Faraoien biztuerea Txinan jazo da
2013-07-24 15:10 BidaideEraikin megalomano honeek barruko ekonomia dinamizetan dabe, eta eregitzaile txinatarrentzat euren buruak kanpoan erakusteko aukera parebakoa dira. Izan be, Txinatik kanpo be kontratuak lortzen dabilz.
Bidaiariak lehiatilatik begiak ezin kenduta dabilz. Hegazkina Pudongeko aireportua topau guran dabil, Shanghain. Irudi ederrak opari, bisitarientzako. Lehenengo, gurma zarratua, hezetasun eta kutsadura nahastea, eta azpian Txinako megalopoli populatuena. Asfaltozko oihana, munduan etxe-orratz gehien dituana, 24 miloe lagunen babeslekua da. Hegazkinak aurrera egiten dau, hurreratzen hasten da, ekialdeko Txinako itsasoko ur okreen ganetik. Hementxe agiri jaku, handi eta itzel, Txinako azpiegitura garrantzitsuenetakoa: Shanghai eta Ningbo uriak lotzen dituan zubia, Zhejiang eskualdean.
36 kilometroko XXI. mendeko Moises erraldoiak Hangzhouko Badia bitan zatitzen dau. Herrialdearen handigurea argi erakusten dau. Inguruan urtero dagozan tifoi gogorrei aurre egiteko diseinauta dago; halan, lau urte behar izan zituen eregiteko, 1.100 miloe euroko inbersinoa, ia miloe bi eta erdi hormigoi tona eta egiturea osotzeko 880.000 tona altzairu.
Zubiak sei errail ditu, egunero 100.000 ibilgailu hartzeko moduan, nahiz eta 2016. urtera arte ez daben hainbeste trafiko espero. Zalantza barik, Alderdi Komunisteak epe luzera pentsetan dau, etorkizuneko beharrizanei aurre egiteko proiektuak burutzen ditu.
Behean, lurrean, gatxa da irudikatzea zelan elikau daitekezan Lujiazui uriko finantza-barrutian eten barik hazten diran erraldoiak. Hementxe dagoz Shanghaiko eraikinik enblematikoenak, uriaren garapenaren aldien erakusgarri. Garapen horren parekorik ez dago, AEBetan be ez. 1994an, Txina eta Espaniako ekonomien bolumena parekoa zanean, Perlearen Torreak (komunikazinoa) iragarri eban Herensuge Handiaren izartzea. Torrearen itxura futurista eta apur bat txotxolotxuak megalopolisaren zeruertz laua apurtu eban.
Bosturteko bat pasau behar izan zan Jin Mao (hotel eta bulegoak) etxe-orratzak dotoretasun apur bat emoteko uriaren skyline-ari. 432 metroko eraikina zortzi urtez izan zan jaun eta jaube, albo-alboan eregitako Munduko Finantza Zentroa gailendu jakon arte. Ordurako, Txina munduko hirugarren potentzia zan, baina Japonia baino gehiago izan gura eban. Handik gitxira lortu eban, eta hil honetan gauzatuko dau; Shanghaiko Torreak, orain gau eta egun beharrean dagozan garabiz beteak, altuera osoa daukanean, 632 metro, hain zuzen be. 2.000 miloe euro balio izan ditu, eta munduko bigarrena izango da, Dubaiko Burj Khalifaren ostean.
Baina, denpora gitxirako. Txinan errekorrek ez dabe lar irauten, txinatarren helburua beti da urregorrizko dominea. Daborduko prest dagoz Zeruko Torrearen zimenduak, Changsham eregiko dan 838 metroko 202 pisuko etxe-orratza, Dubaikoa txiki itxiko dauena. Baina, kasu honetan neurria ez da ardura dauen bakarra. Bigarren mailako uria aukeratu izana deigarria da, garapena mendebalderantz mobiduten dabilenaren seinale. Eregiteko modua be aldatu da, izan be aurrefabrikautako panelak erabiliko ditue. Zazpi hilebetean dana prest egongo da. Broad Sustainable Construction enpresa txinatarreko diseinatzaileek sortu dabe proiektua, euren esanetan, eregiteko modu barriak eraikinaren segurtasuna ahalbidetzen dau, eta aukera ugari eskaintzen deutsoz arkitektureari. Egitasmo honen arrakasteak Txinak arlo askotan ekarpenak egin leikezala erakutsiko dogu, adierazo eben ohar baten.
Baina, injineru eta arkitektoentzako proiektu zirraragarrienak akaso ez dira guretzat deigarrienak. Jente gitxi konturatzen da ze gatxa dan itsaso ganean 5.231 metroko trenbidea eregitea, kontuan izanda tenperaturea normalean zero azpitik egoten dala. Tangguko pasabidea, Qinghai eta Tibet lotzen dituan trenbidea, 2006an zabaldu zan. Trena pasetan dan munduko lekurik altuena da. Eta ez zan erraza izan hori lortzea.
1919an egin eben lehenengo proposamena, baina urte osoan izoztuta dagozan 500 kilometro baino gehiagoren ganean ezer eregitea erronka handiegia zan. Amesen zerrendan itxi eben zati baterako. Komunistek ekin eutsien proiektuari, baina diru faltea zala-eta Mao Zedongek ezin izan eban trenbidea hasi. Dana dala, orduan beste beharrizan garrantzitsuagoak zituen, berbarako, herrialde ikaragarri baten energia-beharrari aurre egiteko modua asmetea.
Helburu horri erantzuteko abiatu zan sekula izan dan proiektu hidrologiko handiena: Hiru Hatxarteen urtegia. 2.335 metro luze, 185 metroko garaiera eta oinarrian 110 metroko sakonerea daukan presea dira Harresi Handi honen gakoak. XXI. mendeko Txinaren poderearen ikurra da. 1.045 kilometro koadroko urtegiak 39,3 kilometro kubiko ur gordeteko edukiera dauka, eta 300 herri itxi ditu ur azpian.
Argi dago, faraoiak Txinan biztu dira. Eta euren lanek mundua harritzen segiduten dabe. Hurrengoa munduko ur azpiko tunel luzeena izango da; 123 kilometro egingo ditu Itsaso Oriaren azpian, Dalian (Liaoning eskualdeko uriburua) eta Yantai (Shandong ekialdean) uriak lotzeko. Proiektuak 32.500 miloe euroko aurrekontua dauka. Uri bien arteko ibilbidea mila kilometro laburragoa izango da. Gobernuak inbersinoa 12 urtean berreskuratzeko asmoa dauka.
Eraikin megalomano honeek barruko ekonomia dinamizetan dabe, eta eregitzaile txinatarrentzat euren buruak kanpoan erakusteko aukera parebakoa dira. Izan be, Txinatik kanpo be kontratuak lortzen dabilz. Ezagunena Nikaraguan sinatu dabena da. Txinatarrek Panamakoari lehia egingo deutson ubidea diseinau, eregi eta kudeatuko dabe 50 urtean. Edozelan be, Txinan bertan egingo dabenen aldean inuzentekeria hutsa.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!