Txinatarrek ezkonberbea emoten dabenean (I)

Zigor Aldama 2013-09-17 15:48   Bidaide

Txinan sano merkea da ezkontzea; Erregistro Zibileko edozen bulegotan 9 yuan (1,1 euro) ordaindu eta ziurtagiria emoten deutsue. Ez da zeremoniarik izaten, normalean arpegikera desatsegin eta kopeta iluneko funtzionario batek agiriak jaso, bikoteari begiratu azkarra egin eta kolpe sendoa emonez, agiriko laukitxuan zigilu gorria jarten dau.

Txinan sano merkea da ezkontzea; Erregistro Zibileko edozen bulegotan 9 yuan (1,1 euro) ordaindu eta ziurtagiria emoten deutsue. Ez da zeremoniarik izaten, normalean arpegikera desatsegin eta kopeta iluneko funtzionario batek agiriak jaso, bikoteari begiratu azkarra egin eta kolpe sendoa emonez, agiriko laukitxuan zigilu gorria jarten dau. Horixe da prozesua, di-da egiten da, oso erraza da eta oso merkea. Halan da be, urietako txinatarrak dira munduan diru gehien gastetan dabenak ezkontzeko. Horren erakusgarri Yang Li eta Xi Linming bikotea adibide ezin hobea da. Sei bat urte ezkongai-hartu-emonetan ibili ostean, mutilak pausua emotea erabagi eban. Egoera ekonomiko egonkorrean nengoan eta ezkontzeko nahitaezko baldintza diran apartamentua eta kotxea erosi ostean, San Balendin eguneko ospakizuna ondo antolatzea zan hurrengo zeregina. Shangháiko frantziar jatetxe baten afari berezia erreserbau neban adierazo dau Yang Li baino bederatzi urte zaharragoa dan Xi Linmingek. Pekinen jaiotakoa da Xi eta AEBetako multinazional bateko kontu-ikuskaria. Egun horretan ez eustan ezer esan eta ze egun zan ahaztuko ebala pentsau neban. Baina arratsaldean bulegora bila joan jatan eta biok elkarregaz joan ginan afaltzen esan dau irribarretsu administrari lanak egiten dituan emakumeak.

Kolore argi baina beroa eukan frantziar jatetxeko erreserbatuan, mahai gainean larrosa-txortea egoala eta musika atsegina entzuten gengozala, Xi belauniko jarri, kutxatila txikia zabaldu eta platinozko eraztunean buztartutako diamantearen distireak bazterrak aztoratu zituan. Bitxia Hong Kong Chow Tai Fook eginikoa da eta Txinako konpainiarik ezagunenetakoa da hori; 1.500 euroan erosi eban senargaiak baina ganerako fakturak hortik gorakoak izan ziran. Senargaiaren kalkuluen arabera, emaztegaiak baietza emon eutsonetik, 250.000 yuan (31.000 euro inguru) gastau ditu ezkontzeagaz lotutako gauzetan. Dirutza handiegia da hori urtean 180.000 yuan (22.500 euro) inguru irabazten dituan erdi mailako bikote batentzako. Baina estatusa edo zeozelako maila hori erakusteko ez dago atxakiarik, behar dan guztia gastau behar da, ez dago beste aukerarik. Saltsa handirik bako zeozer gura genduan baina gizartearen eta inguraren presinoa sekulakoa da. Familiak eta lagunek esaten deutsue besteak baino gitxiago ez izateko eta jentaurrean ez zarena be erakutsi behar dozula eta horretarako zeremonia handia antolatzea dala bidea. Datu lez baino ez bada be, igaz 13,23 miloe ezkontza izan ziran txinan, 2011. urtean baino % 1,6 gehiago. Herrialdearen eten bako garapen ekonomikoak eraginda, erdi mailako herritarren zein dirudunen kopurua gora doa eta ezkontzen negozioa oso erakargarria da.

Kopuru eta datu ofizialik ez dago baina urte birik behin Shanghain egiten dan China Wedding Exporen eragina oso deigarria da. Ezkontza ospakizunetarako bikote batek behar dauen guztia eskura izaten da batez beste milatik gora erakusketari izaten dituan aitatu ferian. Danetarik eskaintzen deutsue: gozogintza espezializatua, yateen alogerea, argazkilariak, moda diseinatzaileak, bidaia-agentziak, jatetxeak eta abar.

Belaunaldien arteko aldeak zein gorabehera geografikoak sekulakoak dira; Shangháin arrakastatsua subertetan dana, segurutik ez da izango bape erakargarria Hunan probintzian eta alderantziz dino Yu Xiaolongek, Baihe online ezkontza-agentziako aholkulariak. Edozelan be, ezkontza txinatarrak bi ataletan sailka daitekez: batetik, ezkontza tradizionalak eta, bestetik, mendebaldeko zeremonien ezaugarrietakoak. Tradizionalak nekazaritza guneetan eta edadeko jentearen artean dira nagusi eta mendebaldeko ezaugarrietakoak, barriz, urietan eta jente gaztearen artean dira ohikoenak. Ezkontza tradizionala 10.000 yuan (1.200 euro) inguruan antolatu daiteke baina urietan gitxi batzuen esku baino ez dagozan astokeriak ikusten dira ganeratu dau.

Beste alde batetik, bikoteek egiten dituen argazkien arloan, estilo bat baino gehiago dagoz. I Do, Shanghaiko ezkontzetarako argazki agentzia ezaguneko zuzendari Robin Chenek azaldu dauenez, hasieran estetika barrokoa, europearra gura eben bikoteek baina aurrerago dibertigarriagoak diran Hego Koreako eta Japoniako estiloek hartu eben indarra. Orain jenteak ez dau kopiarik gura esklusibidadea baino. Beraz, urazpiko argazkiak egiteko aukerea eskaintzen dogu, argazkiak biluzik egitea, bikotearen erropeagaz jantzita eta holakoak.

Aitau argazki bereziotan, ezkongaiek gaztaroa eta gorputzen edertasuna nabarmendu gura izaten dabe eta argazkietan gehiago edo gitxiago erakusten daben bikoteak agiri dira. Kasu batzuetan astrapala handiak sortu dira Txinan argazkiak ikusita baina egia esan, argazki ausartenak izaten dira karuenak Chen jn.ak jakinarazo dauenez.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu