'Bilboko jai ereduaren aldeko defentsan sabaia jo dogu'

Bizkaie! 2013-08-27 15:28

Aste Nagusiaren balantzea egin dabe gaur prentsaurrean Bilboko Udalak eta konparsek. Alde biak pozik azaldu dira.

Aste Nagusiaren balantzea egin dabe gaur prentsaurrean Bilboko Udalak eta konparsek. Alde biak pozik azaldu dira.

Aste Nagusiaren balantze positiboa egin dau prentsaurrean Itziar Urtasunek; adierazo dauenez, abuztuaren 17tik eta 25era bitartean, ehunka mila bilbotar eta bisitari ibili dira Bilboko kaleetan zehar txiki zein helduentzako antolatutako ekitaldiz gozetan. Jaietako eta Hiritarrei Laguntzeko Sailaren ustez, Aste Nagusiko ekitaldietan parte-hartze eta kalidade aurreikuspenak bete egin dira. Bestalde, denboraren porasuz finkatutako jai ereduaren alde lanean jarraitzeko asmoa azaldu dau: gustu guztientzako ekitaldiakaz, edegia, parte-hartzailea, herrikoia eta dobakoa.

Aurten, kontzertuen kokaleku barri izan dan Europa parkeari jagokonez, Jaietako eta Hiritarrei Laguntzeko zinegotziak aldarrikatu dauenez, 'Europa Parkeak soberan bete ditu Bilboko Udaleko aurreikuspenak Aste Nagusiko kontzertu gune barri legez'. Kontzertuak izan diran lau egunetan 40.000 lagun baino gehiago hurreratu dira eta normaltasuna izan da nagusi.

Txikigunean parte-hartzaileen kopuruak % 50eko igoerea izan dau azken bi urteotan, Doña Casilda parkera eroan zanetik, hain zuzen be. Aurten 125.000 lagun hurreratu dira eta zifra errekor honek kokapenaren egokitasuna sendotzen dau.

Uriko ostalaritza guneak batzen dituan Destino Bilbao alkarteak, Aste Nagusian zehar izandako bataz besteko okupazinoa % 86koa izan dala adierazo dau, nahiz eta egun batzuetan indize hau % 96ra igon. Alkarte horrek azpimarratu dauenez, lekuen % 10 azken orduan edo egun berean saldu dira.

Aterpetxeetako (hostel-ak) jarduera turistikoari jagokonez, Aste Nagusian ia % 100eko okupazinoa lortu da.

Beste alde batetik, Bilboko turismo bulegoak Aste Nagusiaren antolamenduko gune neuralgikoetako bat izan dira. Danetara, 22.240 persona hurreratu dira uriaren aukera turistikoei eta Aste Nagusiaren egitarau zabalari buruz galdetzera, eta aurreko edizinoan baino hamalau gune gehiago izan dira. Aurten bilbotarrek errekor guztiak hausi ditue, turismo bulegoetara bilbotar ugari hurreratu baitira, zehatz esateko 6.543 lagun izan dira, hau da, igaz baino % 69 gehiago.

Bilbotarrez gan, aitatzekoa da nazinoarteko turismoaren arloan izan diran emoitza onak, igazko zifra positiboak gainditu egin baitira. Aste Nagusian zehar, 6.921 atzerritar hurreratu dira informazino turistikoko bulegoetara, hau da, % 8 gehiago.


Konparsen balantzea

2013ko Aste Nagusia oso berezia izan da, eta oraindino lur jota bagagoz be balantzea egiteko ordua heldu da. Eta esaldi batean laburbildu behar badogu balantzea: Gure helburua ez bazan be, Bilboko jai ereduaren aldeko defensan sabaia jo dogula esan geinke.

Benetan Bilboko konparsok bilbotar, bizkaitar, Euskal Herritar zein mundutar guztiei bihotz bihotzez eskertzen deutsegu Aste Nagusiaren ereduaren aldeko babesa eta bultzadea. 9 egun honeetan parte hartzen eta jaiaz gozetan egon zarien guztiok txupina hasi baino aurreko astean bizi izan dogun eraso eta tensino une guztiak gainditzea lortu dozuelako.

Beraz: Zorionak! Eta zorionak zuon babesa parte-hartzean neurtu geinkelako. Antolatu diran ehunka ekitaldietan barriro be parte-hartzea igon egin dalako. Eta bestetik Marijaiaren silueta arpegiz osotzea lortu egin dogulako. Gogoratu Alde Zaharrean dagoan Euskal Museora joango dala guztiz prestetan dogunean.

Eta parte-hartzea zelan neurtu? Erraza! Txupinetik hasita Marijaia errekatik suaren artean joaten ikusi arte zenbakiek holan erakusten dabe: ekitaldi gastronomikoetan izan dan parte-hartzeak % 20ko igoerea izan dau. Guretzako hau ezinbesteko neurgailua da. Eta azpimarragarria tortilla lehiaketan marka guztiak hausi zirala: 456 tortilla aurkeztuz, hau da 4700 kilo patata eta 4600 arrautza erabili ziran. Umeen ekitaldi gastronomikoan be 300 ume inguru izan ziran eta argi dago umeentzako programazinoa zabaltzen doala gure ekitaldietan eta pisu espezifikoa hartzen doala.

Parte-hartzeak nabarmen egin dau gora ekitaldi guztietan baina gaua eskasago ibili da, akaso, krisiak eraginda.

Eta amaitzeko Aste Nagusitik ezabatu beharreko gauzak: batetik, eraso matxistak, ezin dira holako jarrerak onartu jai gunean (kanpoan bez) eta horren alde lan egiten jarraituko dogu.

Eta beste jarrera bat akabatu behar dana: gure jaiek jasoten dituen eraso politikoak. Mezu argi bat bialdu nahi deutsegu polemika faltsu eta mediatikoa sortzen daben politikari eta instituzinoei: zuen gauzetara dedikau! Ustelkeriagaz amaitu, enplegua sortu ... eta beste mila lan dozuez egiteko, baina itxi jaiak bakean!. Aurten txupinera eta grabazinoen inguruan bizitakoak ez dauka ez hankarik ez bururik. Eta zorionez konparsakaz batera herritar guztiek defendidu dabe Aste Nagusiaren ikonoa. Eta zorionez Udalaren parte batean eta Konparsetan eskarmentu nahiko egon da egoerea bideratzeko.

Eta zelan ez Iraia eta Joneri gure eskerrik beroenak eta muxurik goxoena konparsen aldetik: zuek zarie Aste Nagusiaren ordezkaririk onenak!! Zuek zaintzen eta mimatzen saiatu gara, espero dogu lortu izana.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu