Bermeoko XVI. Jazzaldiak 3 kontzertu eta jam session bat eskainiko ditu garagarrilaren 3tik 5era
2013-06-28 15:18 MusikeaAurten Jazzber jaialdi honetan, Carlos Velasco Quintet euskaldunek, Poloniako Freeway Quintet eta Kopenhagen egoitza dauen Artur Tuznik Trio taldeak parte hartuko dabe. Kontzertu guztiak Kafe Antzokian izango dira eta sarrerea doban izango da.
Bermeoko XVI. Jazzaldiak hiru kontzertu eta jam session bat eskainiko ditu garagarrilaren 3tik 5era. Aurten Jazzber jaialdi honetan, Carlos Velasco Quintet euskaldunek, Poloniako Freeway Quintet eta Kopenhagen egoitza dauen Artur Tuznik Trio taldeak parte hartuko dabe. Kontzertu guztiak Kafe Antzokian izango dira eta sarrerea doban izango da. Jam sessiona Izaro Irish pub-ean izango da.
Aingeru Astui Bermeoko Udaleko Kultura zinegotziak eta Joseba Verdes Jizz-jazz taldeko kideak aurkeztu ditue Jazzber 2013ren nondik norakoak gaur egindako prentsaurrekoan. Holan, eskualdean egiten dan jazzaldi bakarraren egitarauaren barri emon dabe.
Jazz jaialdia garagarrilaren 3an, datorren eguaztenean, hasiko da Kafe Antzokian Carlos Velasco Quintet talde euskaldunak 20:30ean eskainiko dauen kontzertuagaz. Bertan, 2011. urtean argitaratutako Muy personal diskoa aurkeztuko dau Velascok, momentu honetan euskal jazzak dituan musikaririk aktiboenetarikoakaz batera: Iñaki Rodríguez saxoa, Willy Múñoz pianoa, Luisa Brito kontrabaxua eta Hilario Rodeiro bateria. Carlos Velasco gitarra-jole basauriarraren ibilbidea 80. hamarkadan hasi zan eta jazz, pop eta rock proiektuetan parte hartu dau.
Garagarrilaren 4an, eguenean, Freeway Quintet Poloniako taldearen txandea izango da. Boskote honek bere jazz progresiboa erakutsiko deusku Kafe Antzokian 20:30ean. Taldearen ezaugarri dira izaera eslaviarra, jazzaren konposizinoa ulertzeko erea eta bere kideek tradizinoa eta modernidadea buztartzeko daukien modu berezia. Bai taldeak berak, eta bai taldekideek banaka, hainbat sari irabazi ditue Poloniako jazz lehiaketarik garrantzitsuenetan.
Artur Tuznik Trio taldeak garagarrilaren 5ean, barikuan, emongo dau kontzertua Kafe Antzokian 20:30ean. Hirukote honen soinuaren bereizgarri dira hardbop, free jazz, gaur egungo musikearen inprobisazinoa eta abangoardia eskandinaviarra. Konposizinoek, Artur Tuznik-en lan originalak, hain zuzen be, erritmo indartsua dabe oinarrian. Artur Tuznik hirukotea 2011n sortu zan eta Kopenhagen dau egoitza, nahiz eta kideak poloniarrak eta letoniarrak izan.
Garagarrilaren 5ean, ohiko jam sessiona be izango da Izaro Irish Pub-ean gaueko 22:00etatik aurrera.
Aingeru Astuik gogoratu dauenez, Jazzber eskualdean egiten dan jazz jaialdi bakarra da. Holan, bere esanetan, jaialdi honek, Bermeo eta inguruko herrietako jazz musika zaletuei eta musika zaleei orokorrean, kontzertuakaz gozetako eta jazz estiloa hobeto ezagutzeko aukerea emoten deutse. Hori dala eta, Kultura zinegotziak persona guztiak konbidau ditu XVI. Jazzber honetan parte hartu eta kontzertuakaz gozau deien.
Jazzber jaialdia Bermeoko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailak Jizz-Jazz Kultur taldeagaz batera antolatzen dau. Laguntzaileak Bizkaiko Foru Aldundia, Izaro Irish Pub, Bermeoko Kafe Antzokia, Oizmendi Telebista eta Itsuki Irratia dira.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!