Zeanuriko San Justoko karobia ketan aurten be
2013-08-02 11:22Juan eta Julian Aranagaz batera, Moroneko Karearen Museoko (Sevilla) ordezkariek izetuko dabe San Justoko karobia abuztuaren 3an, zapatuan, 11:00etan. Ipizki Taldeak antolatuta, urteetan ahaztuta eta amatauta egon dan ke zurizkea San Justoko haretxen artean igongo da Gorbeia mendiaren tontorra bilatuz. Domeka eguerdirantz, labe-ahoa kare bizia oka egiten hasiko da.
Juan eta Julian Aranagaz batera, Moroneko Karearen Museoko (Sevilla) ordezkariek izetuko dabe San Justoko karobia abuztuaren 3an, zapatuan, 11:00etan. Ipizki Taldeak antolatuta, urteetan ahaztuta eta amatauta egon dan ke zurizkea San Justoko haretxen artean igongo da Gorbeia mendiaren tontorra bilatuz. Domeka eguerdirantz, labe-ahoa kare bizia oka egiten hasiko da.
Moron de la Fronterako Karearen Museotik Zeanurira etorriko dan ordezkaritzeak protagonismo berezia eukiko dau aurten karobia bizteko ekitaldian. Hau museoau 2011. urtean Gizateriaren Kultur Ondare Inmateriala izentau eban UNESCOk, eta bertako arduradunak igaztik hartu-emonetan dagoz Ipizki taldeagaz aurten San Justora etorteko, eta karea egiteko prozesua bertatik bertara ikusteko.
Bestalde, Lemoan dagozan nazinoarteko auzolandegiko gazteak be hurreratuko dira kare-labea martxan jarteko ekitaldira .
Orain dala hamazortzi urte berreskuratu eban Ipizki Taldeak, Juan eta Julian Aranaren zuzendaritzapean, 1950etik bertan behera itxita eta hondatuta egoan San Justoko karobia, eta ordutik hona abuztuaren lehenengo asteburuan martxan ipinten dabe.
Zapatuan,14:30ean, auzo-bazkaria egingo da San Justuko harexpean. Bazkari herrikoi horretan edozeinek parte hartu daike, aurretik izena emonda.
Hurrengo egunean, abuztuaren 4an, domekan, San Justoko erromeria ospatuko da. 12:30ean mezea izango da. Mezearen ostean maiordomoak barauskarria –ardao zuria eta gailetak– banatuko ditu jentearen artean eta jarraian paella txapelketea izango da.
Eguraldia lagun eta ohiturea jarraituz, asko izango dira da San Justoko harexpean bazkaltzen geratuko diranak, eta arrastian, 17:30etik aurrera, bola eta mus txapelketetan parte hartzeko aukerea izango dabe.
San Justokoa, karobi frantsesa
San Justokoa karobi frantsesa deritxana da, hau da, kontraterrenoa aprobetxauz eregitakoa. Apurka-apurka estutzen doan zulo bat da, 4 metroko sakonerea daukana, eta 150 zentimetroko zabalerea goiko aldean, eta 40koa behekoan.
Kare labe frantsesek era honetan egiten dabe lan: erregai funtzioa jokatzen dauen egurrez beteten dira, gero, ganean, kareharri kapa bat jarten da eta sua emoten jakie. Harria errez kare bihurtzen da, eta karea egin ahala, egurrez eta kareharriz kargetan da karobia. Lan horrek hainbat lagunen beharra eskatzen eban, horregaitik hiru-lau etxe alkartuz edo auzolanean egiten zan.
Karearen erabilerak
Jadanik Antzinaroko zibilizazinoek erabilten eben karea, adibidez egiptoarrek gorpuak baltsamatzeko erabilten eben. Euskal Herrian, erromatarren garaian eraikuntzan erabilten bazan be, XVII. mendetik aurrera, nekazaritzan erabilten hasi ziranean, erabat zabaldu zan.
Baina zertarako egiten zan karea? Hainbat zereginetarako: eraikuntzan, lurraz eta uraz nahastauz etxe-paretak eta era guztietako hormak eregiteko morteroa lortzen zan, eta uraz bakarrik nahastauz, baserrietako hormak zuritzeko letxera. Nekazaritzan, soroetako ongarri legez, eta koko edo harren kontra erabilten zan. Abeltzaintzan, korten desinfekzinorako eta ganaduen apatxetako gaixotasunak sendatzeko. Larrugintza industrian, animalien larruari haragia kentzeko erabilten zan. Medikuntzan, amigdalitisa, faringitisa eta azaleko gaixotasunak sendatzeko kare uragaz gargarak egitea agintzen zan. Aitagarria da arrautzak konserbetako erabilerea.
Ikusi daitekeenez, funzino ugari beteten zituan kareak eta ondorioz, Euskal Herri tradizionaleko geografian nonahi azaltzen ziran karobiak. Baina, XX. mendean, ongarri kimiko eta porlanaren produkzino industrialagaz lehiatu ezinik, bertan behera ixten hasi ziran, mende erdirantz guztiz desagertu arte.
San Justoko karobia berreskuratuz, Gorbeialdeko ondare historiko-kulturalaren ikerketan eta babesean garautxu bat jartea bilatzen dau Ipizki Taldeak. Abuztuaren 3an eta 4an barriro ikusi ahal izango da kare labea ketan!
SAN JUSTO JAIAK, OTZERINMENDIN (ZEANURIN)
Zapatua, abuztuaren 3a
- 11:00etan: Karobia izetutea. Juan eta Julian Aranagaz batera, Moroneko Karearen Museoko ordezkariek biztuko dabe.
Ostean, hamaiketakoa, Iñaki Arrandegiak emonda
- 14:30ean: auzo-bazkaria
Domekea, abuztuaren 4a
-13:00etan: mezea
Meza ostean, Barauskarria
- 14:00etan: Paellen aukezpena
- 17:30ean: Bola txapelketea eta Mus txapelketea
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!