Soinu tibetarrak Bizkaiko Campusean
2013-10-14 12:09Soinu horreek aktibauko dira UPV/EHUn egiten diran ekitaldi akademiko eta sozialik nabarmenenak ospatzen diranean. Berbarako, gaur astelehena, hilak 14, lehenengo aldiz joko dau, Arte Ederren Fakultadearen eraikin barriaren inaugurazino ofiziala dala eta.
Orain dala hamazortzi urte, 1994-1995 ikasturtean, Arte Ederren Fakultadeko ikasle talde batek, Félix Barcina buru zala, adar formako eskultura bat asmau eta sortu eban lizentziatura amaierako lan bezela. Lanak 9 metroko luzerea, 2 metroko zabalerea eta 2 metroko altuerea dauka eta altzairu herdoilgatxa, sare hexagonala eta beirazko erretxina erabili ditue eregiteko. Hasiera batetik, proiektuaren asmoa zan lan eskultoriko hutsa baino zeozer gehiago izatea, hau da, lan horrek irudikatzen eban musika tresnaren funtzinoa be betetea nahi eben egileek, haizearen eraginez soinu eginaz. Artelana Arte Ederren Fakultadearen aurreko landan kokatu eben, baina, adarraren soinuak unibersidadeko kideentzako enbarazuzkoa izan eitekean bildurrez, haize nagusien norabidearen kontra ipintea erabagi zan, artelana amaitu barik geratuz. Ia bi hamarkada geroago, joan zan 2012-2013 ikasturtean, UPV/EHU diziplinarteko talde batek, Jon Barredo Marrazketa eta Errepresentazino Sistemen katedradunaren zuzendaritzapean, proiektua berrartu eta amaitu egin dau artelana goitik behera zaharbarrituz eta soinua sortzeko konponbide elektroniko bat ezarriz.
Eskultura honegaz, bete bako konpromiso bat geunkan. Adarra Campusean egunero ikusten ebenek, beharbada, uste eben amaituta egoala. Baina Arte Ederren Fakultadean bagenkian oraindino errematea falta ebala. Eta azken erremate hori harrotzen gaituan modu batean emon deutsagu: kostu oso txikiagaz eta balio akademiko handia dauen alkarlanagaz, adierazo dau proiektu honen hasiera eta garapena bere lehen pausuetatik jarraitu dauen Barredok.
Bederatzi hilebetez, lan-talde handi bat ibili da jo eta su proiektuan, tartean izan diralarik unibersidadeko zortzi arlo desbardinetako irakasleak -zaharbarrikuntzea, eskulturea, marrazketea, antropologia, ikus-entzunezkoak, diseinu grafikoa, injinerutza mekanikoa eta injinerutzako adierazpen grafikoa-, baita master batekoak be -Artea eta Sormena Masterra-, eta Arte Ederren Fakultadeko eta Bilboko Injinerutza Goi Eskola Teknikoko ikasle eta ikasle ohiak. Artelanaren estrukturea digitalizau dabe lehenengo, ondoren segurtasuna eta ainguratze sistemearen estetikea hobetzeko. Era berean, eskulturea zaharbarritu da, aurrerantzean behin betikoa izango dan tokian kokatu dabe -hasieran egon zan landa berean, Irakasleen Eskolaren aurrealdean- eta urrutiko kontrolaz eragiten dan gailu elektroakustiko bat jarri deutsie. Gailu horretan, zortzi soinu pieza programau dira, dungchen edo tibetarren haize-instrumentu tradizionalen doinuak gogorarazoten dituenak. Soinu horreek aktibauko dira UPV/EHUn egiten diran ekitaldi akademiko eta sozialik nabarmenenak ospatzen diranean. Berbarako, gaur astelehena, hilak 14, lehenengo aldiz joko dau, Arte Ederren Fakultadearen eraikin barriaren inaugurazino ofiziala dala eta.
Adarraren soinua 200 metrotik entzun ahal izango da, beti be haizearen norabide eta indarraren arabera. Beraz, ipar mendebaldeko haizeak -galiziar haizea- soinua errazago zabalduko dau, eta urrunagotik entzun ahal izango da. Hego haizeaz, ostera, soinua leunduko da. Hego ekialdeko haizea oso arraroa da hemen, baina lehengo egunean egon zan, eta haizea adarraren ahotik sartzen zanez, ez zan ia entzuten, adierazo dau Barredok.
Eskultura hau UPV/EHUren ondarearen katalogoan sartu da, eta Leioako Udalaren erregistroan be agertzen da eskultura publiko lez.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!