'Dantza Lanak / Basque Country' katalogoa aurkeztu dabe Etxeparek eta ADDE alkarteak
2013-09-09 13:00 KultureaEtxepare Euskal Institutuak eta ADDE Euskal Herriko Jantza Profesionalen Alkarteak alkarlanean sortu daben Dantza Lanak / Basque Country katalogoa aurkeztu barri dabe Fira Tàrrega azokan.
Etxepare Euskal Institutuak eta ADDE Euskal Herriko Jantza Profesionalen Alkarteak alkarlanean sortu daben Dantza Lanak / Basque Country katalogoa aurkeztu barri dabe Fira Tàrrega azokan. Euskal jantza produkzinoak mundura zabaltzeko ahaleginean, sektorearen eskaerei erantzuna emotea da proiektuaren helburu nagusia.
Aizpea Goenaga Etxepare Euskal Institutuko zuzendariak eta Atxarte Lopez de Munain ADDEko ordezkariak aurkeztu eben liburua joan dan barikuan. Mueta honetako lehenengo gidea da, eta euskeraz, gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez konsultau daiteke, on line. Nazinoarteko jantza azoketako profesionalentzat tresna baliogarria eta kanpoko jantza programatzaileentzat informazio iturri bikaina izango dala uste dabe.
Aurten be Tarregako Firan Euskal Teatroa ekimena izan da. Erakusmahaian euskal arte eszenikoen barri eskaini dabe, eta euskal taldeen presentzia ahalbidetu. Hortzmuga Teatro, Ertza eta Cielo Raso taldeek aurkeztu ditue aurten euren lanak Tarregan.
Hortzmugak Yo estuve allí y... no lo contaron como yo lo ví antzezlana eroan eban Kataluniako azoka ezagunera; Ertzak Asier Zabaletak sortutako koreografiez ondutako 4x4 uri-jantza ikuskizuna; eta Cielo Raso konpainiak, barriz, Igor Calongek zuzendutako Carnaval lana.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!