Ubidetik Zeanurira, oinez, bakea barriztetako
2013-10-24 11:33Ibilaldiari amaierea emoteko 13:00ean, Zeanuriko eta Ubideko zinegotziak batzartu egingo dira Zeanuriko udaletxean; bilera horretan idazkariek udalerri bakotxean izena emon daben abelburuen kontuak egingo ditue, bilera agiria sinatu eta, ondoren, danak batera bazkaltzera joango dira. Datorren urtean gauza bera egingo da, baina Ubideko udaletxean, eta bazkaria pagetea be ubidearrei egokituko jake.
Urriaren 26an, zapatuan, orain dala gizaldi bat baino gehiagotik urtero errepetiduten dabenez, Zeanuriko eta Ubideko Udalek larreen mankomunidadeko kontuen kitapena eta bakea barriztauko dabe. Batzar hau aprobetxauta, Ubide-Zeanuri, Larreen Mankomunidadearen VII. Zeharkaldia egiteko aukerea be eskainiko da. Batzarra zein zeharkaldia Bizkaiko Foru Aldundiak bultzatutako Ondarearen Europako Jardunaldien egitarauan barruan dagoz.
Orain dala gizaldi bat baino gehiagotik Zeanuriko eta Ubideko Udalak alkartu egiten dira, urte batean udaletxe batean eta hurrengoan bestean—hasieran bide erdian, Barazarko mendatean, batzen ziran— udalerri bakotxean izena emondako abelburuen zenbakiak aurkezteko eta kontuak egiteko. Urteroko ohiturea eta betebeharra da. Antza danez, batzar horren zergaitia, bazka-larreen aprobetxamenduaren inguruan udalerri biek gizaldietan —gitxienez XVI. gizalditik— izan dituen ailegoei amaierea emoteko adostutako akordioa da.
12 kilometroko ibilaldia
Bi udalen batzar hori aprobetxauta, orain dala bost urtetik, Zeanuriko Ipizki eta Joko Alai, eta Ubideko Amexier eta Ortuzar alkarteek Ubidetik Zeanurira doan zeharkaldia antolatzen dabe, Gasteiz eta Bilbo lotzen zituan Erdi Aroko galtzadea jarraituz. Oinezko martxa honegaz hiru helburu nagusi finkatu ditue antolatzaileek: alde batetik, Zeanuriko eta Ubideko Udalek larreen mankomunidadearen inguruan urtero egiten daben batzar historikoa ezagutzera emotea eta balioestea; bestetik, zeanuriztarrei zein ubidearrei zein bisitariei udalerri bietako ingurumariak —eta gehienbat Ubidetik eta Zeanuritik igaroz Gasteiz eta Bilbo lotzen zituan Erdi Aroko galtzadea— ezagutzera emotea; eta azkenik, Zeanuriko eta Ubideko herritarren arteko hartu-emonak sendotzea.
Zeharkaldiaren urtekerea Ubideko plazan, udaletxearen aurrean, izango da goizeko 10:00etan. Plazatik abiatuz, Erdi Aroko galtzadearen bidetik joango dira parte-hartzaileak, eta bigarren kilometroan galtzadearen arrastoak argi eta garbi azaltzen diran tarte batetik ibilteko aukerea izango dabe. Tarte hori amaitu ostean, jatsierea hasten da Saldroporantz zuzentzeko; hemen Otzarretako pagadiaren ondotik, Lapursasitik igaro eta Txareta ingurura arte paraje zelaietan ibiliko dira, Ipiñaburu auzunerantz joteko; aurbeherea hasi bezain laster arbelgune bat azaltzen da, eta gizaldietan zehar gurdiek itxitako gurpil-markak ikusi daitekez bertan. Aldain auzunetik igarotzerakoan, galtzadatik etozan zaldien posta-etxea egoan ondotik igaro eta Undurraga auzunean sartzen da bidea. Undurragan urtegiaren eskoiko ertzetik jarraituko dabe parte-hartzaileek, azkenik Zeanuriko plazara heltzeko.
Zeharkaldiaren amaieran, hamabiren bat kilometro eroango ditue oinetan ibiltariek, baina segurutik hitzorduari erantzutea mereziduko dauela, Ubide eta Zeanuri lotzen zituan galtzadea eta bere inguruan azaltzen dan ondare naturala eta historiko-etnografikoa ezagutzeagaz batera, udagoienean natureak azaltzen dauen koloreen sinfoniaz gozetako aukerea izango dabe eta.
Ibilaldiari amaierea emoteko 13:00ean, Zeanuriko eta Ubideko zinegotziak batzartu egingo dira Zeanuriko udaletxean; bilera horretan idazkariek udalerri bakotxean izena emon daben abelburuen kontuak egingo ditue, bilera agiria sinatu eta, ondoren, danak batera bazkaltzera joango dira. Datorren urtean gauza bera egingo da, baina Ubideko udaletxean, eta bazkaria pagetea be ubidearrei egokituko jake.
Ibilaldiari buruzko zehetasunak:
* Eguna: Urri bigarrenaren 26a, zapatua.
* Izena emotea: Ubideko plazan, doban.
* Autobus zerbitzua: 09:00etan: Zeanuriko plazatik Ubidera, zeanuriztarrak edota Zeanurin kotxea ixten dabenak Ubideko abiapuntura eroateko (1 €). 13:30ean: Zeanuritik Ubidera, ubidearrak edota Ubiden kotxea itxi dabenak eroateko (1 €).
* Urtekerea: 10:00etan.
* Ibilbidea: 12 kilometro inguru. Bi ordu eta erdi inguruko iraupena, martxa lasaian.
* 13:00ean: Ubideko eta Zeanuriko Udalbatzen batzarra Zeanuriko Udaletxean bazka-larreen mankomunidadeko kontuak egiteko eta bilera agiria sinatzeko.
* Antolatzaileak: Ipizki Taldea, Joko Alai Alkartea, Amexier Mendi Alkartea eta Ortuzar Ubideko Gazte Asanbladea.
* Laguntzaileak: Zeanuriko Udala, Ubideko Udala, Gorbeialde Landa Garapenerako Alkartea, Arratiako Gurutze Gorria, BBK eta Bizkaiko Foru Aldundia.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!