Leire Markuerkiaga: 'Bertsozale Elkartean lan egiteko modua da gehien aldatu dana'
2013-07-15 11:38 BarriketanBertsozale Elkarteko behargina
Leire Markuerkiagak (Markina-Xemein, 1978) sano ondo dakiz Bertsozale Elkartearen nondik norakoak. Markinan bizi da bere gizonagaz eta ume biakaz, eta, gaztea izan arren, hainbat urte daroaz Elkartean beharrean. Urrietan hasiko dan Euskal Herriko Bertsolari Txapelketa Nagusia danok be hobeto ezagutu dagigun, lehenengo alkarrizketea dakartzuet.
Ingeles Filologia ikasi eban eta, 2007an Bizkaiko Bertsozale Elkartean hasi baino lehenago, paramen barik ibili zan Leire: eskolak emon zituan Batxilergoan, erdi eta goi-mailako zikloetan, enpresetan, ikastaroetan, udalekuetan... Horretaz gan, material didaktikoak sortzen eta Busturialdeko Hitzan be egin eban behar.
1.- Zein izan zan zure lehenengo hartu-emona bertsoagaz? Orain barrutik ezagutzen dozu bertsolaritzea: bardin gozetan da?
Gure etxean aita eta bere familia oso kantuzaleak izan dira beti. Hortik ikasi dot bertsoaz gozetan; batez be, kantu herrikoiak abestuz. Gero, eskolan be euki genduan bertsoaren barri Jon Lopategi eta Jose Luis Basterretxea Altzaleiri esker.
Bertsolaritzeagaz gozau dinozu… bardin ez da gozetan, ez. Alde batetik, bertsolarien, gai-jartzaileen, epaileen eta antolatzaileen esfortzua hurragotik ezagutzen dodanez, bertsolaritzea hobby lez neukanean baino gehiago apreziau eta baloretan dot. Baina bertsolaritzea lana edo beharra bihurtzen dan momentutik ez da erraza deskonektetea. Orain saioetan, nahi barik, begia joaten jat antolakuntza-esparrura: zelako eszenatokia dan, dekorazinoa, ondo entzuten dan, inor argazkiak ateraten dabilen… holako gauzetan eukiten dot burua.
Halanda be, familia-bazkarietan kantari edo kotxean bertsoak entzuten lehen beste disfrutetan dot!
2.- Ze ibilbide egin dozu Bertsozale Elkartean? Zein da zure eguneroko beharra?
2007ko maiatzean Elkartean nire ibilbidea hasi nebanetik, transmisino, sustapen, eta ikerketa arloen eragiletza eta koordinazinoan oinarritzen da, batez be, nire beharra. Orain administrazino eta diru-kontuetan gehiago zentrau banaz be, beste bi eragilegaz egiten dot egunerokoa eta horreei babesa emonaz laguntzea da nire zeregin nagusia.
3.- Urte asko daroazuz eta txapelketak be, bardin Bizkaiko edo Euskal Herrikoak, gitxi ez. Zeozer aldatu da? Onerako izan da?
Nik uste dot lan egiteko modua dala gehien aldatu dana. Elkartean beharrean hasi nintzanean, eragile bakarra nintzan, eta Elkarteak aurrera eroan nahi zituan proiektu danetan eragin behar neban. Gaur egun, zorionez, eragiletzea indartu dogu eta, beraz, lanak be banatuago daukaguzanez, gauza gehiagotara eta hobeto heltzen gara.
4.- Noz hasten zarie Txapelketea preparetan? Zeintzuk dira dana aurrera eroateko dagozan taldeak eta bakotxaren beharra?
Txapelketea jokatuko dan aurreko urteko urria-zemendian hasten gara talde-antolatzailearen lehenengo batzarrakaz. Hortik aurrera hasiko dira boluntarioz osoturiko beste talde danak martxan.
Txapelketea aurrera eroateko taldeek Bizkaiko Bertsozale Elkarteko zuzendaritzearen esanetara egiten dabe behar: talde-antolatzailea arduratzen da txapelketearen gidaritza eta eragiletzaz; talde teknikoak gai-jartzaileen taldea eta epaileen taldea dira eta aurreko hilebeteetan zein txapelketan zehar formazino saioak egiten ditue eta komunikazino taldearen egiteko nagusia txapelketearen komunikazino-plana diseinau eta berau aurrera eroatea da.
5.- Txapelketetan be danerik egoten da... Zein da zure akordurik onena? Eta ez hain ona?
2008ko Bizkaiko Txapelketea izan zan niretzako lehenengoa eta, beraz, beronen final ostean sentidutakoa da niretzat bizitakorik positiboena. Orduko eta biharamuneko lasaitu-nahia dodaz gogoan sarri. Gorputzak lasaitzea eskatzen eban, baina azken hilebeteetako martxa arinak ez eustan burua lasaitzen lagaten. Oso bitxia izan zan egoera ha.
2009ko Euskal Herriko finala be benetan izan zan polita: bai antolatzeko orduan zein bertan jazotakoa biziterakoan be.
Sarri pasetan dan moduan, esperientzia txarrak errazago gogoratzen dodaz. 2010eko txapelketea, aurretik eukitako eskarmentua kontuan izanda, neurri handi baten errazagoa izan zan, baina estutasun momentu dezente joan ziran: eskualdeetako txapelketak hasi baino pare bat egun lehenago eszenatoki gaineko ploterra edo dekorazinorako erabilten dogun pankarta handia lapurtu eustien kotxetik; Gernikako finalaurrekoan, eguraldi txarrak eraginda, argi-arazoak euki genduzan saioan zehar eta, ondorioz, ez genkian saioa amaitzeko moduan egongo ginan; final-egunean bertan amuma hil jakun… eta hori danori zazpi hilebeteko umea tripan neukala.
6.- Urrietan hasiko da Euskal Herriko Bertsolari Txapelketea. Apurka-apurka badoa kontua aurrerantza?
Bai, badabiz eragileak eta boluntario-talde danak lanean jo eta su. Etxe barruko behar asko honezkero egin dira eta laster urtengo dau danak azalera.
- Jateko bat: Bainak.
- Liburu bat: The Catcher in the Rye (J.D. Salinger).
- Abesti bat: Itsasoan urak haundi.
- Pelikula bat: Ume txiki bigaz, marrazki bizidunak ikusten dodaz gehiago
- Hobby bat: Korrika egitea
- Mania bat: Izarak amak irakatsitako moduan tolestu beharra, bai ala bai!
- Bertsolari bat: Bertsolaria ez, baina Lete poetea.
- Biajean joateko leku bat: Europako ia edozein uriburu.
Hasieratik erakutsi eustan Leirek alkarrizketa hau egiteko prestutasuna, eta prestutasun bera dauka Elkarterako be bai. Ni neu ahaleginduko naz berandu barik Txapelketeagaz zerikusia daukan beste protagonista bat Bizkaie!-raino ekarten. Ordura arte.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!