Txinatarrek ezkonberbea emoten dabenean (eta II)
2013-09-30 15:46 BidaideIgaz Baihek Txinako Gizarte Beharginen Alkarteagaz lankidetzan egindako txosten baten arabera, emakumeen % 57k uste dau senargai egokia topetea norberaren ibilbide profesionala baino garrantzitsuagoa dala. %70ek uste dau gizonezkoak ez litzatekezala ezkondu behar ondasunen jaube izan arte eta % 80k, barriz, ezkontideak hilean 4.000 yuan (500 euro) edo hortik gora irabazi behar dituala adierazoten dabe.
50eko hamarkadan nire gurasoak ezkondu ziranean, emaztegaiaren familiaren oneretxia jasoteko nahikoa eban senargaiak bizitoki bat izatea. 60ko hamarkadan, barriz, gozoki poltsak ziran protagonista eta 70ekoan, Maoren irudi edo eskulturak. Eta argazki bakarra egiten eben gogoratu dau Liu Liping-ek, lobearentzako bikotea topetan dabilen amamak. Deng Xiaoping boterean egoala, 1980ko hamarkadan Txina mundura zabaldu zan eta emaztegaiaren familia gauza gehiago eskatzen hasi zan: senargaiak nahitaez bizikleta bat euki behar eban eta ezkonsari lez erlojua, irrati bat eta josteko makinea emon behar zituan. Gaur egun, ostera, urietan senargaiak etxea eta kotxea eukitea derrigorra da.
Herrialdeko jaiotza-tasearen politikeagaz zuzenean lotuta dago aitatu eskakizun kopurua. Orain hiru bat hamarkada Txinak galarazo egin eutsen herritar gehienei seme-alaba bat baino gehiago izatea eta horrek ondorio ezkorrak ekarri ditu. Alde batetik, ehun miloe seme bakar baino gehiago dagoz, gurasoak zein aitita-amamak jagon beharko dituenak; bestetik, 100 neskako 117 mutil jaioten dira. Ondorioz 2020. urtean 24 miloe gizonezkok benetako arazoak izango ditue bikotea topetako, bikote heterosexuala topetako behintzat. Alderantziz, emakumeek aukera handiagoa izango dabe bikotea topetako. Horregaitik guztiagaitik lan ona eta etxea ez eze, guraso askok ezkonsari potoloa eskatzen dabe eurak be etorkizunean hobeto bizi ahal izateko azaldu dau Xu Anqi jn.ak, Fudaneko Unibersidadeko soziologoak.
Igaz Baihek Txinako Gizarte Beharginen Alkarteagaz lankidetzan egindako txosten baten arabera, emakumeen % 57k uste dau senargai egokia topetea norberaren ibilbide profesionala baino garrantzitsuagoa dala. %70ek uste dau gizonezkoak ez litzatekezala ezkondu behar ondasunen jaube izan arte eta % 80k, barriz, ezkontideak hilean 4.000 yuan (500 euro) edo hortik gora irabazi behar dituala adierazoten dabe, aurreko urtean baino % 10 gehiago, hain zuzen be.
Kontua da ze urietako gazteek ez dabela astirik izaten hartu-emonetarako eta egoera horri aurre egiteko Liu amama eta beste asko Shangháiko Herriaren Parkean batzen dira astegoienetan euren loba edo seme-alaben kurrikulumak alkartrukatzeko. Zelestina edo artekari lana da antxinako eran. Bikotea topetan deutsegu eurei ezer esan barik, hitzorduak berbatzen doguz eta zain geratzen gara dino Liuk. Izan be, Txinan makinatxu bat gorabehera izan arren, familiak zeresan handia dauka bikotearen aukeraketan. Eta ezteiak ospe handikoak izatea ezinbestekoa da zehaztu dau Liu amumak.
Yang eta Xi bikoteak handitasunez ospatu gura eban ezkontzea eta I Do enpresearen esku itxi eban antolakuntza osoa. Familiagaz eta lagunakaz egin beharreko ospakizunak baino lehen gura genduzan argazki guztiak eta, beraz, Hainan ugarte tropikaleko Sanyara joan ginan eztei-bidaian urriaren 1eko oporraldia aprobetxauta. Txinatarren norako faborito diran Maldivetara edo Balira joango ziran gustorago baina ez euken horrenbeste dirurik.
Zure jaioterria ez dan Txinako edozein herritan argazkiak egitea astero 20.000 yuan (2.500 euro) dira baina nazinoartera joan gura izan ezkero, kopurua 100.000 yuanekoa (12.000 euro) izan daiteke adierazo dau Shanghaiko I Do enpresako zuzendari Robin Chenek. Edozelan be, urrun joan barik be dekoratu ederrak eskaintzen ditu Pekineko Changyu upategiak eta guzurretako Bordeleko chateau ederrean argazkiok eginez, Frantzian eginda dagozala pentsauko dau edozeinek; upategiak aspaldi sartu ziran negozioan eta gaur egun asko dira ardao botilen etiketan ezkontideen argazkiak jartea eskaintzen dabenak.
Hori bai, ardaoagaz edo ardao barik, karuena oturuntzea edo jatordua izaten da. Zeremonia erlijiosorik ez badago, ospakizunak arratsaldean hasten dira emaztegaiaren etxean; horra joaten jako bila senargaia. Leku bakotxean desbardina da tradizinoa baina normalean gurasoek jazten dabe senargaia emaztegaia etxean zain dagoan bitartean. Hortik aurrera, hurreko senitartekoen aurrean egiaztatzen da ezkontzea ezkontideek alkarri fideo sopea emoten deutsen bitartean. Gero, ahalik eta kotxe karuenetan abiatzen dira konbidatuak jatetxera. Ezkontideek sarreran egiten deutse harrerea normalean 200dik gora izaten diran konbidatuei; hortxe momentuan eskudiruz betetako hongbao gutunazal gorria jasoten dabe ezkontideek. Momentu horretan, emaztegaiak lehenengo jantzia erakutsiko dau Yang-ek adierazo dauenez. Aurrerago emaztegaiak beste bi jantzi beharko ditu: ohiko zuria, afariaren lehenengo zatirako eta bestea, barriz, gorria pastel zatiak ebagiteko momenturako. Besoak alkarkurutzatuta kopatik edan ostean, konbidatu guztiakana hurreratuko dira eurekaz be topa egiteko. Lehen emaztegaiaren jantzia ez zan hain garrantzitsua, sarritan amarena erabilten eben alabek baina gaur egun oinarrizkoa da, besteagandik nabarmentzeko ziurtatu dau La Vie txinatar markako diseinatzaile Ji Chengek.
Horregaitik Dragoi Handia sano erakargarria da sektoreko enpresentzako. Puntaren puntan Tsai Meiyue Taiwaneko diseinatzailea eta Vera Wang dagoz, azken hau txinatar jatorrikoa, ezkontzako jantziaren erregina lez ezaguna. Baina mundu guztiak nahi dau saria eta Pronovias etxea be Txinan dago lanean; 2012an, Nanjingen saltzen hasi ziran eta gaur arte ibilbide polita egin dau jentearen oneretxiagaz. Duda barik gaur egun txinatarren beharrizanetara bikain moldatzen diran nazinoarteko diseinatzaileak dira estimatuenak lehia gero eta handiagoa izan arren dino Ji Chengek. Baina merkatua erraldoia da eta mundu guztiarentzako lekua dago.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!