Beste Tibet, Tibetetik kanpo

Zigor Aldama 2013-08-08 14:36   Bidaide

Xiaheko herritarren erdia tibetar etniakoa da, Lhasan baino gehiago. Historikoki Tibeteko zati izan arren, teknikoki ez da holan. Bidaiariak Jiuzhaigou laku ikusgarriakaz txundituta geratuko dira. 720 kilometro koadroko parke natural honetan ura garden-gardena da, hondoan zugatz enborrak eta adarrak ikusten dira, hondoratutako itsasontzien antzera.

3.000 metrora airea garbi dago, eta hotz. Oxigeno askorik ez dago. Birikiak ez dagoz gustura, giharrak be lar ez, eta denporea geldoago doa: pausu bat, eskilara-maila bat, hasperen bat, eta deskantsua. Matrailak beti gorri-gorri dituen leku honetako biztanleek, barriz, ez daukie holako arazorik, abiadura normalean dabilz, Xiahera etorri diran bisitariei begiratu be egin barik. Labrangeko monasterio budistea, Tibeteko Gelugpa ordenakoa, Lhasatik kanpo dagoan garrantzitsuena, jentez ganezka dago.

Tunika gorridun milatik gora monje hara eta hona dabilz, gora eta behera, bidaiarien argazki-makinak saihestu guran, eta atzamarra objetiboetara zuzenduz, musturra okertuta. Erromes tibetarrak, ostera, trankil dagoz, ehunka kilometro bidaiatu ostean. Horma lodi gorrizkadun eraikinetan sartzen dira, eta otoitz egiteko errotatxuei eragiten deutsie. Batzuk oinez doaz, beste batzuk belauniko egiten dabe aurrera. Etxean dagozala sentiduten dabe danek. Ez jakie ardura txinatar turistaz betetako autobusen joan-etorria.

Xiaheko herritarren % 50 tibetar etniakoa da, Lhasan baino ehuneko handiagoa. Mendi aldapatsuz inguratutako haran batean dago herria. Lekurik garaiena 4.636 metrotara dago. Historikoki Tibeteko zati izan arren, teknikoki ez da.

Alderdi Komunisteak diseinautako mugetan herri tibetarrek ganezka egiten dabe, horreetako bat da Xiahe. Txinako Gansu eskualdearen barruan dago, hain zuzen be. Horregaitk, ez dira beharrezkoak 1965ean ezarritako Tibeteko Eskualde Autonomora sartzeko eskatzen dituen baimen ernegagarriak, lortzeko hain gatxa diranak gaur egun, batez be 2008ko martiko matxinaden ostean. Lhasara norbere kontu bidaiatzeko papelak lortzea ia ezinezkoa zala esan eustien, halan ba, gurago izan dot 'beste Tibet' deitzen daben honetara etortea, dino australiar bidaiari batek. Kultura misteriotsu hau ezaguzeko gogoa neukan aspalditik, ganeratzen dau emakumeak.

Izan be, erraza da Gansuko uriburu Lanzhoutik Xiahera heltzea. Lau ordu dira autobusez. Paisaje ederrak dagoz bidean, lau orduak leihotik begira emoteko moduan. Apurka-apurka Gansu eskualdean nagusi dan okre kolorea galdu egiten da, eta berdea agiri da, mendi artean. Basamortuko sikutasunaren ordez, ur-jauziak, amaibako lautadak, eta tenplu eta etxe tibetarrak ikusiko doguz.

Handik ez oso urrun, Sichuaneko probintzian, tibetar giroa nabarmenagoa da. Songpan, Sershu edo Ganzi herriak astebete edo biko bidaian ikusi daitekez; tibetarren kulturea ezagutzeko aukera ederra, eta turista bisadua besterik ez da behar. Bide batez, bidaiariak Jiuzhaigou laku ikusgarriakaz txundituta geratuko dira. 720 kilometro koadroko parke natural honetan ura garden-gardena da, hondoan zugatz enborrak eta adarrak ikusten dira, hondoratutako itsasontzien antzera.

Dana dala, inguru hau nahikoa gatazkatsua da. Hemen, ez Tibet ofizialean, jazo dira inmolazino gehienak, 2009tik honakoak. Txinatar okupazinoaren kontra inmolau dira, danetara, 101 tibetar.

Akaso, Gobernua konturatu dalako aniztasun kulturala errespetetan ikasi behar dauela, Jiuzhaigou inguruan, ekoturismo ekimen aitzindari bat ipini dau martxan; halan, turistek aukerea daukie tibetar familietan egonaldiak egiteko. Jakina, galarazota dago politikaz berba egitea; han daukie, horman, Mao Tsetungen irudia, dana kontrolpean. Aukera ederra da jateko tradizional latza probetako, etxekoekaz kinuen bitartez komuniketako, eta ardi-ulezko hamaika mantaren azpian lo egiteko. Baserriko lanetan lagundu leike bisitariak, eta egurra batu bere bai, gero berogailuaren inguruan etxekoekaz edan eta jokoan jarduteko.

Duda barik, txinatar bidaiarien eretxiz, hau plan hau ez da erakargarria, gurago dabe edozein hoteletako erosotasuna, eta pilula kulturalak hartzea, giza zoologikoetan, edo parke tematikoetan. Kanpotarrek, barriz, nahiago dabe berogailu inguruko plana.

2009an ipini eben martxan proiektua, urte horretan 88 turista besterik ez ziran joan; baina, igaz 500 izan ziran. Gobernuak badaki txinatar turista talde antolatuak pasetan diran lekutik ez dala bedarrik hazten gehiago, horregaitik bidaiatzeko bestelako modu bat bultzatu nahi dau, ingurumena eta bertako kulturea errespetetan dituana, azaltzen dau Kieran Fitzgerald Jiuzhaiko Parkeko Turismo Jasangarriko aholkulariak.

Edozelan be, Gansu eta Sichuan tibetar zonaldeetan talde etniko bien arteko tensinoa agirikoa da. Banaketea nabarmena da. Urietako auzo zaharretan bizi diran eguzkiak eta haizeak baltzitutako azaleko biztanleak ez dira azal argiagoa daukienekaz nahastetan, eta honeek nahiago dabe zabalgune modernoetan bizitea, azulejo zuriz estalitako eraikin zatarretan. Eta, apurka-apurka, azken horreek danaren jaube bihurtzen dagoz. Pekin, kanpoko eraginaz bildur danez, leku batzuetara bidaiatzeko eragozpenak ipinten ditu, Ganzin berbarako. Beraz, merezidu dau zenbat arinen ikustea beste Tibet hori, desagertu orduko.


Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu