Hemen da Gorbeia Suzien lasterketearen bigarren edizinoa

Nagore Ferreira Zamalloa 2013-10-03 15:43

Gorbeiako parke naturaleko bazter ezezagunak galapan edo oinez ezagutzeko aukera parebakoa eskainiko dau Gorbeia Suzienek urriaren 19an. Aurten bigarrenez antolatuko dabe mendi lasterketea eta martxea, igazko arrakastea errepetiduteko gogoz. Bizkaie!-k martxan parte hartzeko dorsal bi zozketatzen ditu, argibide gehiago hemen.

Gorbeiako parke naturaleko bazter ezezagunak galapan edo oinez ezagutzeko aukera parebakoa eskainiko dau Gorbeia Suzienek urriaren 19an. Aurten bigarrenez antolatuko dabe mendi lasterketea eta martxea, igazko arrakastea errepetiduteko gogoz. Hiru ibilbide atondu ditue luzea, laburra eta umeentzat.

Prentsaurrekoan, Alberto Rodriguez Kutxabankeko ordezkaria, Izaskun Sagarna Zeanuriko alkatea, Zigor Iturrieta korrikalaria, eta Gorbeia Suzien-eko Gotzon Idirin eta Olatz Goikoetxea izan dira.

Gorbeia ezagutarazo gura dabe antolatzaileek, parke naturala altxorra dala erakutsi. Bide ezagunetatik harago prestau dabe ibilbidea aurten be. Bide zaharrak berreskuratu gura doguz. Jenteak kotxea etxean edo aparkalekuan itxi daiala, eta behetik hasten animau gura dogu, adierazo dau Gotzon Idirinek.

Mila bat biztanleko herria izanik, Zeanurin eragin handia dauka Gorbeia Suzienek, Izaskun Sagarna alkateak esan dauenez. Aberasgarria eta onuragarria da herriarentzat, ezagutzera emoten dau eta.

Ibilbidea parke naturalean egiten danez jasangarritasunari aparteko garrantzia emon deutsie, halan izen-emote kopurua mugatua izango da, 475na korrikalari eta mendizale. Ibilbide luzeak 29 kilometro ditu, eta 2.000 metroko desnibel positiboa. Igaz baino apurtxu bat gogortxuagoa, azaldu dau Idirinek. Gauza serioa da, ganeratu dau Zigor Iturrietak.

Mundu mailako korrikalari ezagunek emon dabe izena daborduko lasterketan, igazko irabazle biek, berbarako, Oihana Kortazarrek eta Ionut Zincak. Beste izen ezagun batzuk be parte hartuko dabe, tartean, Tofol Castanyerrek, Leire Agirrezabalak, Miguel Caballerok, Silvia Serafinik, Zaid Ait Malekek eta Nuria Picasek.

Beste nobedaderen bat be badago aurten. Izan be, umeak jagoteko zerbitzu izango da parte-hartzaile guztientzat. Ibilbideaz aparte, lasterketearen inguruko zerbitzuen garrantzia nabarmendu dau Iturrietak. Ume txikiak izateak asko mugatzen zaitu, ondo dago korrikalarien ingurukoetan be pentsetea.

Lasterketea eta martxea urriaren 19an badira be, egun bi lehenago hasiko da Gorbeia Suzienen egitaraua. Urriaren 17an, eguena, nutrizinoa eta kirolaren ganeko mahai-ingurua egingo dabe, Areatzako Udal Aretoan, 19:30ean. Josean Lekue Athleticeko medikua, Jokin Lizeaga korrikalaria eta entrenatzailea eta Kepa Lizarraga medikua izango dira hizlariak. Barikuan, hilak 18, ibilbidearen aurkezpena izango da, eta Pou anaiek 20 urte mendi bertikaletan ikus-entzunezkoa aurkeztuko dabe. Eta zapatuan, lasterketa egunean, umeentzako jolasak, slackline erakustaldia eta Aiko taldearen erromeria izango dira.

Lasterketan izena emoteko azkenengo eguna urriaren 16a da; martxan, barriz, bertan egunean be, 19an, egin daiteke.

Bizkaie!-k Gorbeia Suzien martxan parte hartzeko dorsal bi zozketatzen ditu. Gure webgunean edo facebooken galdera erraz-erraz bati erantzutea besterik ez da egin behar. Irabazleek dorsalaz gan, kamisetea, oparitxua eta bazkarirako txartela jasoko ditue. Animau zaitez!

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu