'Bilbao Izan' egitarauaren barruan, Basurtuko klaratar kaputxinoen komentua ezagutu ahal izango da
2013-08-26 16:43Datorren astelehenetik aurrera, irailaren 2tik aurrera, barriz, jenteak, Basurtun dagoan klaratar kaputxinoen komentuaren instalazinoak bisitau ahal izango ditu.
Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak, uriko eraikin enblematikoetara egiten diran bisita gidatuen ekimena jarri eban martxan joan dan maiatzean. Ekimen hori, ondarearen zabalkunderako Bilbao Izan programearen barruan sartzen da, eta aurtengo edizinoan uriko hiru komentu bisitetako aukerea egon da.
Maiatzean eta bagilean Atxuriko Gizakundearen komentua eta Ángeles Custodioseko kongregazinoaren esku dagoan Deustuko La Cava Etxeak izan dira euren ateak zabaldu zituenak. Datorren astelehenetik aurrera, irailaren 2tik aurrera, barriz, jenteak, Basurtun dagoan klaratar kaputxinoen komentuaren instalazinoak bisitau ahal izango ditu.
Bilboko Pilarreko Gure Amaren Monasterioko Lekaimeen fundazinoa Pilar Novia de Salcedok bultzatu eban, eta 1907an hil zanean, bere testamentuan zenbait lur itxi zituan, urian lekaimeen Kaputxinoen komentua sortzeko. Ondoren, Novia de Salcedo familiako beste emakume batzuek lur gehiago laga eutsiezan ordenari legatu bitartez.
Komentuaren eraikuntzeari hasierea emoteko egokiagoa begitandu jakon Dolores Santo Domingok lagatako lurra erabilteari, eta bertara eroan zituen Pilar Novia de Salcedok lagatako orubean egoan baseleizako panteoi zaharreko aztarnak. Azkenik, 1927ko martiaren 27an lehen harria jarri eben Basurtun.
Astiro bazan be, zailtasun ekonomikoakaitik, lanek aurrera egin eben. Dana dala, proiektuak atzerapenak izan zituan, Errepublikaren aldarrikapenagaitik gehienbat. Azkenean, 1935eko irailaren 24an, kontenplazinozko ordena horretako lekaimeak heldu ziran Bilbora, komunidadeak gure urian egin beharreko ibilbideari hasierea emoteko.
Ohikoa danez, bisitak euskeraz eta gaztelaniaz izango dira, martitzenetan eta eguaztenetan 17:00etan eta 18:45ean; eguenetan eta barikuetan goizeko 10:00etan eta arratsaldeko 18:00etan, eta zapatuetan goizeko 10:00etan eta 11:45ean, datorren irailaren 28ra arte (alkartzeko lekua, Novia Salcedo kalea, 5). Bisiteak ordu eta erdi inguruko iraupena izango dau, eta talde bakotxak, gehienez be, 40 persona izango ditu. Hori dala eta, beharrezkoa izango da gaurtik aurrera (abuztuak 26) erreserbea egitea 94 401 00 10 telefono zenbakira deituz (goizeko 08:00etatik arratsaldeko 20:00etara).
Bilbao Izan
Bilbao Izan programea orain zortzi urte sortu zan, Bilboko biztanleei eta interesa daben guztiei, uriaren historia, ondarea, eta gaur egun Bilbo osotzen daben guneek denporan zehar izan daben bilakaerea eta eraikuntza prozesua ezagutarazoteko. Asmo horregaz zenbait ekimen garatu dira, horreen artean, auzoetara egindako bisita gidatuak, honako programa honeen bitartez: Bilbo, hile bakotxean auzo bat, Botxoko mendi-mazelak deskubritzen eta Hamabi begirada Bilbori.
Auzoetan antolatutako bisita gidatuen egitarauari jarraipena emonez, Kultura eta Hezkuntza Sailak beste pausu bat emon eban, bere arreta, ondarearen ikuspegitik bereziak diran uriko eraikinetan jarriz. Ekimen horren barruan, 2012an, Miguel de Unamunoren irudiagaz lotutako Zazpi Kaleetako hainbat leku bisitau zituen, haren heriotzearen 75. urteurrenean. Danetara, 2.189 lagunek hartu eben parte bisita horreetan.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!