dirala azaldu dau: orain urte bi Jaurlaritzeak emoten euskun partida izenduna kendu euskunean, UEUren etorkizuna kolokan geratu zan. Behar beharrezkoa dogun dirurik barik geratzeaz gan, Jaurlaritzearen errekonozimendua galtzea be ekarri eban horrek. Baina aurrera egin dogu, gure egitekoa beharrezkoa dala sinisten dogulako. Euskerea eta unibersidadearen munduak lotzen jarraituko dabela adierazo dau Artetxek, goi-mailako aditu euskaldunak trebatzen; unibersidade-mailako testuliburuak eta aldizkariak argitaratzen; unibersidade, ikerketa-zentru eta erakunde desbardinetako personen topagune izaten; ikerlari gazteen bozgorailu izaten; auzolanean eregitako proiektu berriak sustatzen; euskera zientifikoa finkatzen eta zabaltzen... Eskerrak garai gogorretan alboan izan zaituegun erakunde eta lagunak.

Ondoren, Mari Jose Telleriak, Eibarko Udaleko alkate-ordeak hartu dau berbea. Telleriak Udala eta UEUren arteko eakarlana izan dau berbagai: Eibarko Udalak UEUren aldeko apustua egin eban orain 13 urte Markeskoa, Eibarko jauretxe historiko hau euren eskuetan itxita, eta bistan da emoitza ezin hobeak emon dituala erabagi horrek. Urtean zeharreko ikastaroak lehenik, udakoak Eibarrera ekartea ondoren eta oraingoan urruneko irakaskuntzea, ziur gagoz pausu garrantzitsua eta arrakastatsua izango dala hau ere eta Eibarko Udala bidelagun izango dozue beste behin.

Zigor Etxeburuak, Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskerako zuzendari nagusiak Gipuzkoan unibersidade-ikasketek izan daben ibilbidea laburtu dau, 1542. urtean Oñatiko unibersidadea sortu zanetik, eta bide horretan Foru Aldundiak euskerazko irakaskuntzearen aldeko jarrera aktiboa izan dauela betidanik: aurrekariek dinoe euskaldunok geure bidea egin behar izan dogula, geurean, euskeraz, biziteko. Ez deuskuez lanak erraztu. Gaur egun be badogu euskerazko irakaskuntzearen gainean mehatxua, Espainiako Wert ministroaren izena daroan legea, hain zuzen be. Etxeburuak Gipuzkoa lurralde euskalduna dala eta euskeraz bizi nahi dauela adierazo dau, eta langintza horretan funtsezkoa dala euskerearen normalizazinoaren mesedetan lan egiten daben eragileakaz lankidetzea lantzea, proiektu jakinen gainean euskerearen erabilerea areagotzeko.

Ana de Castrok, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendariak be UEUri bere babesa erakutsi deutso: Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritzeak hasiera-hasieratik argi izan eban Udako Euskal Unibersidadeagaz alkarlanean aritzea funtsezkoa zala. Urte guzti honeetan hainbat egitasmo burutu dira eta hemendik aurrera be ahalegin guztiak egingo dira bi erakundeen arteko lankidetzan etenik egon ez daiten.

Karmele Artetxek ikasturte barri honetan UEUk erronka handi bati helduko deutsola azaldu dau, on line irakaskuntzeari, hain zuzen be. UEUko zuzendariak bide honi orain 10 urte ekin eutsiela azaldu dau eta esperientzia horrek pausu bat harago joateko ziurtasuna emoten deutsela. UEUren helburua metodologia hau erabiliz titulazinoak eskaintzen hastea da, hau da, gradu eta graduondokoak (Itzulpengintza eta Teknologia graduondokoa igaz hasi ziran eskaintzen). UEUk euskal kanpus bat irudikatzen dauela adierazo dau Artetxek: espazioaren mugak gaindituz, unibersidade desbardinakaz alkarlanean urruneko irakaskuntzearen bidez saretuko dan proiektua lantzen gabilz. Campus edegi bat irudikatzen dogu, euskalduna eta kalidadezkoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu