Bilboko Arte Eder Museoan 'Sardinia deszifraezina. Grabatutako zeinua' erakusketea aurkeztu dabe

Bizkaie! 2013-10-24 17:42   Kulturea

Museoko arduradunek jakinarazo dabenez, erakusketan, Sardinia ugarte italiarreko hamar artistaren lan grafikoen aukeraketa zabala jarriko da ikusgai. Danetara, 133 artelan eskainiko ditu; horreetatik 109 Sardiniako Grabadu Eskolako bost ordezkarirenak dira -eskola hori joan dan mendeko lehenengo erdian garatu zan-, eta ganerako 24ak beste horrenbeste artista sardiniar garaikidek egin ditue.

Bilboko Arte Eder Museoak Sardinia deszifraezina. Grabatutako zeinua erakusketea aurkeztu dau gaur; urriaren 24tik 2014ko urtarrilaren 1era egongo da ikusgai eta zemendiaren 28tik abenduaren 1era bitartean Bilbon ospatuko dan Grabatu Garaikidearen Nazinoarteko II. Jaialdiaren harian dator erakusketa.

Museoko arduradunek jakinarazo dabenez, erakusketan, Sardinia ugarte italiarreko hamar artistaren lan grafikoen aukeraketa zabala jarriko da ikusgai. Danetara, 133 artelan eskainiko ditu; horreetatik 109 Sardiniako Grabatu Eskolako bost ordezkarirenak dira -eskola hori joan dan mendeko lehenengo erdian garatu zan-, eta ganerako 24ak beste horrenbeste artista sardiniar garaikidek egin ditue.

Museoak jaialdiagaz egin dauen lankidetza barri honek jarraipena emoten deutso 2012ko abenduaren eta 2013ko martiaren artean egin zanari; orduko haretan, Giovanni Battista Piranesi maisu grabatzailearen 250 estanpa jarri zituen ikusgai lehengo eraikineko aretoetan.

Erakusketa honen lehenengo zatian, XIX. mendearen amaierearen eta XX. mendeko lehenengo hamarkaden artean lan egin eben bost grabatzaileren obrak dagoz batuta. Artista horreen lanek oihartzun handia izan eben, Veneziako Bienaleko hainbat edizinotan parte hartu ostean. Giuseppe Biasi, Mario Delitala, Stanis Dessy, Carmelo Floris eta Felice Melis Marini dira bost grabatzaile horreek. Euren ehun grabadu baino gehiago dagoz ikusgai, danak be Cagliariko Museo Zibikoetako fondoetatik ekarritakoak. Oro har, akuaforteak (metalezko plantxetatik abiatuta egindako grabaduak) paisajearen balio lirikoak lortzeko apliketan dira, eta teknika xilografikoa (egurrezko matrizeetatik abiatuta egindako grabaduak) personaia sardiniarrak taldeka edo bakarka irudikatzeko erabilten da sarri askotan, erretratu sakon eta errealisten bitartez; erretratu horreek, batzuetan, arlo folkloristen deskripzinoagazko interesa be erakusten dabe. Danek islatu ditue euren lanetan ugarteko paisajeak eta ezaugarri antropologikoak.

Bigarrenik, alde garaikidean, gaur egun jardunean dagozan artista sardiniarrik barritzaile eta esperimentalenen lanak egongo dira ikusgai: Veronica Gambula, Vincenzo Grosso, Gabriella Locci, Rosanna Rossi eta Andrea Spigaren obrak, hain zuzen be. Atal honetako artelanek teknika tradizionalak zein esperimentalak erabilten ditue, argazkia edo teknologia digitala lako beste teknika batzuekaz nahastean. Kasu honetan be, mugarri esanguratsuak dagoz bost artisten ibilbidean; esate baterako, Veneziako Bienalean edo nazinoarteko beste deialdi batzuetan parte hartu izana. Obra horreetako asko formatu handikoak dira, eta artisten euren tailerretatik edo Casa Falconieri –grabaduari buruzko ikerketa-zentroa, Cagliarin sortua 1992an– erakundearen fondoetatik ekarritakoak dira; ostera, beste batzuk beren-beregi dagoz eginda erakusketarako.

Erakusketea aurkezteko prentsaurrekoa eskaini dabe gaur, Gonzalo Olabarria Bizkaiko Foru Aldundiko Kulturako zuzendari nagusiak, Javier Viar Bilboko Arte Eder Museoko zuzendariak, Gabriella Locci Cagliariko Casa Falconieriko presidenteak, Iñaki Alonso Intermedio Taldeko zuzendariak eta Francesco Delitala Mario Delitalia artistearen lobea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu