Poesia, musikea eta artea, Eako Poesia Egunen hamargarren edizinoan
2013-07-11 15:47 KultureaGaur egungo egoera sozio-ekonomikoari begira ospatuko dabe Eako Poesia Egunen hamargarren urteurrena, garagarrilaren 19tik 21era bitartean. Ikusgarria da hemen bidegabea, Gabriel Arestiren aipua, izango da aurtengo lemea.
Gaur egungo egoera sozio-ekonomikoari begira ospatuko dabe Eako Poesia Egunen hamargarren urteurrena, garagarrilaren 19tik 21era bitartean. Ikusgarria da hemen bidegabea, Gabriel Arestiren aipua, izango da aurtengo lemea. Aurtengo kartela be Erramun Landak egin dau.
Bilboko Cafe Bar Bilbaon egin dabe arkezpena, eta bertan izan dira, besteak beste, Asun Landa antolatzaile taldeko kidea eta Lutxo Egia Zaldiarri liburaren apailatzailea.
Poesia gaur egun bizi dogun egoerearen aurrean, hori da, Asun Landak berak nabarmendu dauenez, 10. Eako Poesia Egunen gogoetagai nagusia. Urtez urte, praktikeak teoria ekarri dauala autortu dau, eta halan atondu dabe edizino honetako egitaraua be. Barikuan, garagarrikak 19, abiatuko dira Eako Poesia Egunak. Patxo Telleria aktoreak antzeztutako Euskeraren izen poetikoak irakurketa dramatizaua izango da lehenengo hitzordua, Udaletxean, 19:30ean. Gabriel Arestik 1967an Hernanin emondako berbaldia dau oinarri.
Ostean, Mikel Martinezek eta Iñaki Ziarrustak Sumak Kawsay Mikel Antzak jaialdirako beren-beregi sortutako testua leiduko dabe. Antzak ekonomiari buruzko hausnarketea egin dau, han eta hemen batutako ideakaz. Zaldiarri bildumako laugarren liburuan batuko dabe testua. Gogoeta mamitsua da. Itaun asko egiten ditu -azaldu dau Egiak- batzuk deserosoak.
Musikeak zarratuko dua lehenego eguna, Josu Bergara eta The Playful Ensembleren kontzertuagaz. Gabriel Aresti eta Estepan Urkiaga Lauaxata-ren olerkiak olatu erraldoi bihurtuko ditue, Lapatzatik itsosure emonaldian.
Zapatuan, hilak 20, goiz eta arrasti, egitarau betea izango da aukeran Ean. Fabiana Boer idazle argentinarrak Artea gizartea aldatzeko tresna gisa: sormena eta talde indartzea berbaldia egingo dau, Udaletxean, 10:30ean. Sormena eta gizartearen arteko hartu-emonak aztertuko ditu, azaldu dau Landak. Urtero lez, arteak leku berezia dauka Ean, horren erakusgarri dira Idoia Beratarbidek Burdinolako bidean egindako Urrats galduen bidea lana eta Ainhoa Alberdik eta Jurdana Otxoak, Joxemari Carrereren testu bat oinarri, aurkeztuko daben Zapatak antzezlana.
Arrastian, aurtengo poesia uztea probetako aukera ederra egongo da Apikalen eta Eskolapen, izan be lanen bat argitaratu barri daben poetek errezitaldi bana egingo dabe. Rikardo Arregi, Hedoi Etxarte, Fabiana Boer eta Castillo Suarez izango dira protagonistak. Eta, 23:15ean, Eñaut Elorrietak Deserriko kantak disko barria aurkeztuko dau zuzenean.
Luzien Etxezaharretak edegiko dau domekako egitaraua. 11:00etan hasiko dau Poesia, mailu eta fereka berbaldia, Beletxen. Ondoren, Eñaut Etxamendik poesia eta kantua ekarriko ditu Talara. Etxamendi a capella entzutea aukera parebakoa izango dala nabarmendu dabe antolatzaileek. Azkenengo hitzorduko gidaria Oier Guillan izango da. Metrokoadroka antzerki taldeko kideak lagun, aurton kaleratu dauen Elkartasun basatia poesia-liburuko hainbat olerki errezitauko ditu.
Eako Poesia Egunen egitarau osoa, hemen.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!