Bilbo eta Miarritze alkarlanean, Bilbao BBK Live eta BIG Festival musika jaialdien barri zabaltzeko
2013-07-05 14:18 MusikeaMichel Poueyts Miarritzeko alkateordeak be alkarlanaren garrantzia azpimarratu dau: komunidade baten parte gara, batzuek mugak daukiez buruan, baina danok euskaldunak gara eta alkarregaz behar eginda, nazinoartean lehiakor izan gaitekez maila ekonomikoan, turistikoan zein kulturalean.
Hilaren 11tik 13ra egingo da Bilboko Kobetamendin Bilbao BBK Live eta, ostean, 17tik 21era, BIG Festival helduko da Miarritzera. Uri bien arteko alkarlanerako akordioari esker, batak bestearen eskaintzea bultzatuko dau eta, holan, gaur Miarritzeko Udaleko ordezkariak egon dira Bilbon, euren jaialdiaren aurkezpena egiten. Bostgarrenez egingo dabe BIG Festival, nazinoarteko musikearen izar handiakaz, baina euskal musikeari be leku zabala emongo deutsie.
Ibone Bengoetxea Bilboko alkateordeak azaldu dauenez, igaz egin eben akordioa Miarritzegaz, uri bien arteko zubia eregiteko asmoz, leku bateko eta besteko artisten jarioa erraztu eta hartu-emonei etekina atarateko. Bengoetxearen eretxian, esparru kulturalean esperientziak trukatzea aberasgarria izango da eta uri bien lehiakortasuna areagotu daiteke, sinergiak aprobetxauta. Miarritzek onurea atarako dau Bilbo moduko uri bategaz egonda, gune ekonomiko indartsua eta urigintzaren eta biltzarren erreferentzia garelako, azpimarratu dau Bengoetxeak, Bilbok barriz, Miarritzek turismoagaz daukan eskarmentua eta ekitaldi kulturaletarako erraztasuna aprobetxau ahal izango ditu.
Michel Poueyts Miarritzeko alkateordeak be alkarlanaren garrantzia azpimarratu dau: komunidade baten parte gara, batzuek mugak daukiez buruan, baina danok euskaldunak gara eta alkarregaz behar eginda, nazinoartean lehiakor izan gaitekez maila ekonomikoan, turistikoan zein kulturalean. Akordioaren barruan, Bilboko BBK Liveren barri Miarritzeko turismo bulegoan emongo dabe eta erraztasunak jarriko dira Lapurdiko zaleak Bilbora etorteko. Era berean, Miarritzeko BIG Festivalen aurkezpena Bilbora ekarri dabe eta bertotik be, autobusak egongo dira beren-beregi jaialdira hurreratzeko. Aurrerantzean, kulturearen alorrean alkartruke gehiago egitea aurrikusi dabe eta kirol eskaintzan be trukeak nahi ditue. Ez dira ahaztu behar Miarritzeko koralak Bilbora egiten dituan bisitaldi ugariak, ganeratu dau Ibone Bengoetxeak. Alkarlanean ibili behar dogu, ez lehian, dino Michel Poueytsek.
Aurtengoa, BIG Festivalen bostgarren urtea izango da eta garagarrilaren 17tik 21era etenbako musikea egongo da hainbat gunetan: Hondartzan, Agilera errugbi zelaian, L´Atabal aretoan eta abar. Etenbako musikearena literala da, egunaren 24 orduetan musika emonaldiak izatea da BIGen asmoa. Gaur eguneko musikea aztertu eta erakusten deutsegu zaleei, azaldu dau Poueytsek. Hartara, nazinoarteko musikarien zerrenda aparta preparau dabe, Neil Young buru dala. Wu-tang Clan, Two Door Cinema Club, Breakbot eta George Clinton&Parliament Funkadelik be aitagarriak dira. Halandabe, euskal musikeak lekua izango dau, beti ahalegintzen gara Euskal Herriko taldeen eskaintza zabala osotzen, Hegoaldeko zein Iparraldekoak, aurten taldeen %20 inguru bertokoak izango dira. Bilbo zein Miarritzeko alkateordeak ziur dagoz uri bien arteko alkarlana benetan emonkorra izango dana, jente asko etorriko da Miarritzetik Bilbora lehenengo, eta gero alderantziz.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!