Historien bila ibiltea droga bihurtzen danean (I)

Zigor Aldama 2013-10-15 14:26   Bidaide

Historiak kontetea droga gogor bihurtu daiteke. Ondotxu dakie hori Ana Salvák eta Joan Planasek (Manresa, 1982), izan be etxean eukiezan beharrak itxi eta ziberespazioko momentuko proiektu narratibo interesgarrienetako bat ipini eben martxan, Buscando Historias.

Historiak kontetea droga gogor bihurtu daiteke. Ondotxu dakie hori Ana Salvák (Palma, 1986) eta Joan Planasek (Manresa, 1982), izan be etxean eukiezan beharrak itxi eta ziberespazioko momentuko proiektu narratibo interesgarrienetako bat ipini eben martxan, Buscando Historias. Webgune honetan jente arruntaren bizitzea batzen dabe, bideoan, argazkietan edo idatziz. Protagonistak herritar ezezagunak dira. Euren bizitzako egun bat jasoten dabe, bakotxak bere ikuspuntutik, izan be Salva kazetaria da eta Planas, zinemagilea.

Emoitzea ia gura ez dala Txinan abiatu zan atlas sozial baten hazia da. Ingelesa hobetu nahi genduan, eta Filipinetara joatea erabagi genduan. Baina txartelak erostekotan gengozala, lehenago Txinara joatea aukera polita zala pentsau genduan, azaltzen dau Salvák. Hilebeteko bisadua besterik ez euken pasaportean. Halan sortu zan Asian lehenengo historia bildumea. Baina, jatorria Madrilen egoan: urtarrilean hildako Enrique Meneses kazetaria izan zan euren lehenengo alkarrizketatua, eta ha bihurtu eben egitasmo barriaren aitabitxi.

Denpora gitxi geratzen jakola esan euskun, hemendik joateko prestetan egoala, baina gu bost ordu egon ginan beragaz berbetan. Suberte handia izan genduan bere ideak entzutearren, gogoratzen dau Salvák. Planasentzat, ganera, alkarrizketea erredenzinoaren antzekoa izan zan. Aitita gogoratzen eustan. Hil arteko azkenengo egunetan aititagaz egon nintzan, bera jagoten. Bere historia kontetea gustauko leikidan, Menesesegaz aukera hori izan neban. Maisuak emondako etika ikasbideagaz, eta euren lanean jentearen arimaraino ailegetako asmoagaz, heldu zan bikotea Pekinera urriaren 25ean.

Astero historia bat kontetako erronkea geunkan. Horrek esan gura dau protagonistea aukeratu behar dogula, grabau, editau, idatzi, eta dana webgunera igotea. Kalidadezko produktua aurrekontu handi barik eta egutegia ondo aprobetxauta egin daitekela erakutsi gura neutsien zinemearen inguruan dabilzanei. Reflex argazki-makina digital bi erabilten ditue eta apurtu barri jakien monopode bat, azaltzen dau Planasek. Lehendik be mundu osoko historiak batzen zituan dokumentala grabetako asmoa eukan. Ez genduan ezelako aurreprodukzinorik egin, beraz hasieran momentuan konpondu behar izan genduzan arazoak. Hizkuntzea eta kulturearen mugea dala-eta, hasieran Txinan bizi dan Mendebaldeko jentea alkarrizketatu eben. Akaso, horregaitik hasierako biografia horreek azalekoak begitantzen jakuz ostean egindakoen aldean.

Lehenengo denporaldia erromantikoagoa izan zan. 5.000 euro geunkazan aurreztuta, eta benetan maite doguna egin nahi genduan. Pentsau barik izan zan dana, onartzen dau Salvák. Txinatik Filipinetara egin eben salto. Artxipielagoan Romeo izeneko arrantzalea topau eben, Kanlungan GKE-ko ume abandonatuak eta Whang Od tatuatzaile kalingarra bere bai. Whang Od-en historia orain arte gehien ikusi dana da. Astebete bakarrean 45.000 bisita izan zituan. Arrakasta handia izan dau ikusgarria dalako. Baina guretzat huts egindako historia da, emakumeak ez euskun bere bihotza zabaldu, dino kazetariak.

Proiektua bidea eginez eregi eben. Eta bidean pentsau eben Txinara bueltetea, nahiko merkea dan herria da, eta historiaz beteta dago. Birtuosismo tekniko itzela erakusten dabe, batez be eskura daukiezan baliabide urriak kontuan hartuta. Planas mimoa izan zan, horri esker kapaz da kamereagaz mobimendu erraz eta arinak egiteko, garabi edo dolly barik be. Halan, jente arruntaren istorio bereziak topetan segidu eben, Guangzhouko jantzariarena edo Hong Kongeko kazetariarena. Hau azkenau gehien gustau jakienetakoa da. Uriko komunikabideetara zentsurea zelan dabilen sartzen erakusteaz aparte, Joshek homosexualidadeaz berba egin euskun, hori ia tabua izan arren Hong Kongen, kontetan dau Salvák.

Proiektua ikusteko: www.buscandohistorias.com eta www.lookingforstories.com

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu