Asier Azpirozek irabazi dau Lizardi Saria
2013-09-09 15:27 BertsolaritzeaAsier Azpiroz eta Oier Aizpuruak oso saio bardindua egin eben, eta zarauztarra bigarren gelditu zan puntu bakarrera. Bertso onenaren saria be Oier Aizpuruak eroan eban, zortziko handiko lehen bertsoagaitik.
Asier Azpiroz Azpi zubietarrak irabazi dau Lizardi Saria pasa dan barikuan Zarautzen jokatutako finalean. Sei bertsolari gazte izan ziran lehian: Asier Azpiroz eta Oier Aizpuruaz (Zarautz) gan, Ane Labaka (Lasarte-Oria), Amaia Iturrioz (Urretxu), Gema Urteaga (Beasain) eta Eneritz Artetxe (Azkoitia); azken horrek Pello Ormazabalen ordez parte hartu eban eta besarkadea be bialdu eutson agurrean. Asier Azpiroz eta Oier Aizpuruak oso saio bardindua egin eben, eta zarauztarra bigarren gelditu zan puntu bakarrera. Bertso onenaren saria be Oier Aizpuruak eroan eban, zortziko handiko lehen bertsoagaitik. Felix Zubia ibili zan aurkezle lanetan eta Basarriren mendeurreneko ekitaldia izanik, irabazleari Iñaxi Etxabek jantzi eutson txapela.
Bertsolari gazteeek maila ona emon eben Lizardiko finalean. Bost lan puntuagarri izan zituen eta guztien entzun ziran lan politak. Zortziko handi, txiki, bina puntu, sei puntuan eta kartzela (bakarka hiruna bertso) ibili ziran. Sei puntukoa zan barritasuna eta bertsolariek ondo asmau eben neurri bihurrian be. Hondartzako sorosleak, Hegoameriketara joan eta droga trafiko eskaintzea jasotakoak, kirolari profesionalak... danetaraiko gaiak jorratu zituen. Kartzelan, barriz, honako gai honi kantau eutsien: 'Iritsi da eguna, polizia zure etxean zain dago'.
Entzuleak be urteroko legez erantzun eban Lizardiko finalean. Zarautzeko Modelo zineman 200 lagun inguru batu ziran eta gogoz txalotu zituen bertsolarien bertsoak.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!