Asier Altuna, Izibene Oñederra eta Luiso Berdejo Donostiako Zinemaldiaren Zabaltegi sailean
2013-08-29 10:42Euskal Herrian produzidutako hiru film be tartean izango dira: Asier Altunaren Zela Trovke, Izibene Oñederraren Hotzanak, For Your Own Safety eta Luiso Berdejoren Violet.

Donostia 61. Zinemaldiak urteko zinemearen panoramako proposamen interesgarri batzuk batuko ditu Zabaltegi sailean; horreen artean fikzinozko hainbat film luze, dokumentalak, film laburrak eta telesail bat, zehatz esateko bederatzi fikzinozko film luze, horreetatik bi animazinozkoak, sei dokumental eta hiru film labur.
Euskal Herrian produzidutako hiru film be tartean izango dira: Asier Altunaren Zela Trovke, Izibene Oñederraren Hotzanak, For Your Own Safety eta Luiso Berdejoren Violet; Berdejoren filma Zinemaldian estreinauko danez, Euskal Zinemearen Irizar saria irabazteko hautagaietako bat izango da.
Aitatutakoez gan, Javier Corcueraren Sigo siendo, Frances Relearen Serrat y Sabina: el simbolo y el cuate, Manuel Priede Gonzalez eta Jose Antonio Blancoren El rey de Canfranc eta Veronica Chenen Mujer Conejo lanak be lehiatuko dira beste herrialde batzuetatik etorritako filmakaz batera, Polonian, Hego Korean eta Kazakhstanen eginiko lanak, esaterako, baita 3Dko animazino film bat eta Sundanceko jaialdian lehiatu ziran bi dokumental be.
Bestalde, Oliver Stone zuzendariaren The Untold History of the United States telesail-dokumentala aurkeztuko da lehenengoz Espainian, baita AEBetako zuzendariak 2004an egin eban Alexander: The Ultimate Cut filmaren 206 minutuko muntaketa barri bat be.
Azken buruan, Lav Diaz zinemagile filipinarraren Prologo sa Ang Dakilang Desaparecido / Prologue to The Great Desaparecido film labur barriaren mundu mailako estreinaldia izango da. Zuzendari beraren Norte, Hangganan ng Kasaysayan / Norte, The End of History luzea be sail berean izango da ikusgai, Cannesetik igaro ostean.
Aurtengo Zabaltegi saila biribiltzeko, Park Hoonjung korearraren Sin-se-gae thrillerra izango da ikusgai, Beauneko Jaialdi Poliziakoan Epaimahaiaren Saria irabazi ebana. Morgan Nevilleren Twenty Feet from Stardom be ikusteko aukerea izango da, Sundance jaialdian aurkeztua eta XXI. mendeko legenda musikal handienakaz batera ibili ziran koristen istorio ezezaguna argitzen dauen filma.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!