Consonni espazioak Bad jaialdiaren inaugurazinoa jasoko dau
2013-10-23 11:09 KultureaGaur gaueko 21:00etan, Consonni espazioak (Mirasol Kondea, 13) BAD-en inaugurazino ekitaldia jasoko dau, Pablo Fidalgoren azken poema liburuaren Mis padres: Romeo y Julieta (Ed. Pre-textos) aurkezpenagaz. Aurkezpen ekitaldian Harkaitz Cano idazleak hartuko dau parte.
Consonni arte produkzino-etxeak presentzia azpimarragarria izango dau Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak antolatzen dauen eta gaur, urriak 23, hasiko dan XV. BAD-en, Bilboko Antzerki eta Jantza Garaikide Jaialdian.
Kontuak kontu, gaur gaueko 21:00etan, Consonni espazioak (Mirasol Kondea, 13) BAD-en inaugurazino ekitaldia jasoko dau, Pablo Fidalgoren azken poema liburuaren Mis padres: Romeo y Julieta (Ed. Pre-textos) aurkezpenagaz. Aurkezpen ekitaldian Harkaitz Cano idazleak hartuko dau parte.
Estreinaldiak
Arte garaikidearen produkzino kontzeptuari buruzko ikerketa lanaren ondorioz, Consonnik estreinaldi absolutu bi aurkeztuko ditu BAD 2013ren barruan. Produzidutako lehenengo lana, Cabello/Carcellerrek zuzendutako Performer lana izango da. Bilboko Arte Eder museoan ikusi ahal izango da urriaren 27an eta zemendiaren 3an (arratsaldeko 19:00etan).
Performer lanaren helburua, egungo arte produkzino eta erakusketa dinamiketan ikusten diran zenbait kontraesan erakustea da, horreetan dagozan bakotasun eta zailtasun posibleak bistan itxita. Beste artelan bat lez biltegiratuta, eta ganerako objektuakaz batera museoko bildumearen egoitzan erregistrauta, performer batek, ahots altuan arte jardunbide garaikideari eta horren prozesuei buruz gogoetea egiten igaroten dau denporea. Bakarkako alkarrizketa entzunez, ikus-entzulea konturatzen da egoera horrek, itxuraz koherentziarik bakoak eta kontraesankorrak diran abaguneak barriro pentsatzera konbidatzen dauela. Performer proiektuak bideo batek eta performance ekintza batek osotzen dabe. Biek be gizartearen eta diziplinen oztopoak zalantzan jarten ditue.
Consonnik BAD-en XV. edizinorako atondu dauen bigarren produkzinoa Again again (st) da, Pablo Martek, Lorea Alfaro, Daniel Llaria eta Iván Gómez artisten laguntzinoagaz zuzendutako talde produkzinoa. Again again (st) lanean jardunbide bikotxa ikusten dogu: eszena jardunbidea, alde batetik, eta erakusketa jardunbidea, bestetik.
Again, Again(st), antzezlana eta arte instalazinoa da aldi berean. Helburua, modu batean funtzionetan dauenaren eta beste batean funtzionetan dauenaren arteko gatazkea erakustea da. Jardunbideak burrukara eroatea, indarkeriak ez ahaztutea. Again, Again(st) lanak, antzezlan moduan, ez dauka argumenturik. Antzezlana zein instalazinoa, Walter Benjaminem El autor como productor testuan oinarritutako aurretiko lanetik sortzen dira. Dana dala, badago zeozelako argumentu-testuingurua: B* handikiak uste dau gizarteak berari buruz dauen irudia ez datorrela bat berak, egunero, bere ispiluan, ikusten dauenagaz (arraroa bada be, berak maitasuna ikusten dau). Hori dala eta (arraroa bada be), arte garaikide zentroa eratzea erabagiten dau, hori baita bere arpegia garbitzeko modurik onena.
Again again (st) beste erabateko estreinaldi bat da, eta Bilborock-La Merceden ikusi ahal izango da, martitzenean, urriaren 29an (eguerdiko 12:00etatik 14:00etara, eta arratsaldeko 17:00etatik 21:00etara) eta eguaztenean, urriaren 30ean (eguerdiko 12:00etatik 14:00etara). Bestalde, antzezlana ikusi ahal izango da eguaztenean, urriaren 30ean (bi emonaldiak: lehena 19:00etan eta bigarrena 21:00etan). Prezioa: 8 euro (aldez aurretiko salmenta) eta 10 euro (txarteldegian).
Marcelo Exposito
Urriaren 23tik zemendiaren 3ra, Consonniren argitalpen barrikuntzei lagunduko deutsen produkzino kontzeptuaren gaineko ikerketa bibliografia konsultau ahal izango da ANTI-Liburudendan. Saiakera horrek, 1934an, Parisen aurreikusi zan baina inoiz emon ez zan berbaldi baterako nota forman idatzitako Egilea produktore lez izeneko Walter Benjaminem beste bat gogorarazoten dau. Walter Benjamin, produktibista 2009an aitatu eban lehen aldiz Marcelo Expósitok berbaldi lez.
Consonni Bilbon dagoan arte garaikide produkzino-etxea da, 1997tik artistakaz alkarlanean dabil da arte garaikideko proiektuen garapenean eta 2009. urtetik aurrera arte eta kultur kritikan espezializautako liburuak argitaratzen ditu.
Prezioei, aurretiko salmenteari eta erreserbei buruzko informazino guztia jaialdiko webgunean jaso daiteke (www.badbilbao.com).
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!