Getxoko XII. Komiki Azokeak Jan komikigilea eta Luis Gasca dibulgatzailea omenduko ditu
2013-10-11 12:23 KultureaGetxoko XII. Komiki Azokea zemendiaren 22tik 24ra bitartean ospatuko da, eta Juan López Fernández Jan komikigilea omenduko dau, Superlópez personaia ospetsuaren sortzailea. Eskarmentu handiko artista espainiarraz gan, Luis Gasca dibulgatzaile gipuzkoarrari be omenaldia egingo deutsie Getxon, bederatzigarren artearen inguruko hainbat entsegu idatzi eta komikiari loturiko ekimen asko bultzatu ditualako.
Getxoko XII. Komiki Azokea zemendiaren 22tik 24ra bitartean ospatuko da, eta Jan ezizenez ezaguna dan Juan López Fernández komikigilea omenduko dau, Superlópez personaia ospetsuaren sortzailea, hain zuzen be. Eskarmentu handiko artista espainiarraz gan, Luis Gasca dibulgatzaile gipuzkoarrari be omenaldia egingo deutsie Getxon, bederatzigarren artearen inguruko hainbat entsegu idatzi eta komikiari loturiko ekimen asko bultzatu ditualako. Omenaldia azokako lehenengo egunean izango da, zemendiaren 22an, 19:00etan.
Antolatzaileek azaldu dabenez, Jan Bartzelonara bizitera joan zan umetan. Sei urte baino ez zituala gor geratu zan eta marrazkigintzan jarduten hasi zan buru-belarri. Nerabezaroan jarduera profesionala hasi eban animazino estudio batean eta 19 urtegaz Kubara joan zan bere familiagaz. Irlan hamar urte pasau zituan animazino eta komiki lanak egiten. 1969an, Espainiara itzuli eta zenbait argitaletxe eta aldizkarirentzat hasi zan beharrean, oso laster umeentzko komikietan espezializatuz.
1973. urtean, bere personaia ospetsuena sortu eban: Superlópez, Supermanen parodia. Handik bi urtera personaiaren istorio laburrak egiten hasi zan Bruguera argitaletxean Contiren eta Francisco Pérez Navarroren gidoiakaz. Azken egile horregaz personaiaren etapa barri bati ekin eutson.
Hiru album marraztu zituan, superheroi komikien keinuz eta aitamenez betea. Laugarren zenbakitik aurrera Janek bakarrean ekin eutson sailari eta alde batera itxi eban superheroien parodia eta beste gai batzuetara eroan eban komikia. Bost album kaleratu zituan garai horretan eta lortutako ospeak personaiaren izena hartuko eban aldizkari bat sortzera eroan eban argitaletxea 1985ean.
1981 eta 1982 artean egileak aldi baterako atsedena hartu eban oso ezaguna egin zan beste personaia bat lantzeko asmoz: Pulgarcito. Izen bereko protagonistea eban aldizkariari bultzada barria emon eutson Janen personaiak. Horren abentura saila ipuin klasikoen aitamenez betea egoan eta beste personaia ospetsu batzuekaz elkar eragiten zan, esaterako, Peter Panegaz.
Bruguera argitaletxea zarratu ondoren, Janek animazino lana Superlópezen komikiakaz txandakatu eban, oraingoan Ediciones B argitaletxearentzat. Sailak dagoeneko 64 zenbaki ditu eta horri esker Bartzelonako Azokearen Sari Handia irabazi eban egileak.
Luis Gasca
Getxoko XII. Komiki Azokeak Luis Gasca be omenduko dau. Gasca (Donostia, 1933) Zuzenbidean doktorea eta komikian eta zineman aditua da, eta Donostia Zinemaldia zuzendu eban. Biñetearen munduaren inguruko hainbat liburu idatzi ditu, esaterako Tebeos y cultura de masas eta Los héroes de papel, bai eta hiru entsegu Román Gubernerregaz alkarlanean (El discurso del cómic, Diccionario de la onomatopeya del cómic eta Enciclopedia erótica del cómic).
Buru Lan eta Pala argitaletxeak zuzendu zituan eta horreen bitartez, kalidade handiko komiki klasikoak eroan zituan Espainiako merkatura, besteak beste, Flash Gordon, Rip Kirby eta Tex. Era berean, Bordigherako (Italia) Salone Internazionale dei Comics azokako sortzailea izan zan Alain Resnais, Umberto Eco, Romano Calisi, Jacques Lob eta Rino Albertarelligaz batera, eta Pariseko Komiki Ikerkuntza Zentroen Nazinoarteko Federazinoko idazkari nagusi be izan zan.
Bere ibilbidean hainbat sari ugari jaso ditu Luis Gascak, besteak beste, atzerriko argitaratzaile onenari emondako Yellow Kid saria eta Diario de Avisos egunkariaren saria, komikiaren alde eginiko lanagaitik.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!