Garaiko Udalak Zubiaurretarrak gogoratzeko ekitaldiak antolatu ditu

Bizkaie! 2013-07-11 15:47

Lehenengoa datorren garagarrilaren 13an, zapatuan, Garai herriko eraikin desbardinen aurrealdeetan egingo dan Zubiaurretarren begietatik izenburuko argazki-erakusketearen hasierea izango da. Erakusketea Zubiaurre anai margolariek XX. mende hasieran Garai herri bizkaitarrean hartutako 12 formatu handiko argazki erraldoiek osotzen dabe.

Joan dan urtarrilaren 24an Valentin Zubiaurre, margolaria, eta datorren zemendiaren 23an bere koinatua Ricardo Gutierrez Abascal Juan de la Encinaren heriotzen 50 urte beteten dira aurten. Esangura horretan, Garaiko Udalak, Gerediaga Alkarteagaz alkarlanean, 2013an zehar Zubiaurretarrak gogoratzeko hainbat ekitaldi antolatzeko asmoa dauka. Lehenengoa datorren garagarrilaren 13an, zapatuan, Garai herriko eraikin desbardinen aurrealdeetan egingo dan Zubiaurretarren begietatik izenburuko argazki-erakusketearen hasierea izango da. Erakusketea Zubiaurre anai margolariek XX. mende hasieran Garai herri bizkaitarrean hartutako 12 formatu handiko argazki erraldoiek osotzen dabe. Garagarrilaren 13tik abuztuaren 31ra arte egongo da argazkiok ikusteko aukerea.

Hasierea emoteko ekitaldian, eguerdiko 12:00etan, Garaiko Elizabarrin hain familia emonkorrari omenaldia egingo jako. Zubiaurretan blai! izenburuko ekitaldian Arte Eder Museoko zuzendaria dan Javier Viarrek, Zubiaurre anaien margoetan eta baita Juan de la Encinaren lanetan aditua, arteetako ospetsu horreei buruz berba egingo dau eta Nebraskako Unibersidadean irakaslea dan Iker Gonzalez-Allendek, barriz, Pilar Zubiaurreren lanaren zabaltzaileak, emakume handi honen alde kulturala aztertuko dau. Ikertzaile honek 2009an bere artikuluak eta egunkaria argitaratu zituan eta laster gutun-liburua plazaratuko dau.

Zubiaurretarrak XX. mendeko kultur munduan erreferentziazko pertsonaia nabarmenak izan ziran. Valentin Zubiaurre Uriona-Barrenetxeak [Garai 1837-Madril 1914], musikari-musikagile eta Madrilgo errege-kaperako maisua, bi seme margolari izan zituan Valentín [Madril 1879 – 1963] eta Ramón [Garai 1882 – Madril 1969] Zubiaurre Aguirrezabal, XX. mendeko euskal pintura erregionalistako margolaririk aitagarrienetakoak. Familia honen beste ardatz bat da Pilar arrebea [Garai 1884 – Mexiko 1970], 20 eta 30 hamarkadetako kultura arloko emakume garrantzitsua Espainian eta baita Mexikon 1939tik, gerra zibil osteko erbestealdian. Askoren artean, Maria de Maeztu eta Victoria Kentegaz batera, Madrilgo Lyceum Club Femino izan zanaren sortzailea, Ortega y Gasset, García Lorca, Alberti eta abarren giro kulturalean ibilitakoa. 1922an, Ricardo Gutierrez Abascal Juan de la Encinagaz [Bilbo 1888 – Mexiko 1963] ezkondu zan. Bera izan zan, hain zuzen be, Zubiaurre sortzaileen eta Madrilgo Arte Garaikideko Museoko zuzendaria (egungo Reina Sofíaren aurrekoa) eta arte kritikari honen arteko loturea.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu