Judas Arrieta: 'Gero arte, Txina'
2013-08-26 13:27 BidaideTxinan luzaroan geratzeko asmoagaz Euskal Herritik joandako lehenengo artistea izan zan eta handiustez txinatar artista bihurtzeko asmoz heldu zan egungo herrialde indartsuenetakoa dan horretara. Espainiar burbuilatik igesi, Judas Arrieta (Hondarribia, 1971) 2005ean heldu zan Pekinera, han gauzak aldatz gora izango zituala eta antzeko aholku guztiei jaramonik egin barik. Arrieta jn.aren eretxiz, diziplina anitzeko sortzaile izanik, artista lez zituan ames guztiak gauzatzeko leku ezin hobea zan. Orain, barriz, bueltan dator jaioterrira artelanetan ekialdeko eta mendebaldeko osogaiak modu kaotikoan buztartzen dituan artistea.
1.- Zelan otu jatzun Txinara biziten joatea?
Arrazoiak bat baino gehiago izan ziran. Arlo ekonomikoan, saskibaloi zelai baten neurriko estudioa gura neban nasai behar egiteko eta neurri handiko artelanak egin ahal izateko eta hori guztia ezinezkoa zan Euskal Herrian. Txinan sano merkeago topau neban aitatu ezaugarrietako lekua.
Horrezaz gan, etxetik 10.000 kilometro inguruan eta zehatz esateko Txinan bizitokia ezartzeko beste arrazoi bat japoniar kulturako manga, kung furen pelikula zein amerikar superheroiakazko maitasuna izan zan. 2002an hiru hilebete emon nituan Japonian eta ‘hondamendia’ izan zan. Beti gustau izan jataz hango kontuak baina nire aurrekontua ez zan Japoniara biziten joateko modukoa eta horregaitik aukeratu neban Txina, ekonomiari erreparauta; baina jakin banekian nire sormen prozesurako suspergarria izango zala Txina eta holan izan da.
2.- Pekinen emon dozuz urte batzuk. Zer ikasi dozu Txinan?
Zortzi urte dira honezkero. Uriaren kanpoaldean, 318 izenagaz ezaguna dan bertako artisten topagune eta kokalekuan hartu neban estudioa errentan, MA Studio, hain zuzen eta berehala hasi nintzan beharrean. Herrialdearen hegoaldean, munduko fabrikearen motorra dagoan lekuan jaio zan Judas Z toy seriea, antiheroi baldar eta adar-jotzailea, plastikozko nire alter egoa, zeozelan esateko.
Geuregaz bape zerikusirik ez dauen beste kultura eta artista batzuk ezagutzeaz eta horreen bitartez neure burua aberasteaz gan, Euskal Herrian ezinezkoak izango litzatekezan gauzak egin ahal izan dodaz Txinan, bai neurriz eta bai edukiz be, baina arazo batzuk be izan dodaz...
3.- Zentsurea, akaso?
Bai. Ibilbidea ez da erraza izan. Txinak bizirik sentiduarazoten zaitu, adi egon behar dozu eten barik. Lehenengo urtea oso gogorra izan zan. Bakar-bakarrik nengoan eta edozerk kezkatzen eta larritzen ninduan. Zuhur ez bazabilz, emon bai baina kendu be egiten deutsu Txinak, esan gura dot arlo fisikoan eta moralean indartsua ez bazara estu eta larri ibilteko aukera handiak daukazuz, tiburoiez ganezka dagoan ozeanoa lakoa da, hilten ez badozu hil egiten zaituan ozeanoa. Nire burua indartsu ikusten neban baina oso azkar jaubetu nintzan oso txikia eta hutsala nintzala. Ganera, Mao Zedong ikutuezineko irudia edo figurea Mickey Mouse arratoiaren buruhazurraren perimetroagaz bat eginik, Mickey Mao izenburupean agertu neban eta, bai, zentsurearen egurra jaso neban. Gaur egun, galarazota daukat Mao Zedong irudikatzea.
4.- Halan da be, zeozelako ospea eta indarra lortu dozuz...
Ez dakit. Arte txinatarraren ekosistema berezian buru-belarri sartu naz, makinatxu bat galeriatan eta hiru kontinentetako museo batzuetan nire obrak erakutsi ditue eta hori ez da gitxi. Txinako publikoarentzako euren kulturako sinboloak ardatz hartuta sortzen dodaz lanak eta txinatarrek egilea nongoa dan ez jakitea gura neuke; hori guztia pop artea eta komunismoaren baloreak bat egitea lotsabakokeria galanta dala jakinik. Euren erreakzinoa aztertu gura dot. Mao ez eze, indarraren eta boterearen eredu diran dragoiak be erabilten dodaz eta lantzean behin Buda bat be marrazten dot bazter baten subertea emongo deustalakoan. Alde horretatik, txinatarren antzekoa naz, hau da, ez dabe ezertan sinistuten baina badaezpada ahalik eta sinbolo eta erritu gehien erabilten dabe.
Ganerakoan, telebistako programa batzuetan be parte hartu izan dot eta produkzino lanetan be ibilia naz. Eta beste datu bat be emongo deutsut, izan be, 10.000 txinatar jarraitzaile baino gehiago dodaz Twitterraren antzeko Weibo plataforman; sekulako interesa sortu da eta pozik nago.
5.- Euskal artistak Txinan promozionetako Goazen Txinara! ekimena abiatu zenduan orain lau bat urte. Zelan joan da?
Polito. Txinako Joku Olinpikoen urtean abiatu neban ekimena eta erresidentzia programea da izatez. Txinatarrez osotutako epaimahaiak lau euskal artista aukeratzen ditu eta bekearen irabazleek Pekineko egoitza batean egin ahal izaten dabe lan hilebete bitan. Egonaldiaren azken egunetan erakusketa bat antolatzen da eginiko lanakaz eta bertako zein nazinoarteko egileakaz, galeriakaz, erakundeakaz eta arteagaz loturea daben hainbat personagaz hartu-emonak egiteko aukerea izaten dabe euskal artistek.
EHUgaz eta Etxepare Institutuagaz beka hitzarmena sinatu neban eta honezkero 40 bat sortzailek bi hilebeteko egonaldia egin dabe Mao nire estudioan. Era guztietako proiektuak egin doguz, instalazinoak, zinemea, pinturea, eskulturea, performance... Erresidentzia programa honek zubi lana egiten dau Euskal Herria eta Txinaren artean eta parte hartu dabenak oso pozik joaten dira etxera bueltan. Artista horreetako batzuek sariak be irabazi ditue eta makinatxu bat lekutan erakutsi ditue euren lanak. Obraren bat edo beste saltzea be lortu izan dabe eta hori sano gatxa da herrialde erraldoi honetan. Azken buruan, euskal artea eta artistak Txinan sustatzeko helburua bete dogula pentsetan dot.
6.- Zure lanak ikusgai dagoz ohiz kanpoko bi lekutan: industrialde batean eta Shanghaiko Euskal Etxean...
Leku egokiak dira biak hain desbardinak diran bi munduren, hau da, Euskal Herriaren eta Txinaren topaleku izateko. Alde batetik, zenbait obra jarri dodaz MCC (Mondragón Corporación Cooperativa) taldeak Txinako lehenengo espainiar industria gunean eregi dauen baserrian; artearen eta industriaren arteko fusino hori oso interesgarria begitantzen jat. Horrezaz gan, Euskal Etxean erakusgai jarri dodazan obrakaz, bi kulturen arteko distantzia murrizten dala pentsetan dot eta hori nire sormen lanaren helburuetako bat da.
7.- Artearen arloan, Txinan igarri dozu aldaketarik azken urteotan?
Bai. 2005eko edo 2008ko Txinak ez dauka bape zerikusirik egungoagaz. Azken urteotan izan dan sekulako hazkunde ekonomikoak artearen munduan be izan dau eragina eta gaur egun planetako erakargarrienetakoa dala esatea ez da astakeria. Baina kanpotarrentzat amaitu ziran maukak; euroak ez dau ezer balio yuanagaz konparauta eta inflazinoa itzela da hemen. Honezkero ez da hain merkea hemen bizi eta produzidutea. Higiezinen sektorean nabarmen ikusten da hori, izan be, egun etxean baino karuagoak dira prezioak.
Horrezaz gan, Txinan artearen merkatuaren gorabeherak apur bat ezagututa, nahikoa sektarioa dala esango neuke; berbarako, saldu dodazan obra guztiak atzerritarrek erosi deustiez. Subertea izan ezkero, erakusketa bat antolatu eta dana saltzea posible da baina ez da normalena. Askok pentsetan dabe ahalegin txikiagaz aberastu daitekezala hemen baina gero eta espazio gitxiago dago Picasso ez diran artista atzerritarrentzako ze galerietako arduradunek gurago dabe bertoko artistak bultzatzea kanpoko interferentziarik bariK. Ganera, diru baltza garbitzeko erabilten ditue galeriok.
Pare bat urtetan aberastu diran artista txinatarrak ezagutzen dodaz; hasieran, neugaz ibilten ziran batera eta bestera autobusez baina handik gitxira Audi kotxeagaz ikusten nituan. Ehun koadro egiteko eskatu eta gero desagertu egiten diran ustezko galeristak dabilz ugari. Artea negozio bihurtu da baina ezelako arte ikuspegirik barik.
8.- Txinan familia osotu dozu, aita izan zara baina etxera bueltan zatoz...
Bai, txinatar bategaz ezkondu eta aita izan naz. Baina esandako guztiagaitik txinatik alde egitea erabagi dot eta ezustekorik ezean, urrian izango naz Bilbon. Dana dala, beharrean jarraituko dot eta urtero Pekinera osterea egin gura neuke egoitza programeari eusteko; eregi dogun zubia noranzko bikoa izatea da orain gura dodana eta aurrerantzean artista txinatarrak eroatea Euskal Herrira.
Akaso nire akatsa izan da artearen kanal tradizionaletako, hau da, galeria eta museoetako ateak zabaltzen gehiegi obsesionetea. Beste bide batzuk topau behar dira merkatu guztia kontroletan daben bitartekariek indarra galdu deien, izan be, interes artistikoen gainetik jarten dabe interes ekonomikoa eta hori diktadura hutsa da.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!