Antxinako azokea, berbaldiak eta bisita gidatuak Bermistorian egitarauan

Bizkaie! 2013-10-10 12:04

Herriko historia zabaltzea helburu dauen Bermistorian aurten urriaren 12tik 24ra egingo da. Urtero lez, Bermistorianen barruan, antxinako azokea egingo da, bisita gidatuak, berbaldiak eta ikuskizunen emonaldiak.

Herriko historia zabaltzea helburu dauen Bermistorian aurten urriaren 12tik 24ra egingo da. Urtero lez, Bermistorianen barruan, antxinako azokea egingo da, bisita gidatuak, berbaldiak eta ikuskizunen emonaldiak.

Aingeru Astui Bermeoko Kultura eta Hezkuntza Saileko zinegotziak eta Susana Regidor Kulturako teknikariak Erdi Aroan girotutako Bermistorianen barri emon dabe prentsaurrekoan. Astuiren esanetan, herritarrek eta kanpotik datozan personek Bermeoko lehenaldia ezagutu ahal izango dabe, giro alaian murgilduz.

Bermistorianen protagonista garrantzitsu bat, urtero moduan, Erdi Aroko azokea izango da. Urriaren 19an eta 20an egingo da, zapatu-domekan. 60 saltoki izango dira Bermeoko Alde Zaharrean, danetariko produktuak saltzen: gaztaia, eztia, hestebeteak, txokolateak, bitxiak, narrua, lorak, zidarra, kremak, jaboiak, zeramika-lanak, erropak eta abar. Horrezaz gan, asteburuan arku-tiro taldeak antolatutako jaurtiketak, Izaro abesbatzaren kalejirea, zeramika tailerrak, loren tailerrak, oholezko jokoak eta kale animazinoak izango dira. Herrian giro polita sortuko dabe, Bermeo Erdi Arora eroanez, ganeratu dau zinegotziak. Azokea goiz eta arratsalde egongo da zabalik 19an, zapatuan, eta goizez bakarrik domekan.

Umeentzako be lekua badago Bermistorianen. Umeek Alde Zaharrean oholezko jokoekaz olgetako aukerea eukiko dabe, eta ludotekeak eta Gaztelekuak be ekintza bereziak prestauko ditue.

Bermistorianek bat egin dau Ondarearen Europako Jardunaldiekaz. Holan, Ertzilla torrea ezagutzeko bisita gidatuak atondu ditue, urriaren 12an eta 13an, euskeraz eta gaztelaniaz. Jauregi gotiko-errenazentistearen biografia eta izan dituan aldaketak ulertzeko gai izango dira bisitariak. Bisitetan parte hartzeko beharrezkoa da izena emotea, deitu ondoko telefonoetara: 94 617 9154 edota 94 688 11 71.

1983ko uriolen osteko birgaitze lanak ezagutzeko be hainbat bisita gidatu egingo dira. Urriaren 15ean, 17an, 19an, 20an eta 24an. Bisita guztiak 12:30ean izango dira. Informazino gehiago behar izan ezkero, deitu zenbaki honetara, 94 617 9154.

Bisita gidatuez gan, berbaldi bi egingo dira. Lehenengoa, Bermeoko Ertzilla dorrea- La torre Ercilla de Bermeo urriaren 15ean, 19:00etan. Jose Migel Agirregomozkorta eta Juan Jose Gonzalez Barrutia izango dira hizlariak. Bigarren berbaldia Juanjo Cepedak eskainiko dauen Excavaciones en la necrópolis romana de Tribisburu izango da urriaren 19an, 12:00etan Gizarte eta Kultura etxeko hitzaldi aretoan.

Bermistorian antolatzen lagundu daben guztiei eskerrak emon gura izan deutsiez Astuik eta Regidorrek. Zerrendea luzea da: Haitz Nagusije, MB 2000 zerbitzu soziokulturalak, Batun-Batun elkartea, Izaro Abesbatza, Arku Tiroaren Elkartea, Arrantzaleen Museoa, Santa Maria eleizea, Napar Bideak, Turismo bulegoa, Zerbitzu saila, Udaltzaingoa eta Kultura eta Hezkuntza Saila. Euren laguntza ezinbestekoa da Bermistorian antolatu ahal izateko, nabarmendu dabe.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu