Kunming, udabarriko uria

Zigor Aldama 2013-07-12 15:44   Bidaide

Airetik ikusita, Yunnan margo eder-ederra begitantzen jaku. Aniztasun itzela daukan paisaje-mosaiko ikusgarria. Iparraldeko goi mendietatik, Tibeteko mugan, hegoaldeko oihan sakonetara. Barrualdean, ganera, haran, muino, laku eta arroz-soloek kolore-paleta ikaragarria osotzen dabe. Urdina, grisa, zuria, berdea... danetariko koloreak ikusi daitekez.

Airetik ikusita, Yunnan margo eder-ederra begitantzen jaku. Aniztasun itzela daukan paisaje-mosaiko ikusgarria. Iparraldeko goi mendietatik, Tibeteko mugan, hegoaldeko oihan sakonetara. Barrualdean, ganera, haran, muino, laku eta arroz-soloek kolore-paleta ikaragarria osotzen dabe. Urdina, grisa, zuria, berdea... danetariko koloreak ikusi daitekez. Txinako beste eskualde batek be ez dauka Yunnanek beste aniztasun.

Uriburua bera be, Kunming, atsegina eta erakargarria da, XXI. mendeko megauri txinatarren eredutik urrun. Giro lasaia, garbia dago 1.890 metrotara dagoan urian. Txinako beste uritzar askotan, barriz, dana da kutsadurea eta estresa, neurribako hazkunde ekonomikoa lortu guran alkarregaz burrukan danak. Udabarriaren uria esaten deutsie Yunnani, klima benetan be atsegina dauka eta. Jentea bestelakoa da hemen, atsegina eta lagunkoia. Zalantza barik, Kunming leku apropos-aproposa da eskualdean zehar biajea hasi orduko. Txinak azkenaldian hartutako norabideaz jaubetzeko aukera ederra da. Munduko lantegia bihurtu da Txina. Liluragarria, baina bildurgarria bere bai. Ultramodernoa, eta aldi berean tradizionala. Kunmingen posible da kaleko taberna txiki baten bertako armozu tipikoa probetea edo bost izarreko hotel dotore baten nazinoarteko buffet eskaintzeagaz gozetea. Edo te-etxe baten Yunnango ulong muetako terik onena edanez nasai-nasai egotea; edo Starbucks baten kaputxino bat hartu; uriko makina bat tenplutan arkitektura tradizionalagaz liluratzea, edo altzairu eta beirazko eraikin erraldoiakaz; opera txinatarraren emonaldien ñabardurakaz gozetea; edo urian dagozan makina bat chic diskoteketan izerdia botatea...

Kunmingek ez deusku hutsik egingo. Eta beti dago aukerea erreflexologia tradizionalean oinarritutako masaje nasaigarri bategaz amaitzeko eguna.

Edozelan be, eguna Dongfeng plazan hasi behar da. Hemen egiten dabe bat 8 miloeko uri erraldoieko biztanleek. Gazteak dendarik denda dabilz, bitartean nagusiak urmaeleko arraintxuei jaten emoten dagoz. Kunmingeko erdigunea da. Urigunetik urrun dagozan tenpluetara joateko autobusak hemen hartu daitekez, ganera. Yuantongeko tenplu budistea da lehenengoa, zoo etsigarri baten ondo-ondoan. Guen budista handiena da berau, mila urte baino gehiago ditu, eta haimakatxutan barriztau daben arren -Txinako monumentu gehienak lez- antxinako ezaugarriak ditu oraindino. Ehunka erromes etorten dira. Beraz, Budari errezetan ikusten doguzanak benetako sinisdunak dira, ez turistak, intzentsoa biztu, erretratuak atera eta horrek danak diru piloa irabazteko beste suberte emoten deutsien espero dabenak.

Kunmingen mezkitak be badagoz. Kultura eta gitxiengo etnikoen erakusgarri da, Txinan dagozan 56 gitxiengo etnikoetatik 26 Yunnan eskualdean bizi dira. Mezkita gehienak kale estu eta txikietan ostenduta dagozan eraikinak dira, baina badagoz batzuk, Nanchengeko mezkitea, berbarako, aretea biztuten dauena. Hau berau 1997an bota eben, mezkita handiagoa egiteko. Aurreko eraikinak 400 eukazan. Oraingoa handiagoa da, eta motzagoa. Hormigoizko eraikina da barria, Macaoko edozein kasinoren antzekoa.

Erlijino gaindosiaren kontra egokiena Laku Berdeko Parketik paseetea da. Txinako urietan parke gitxi egoten da, Kunming salbuespena da. Bertoko biztanleen eretxiz, horrexegaitik izaten da beti biziteko Txinako bost uri onenen artean. Prensa ofizalak urtero egiten dau inkestea. Pekin, Shanghai eta Kanton dira gune ekonomiko garrantzitsuenak, baina leku horretan bizitea sano estresagarria da. Hemen gitxiago irabazten dogu, baina bizimodua merkeagoa da eta kolore gehiago dauka, dino parkean kartetan jokatzen dabilen sasoiko emakume batek.

Ganera, Txinako gobernuak garapena herrialdeko bazter guztietara ailegetea gura dau, herrialdeak beti hur daukazan desbardintasun sozialak leuntzeko. Horregaitik, Kunmingo kanpoaldean parke industrial handiak eregiteko proiektuak ipini ditu martxan. Gazteak ekialdeko kostaldera joaten dira behar bila, hori ebitau gura dau gobernuak. Antza, lortu dabe euren asmoa.

Horrezaz parte, beste eskualde batzutako gazteak Udaberriaren Urira etorri dira. Hemen beti dago eguraldi ona eta jentea atsegina da, autortzen dau udan laba baten antzekoa dan Hunan probintziako gazte batek.

Eta bisitarientzako artisau-lan etnikoak erosteko lekurik onenetakoa da. Uriburuko merkatuak, apurtxu bat karuagoak izan arren, bidaiarientzako aukerarik onena dira. Baina, jakina, tratuan ibiltea guztiz derrigorra da. Normala da hasieran eskatzen dabenaren % 30 gitxiago oidaintzea. Lehenengotan gustura egon ez arren, azkenean prezio zuzena ordaintzearen burrukan egitea beste esperientzia bat gehiago izan daiteke, beti be modu atseginean. Izan be, askorentzat hauxe da bertako herritarrakaz hartu-emonak izateko aukera bakarretakoa.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu