Bilboko B Awards diseinuaren jaialdian Japonia izango da herrialde konbidadua

Bizkaie! 2013-06-28 11:48

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak B Awards Bilbao Bizkaia Concept Design Festival egitasmoaren bigarren edizioa egingo dabe, Bilbao Bizkaia Design & Creativity Council erakundearen bitartez, zemendiaren 13an eta 14an, Bilboko Alondigan, Japonia herrialde konbidatua dala.

Bizkaiko Foru Aldundiak eta Bilboko Udalak B Awards Bilbao Bizkaia Concept Design Festival egitasmoaren bigarren edizioa egingo dabe, Bilbao Bizkaia Design & Creativity Council erakundearen bitartez, zemendiaren 13an eta 14an, Bilboko Alondigan, Japonia herrialde konbidatua dala. Jaialdiaren helburu nagusia Euskadiko eta munduko ganerako herrialdeetako diseinatzaile gazteen arteko hartu-emonak bultzatzea eta, aldi berean, euskal enpresen sarearen eta diseinatzaile gazte horreen arteko hartu-emonak ezartzea da, lankidetza eremuak aztertzeko.

Bizkaiko Aldundiko arduradunek jakinarazo dabenez, B Awards jaialdian berbaldi, tailer eta erakusketak izango dira, ekimenari izena emoten deutson nazinoarteko diseinu lehiaketeagaz buztartuko diranak. Aurten, atzerriko bost unibersidadek, Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) bik eta Nafarroako batek hartuko dabe parte lehiaketan. Hain zuzen be, Kyoto Technological Institute, London College of Communication, Beckmans College of Design Stockholm, Parsons School of New York, Politécnico di Milano, Euskal Herriko Unibersidadea (EHU), Mondragon Unibersidadea eta Tecnum Nafarroako Unibersidadea izango dira parte-hartzaileak.

Ikastegi horreek dagoeneko abiarazo dabe lehiaketan parte hartuko daben ikasleen lanak aukeratzeko prozesua. Sariak jasoteko bost kategoria dagoz: habitata, garraioa eta mobikortasuna, espazio publikoak, produktua eta komunikazino bisuala.

Aurten, B Awards Bilbao Bizkaia Concept Design Festival jaialdian konbidautako herrialdea Japonia izango da. Holan, Japan talks design izenburupean, Asiako herrialde horretan diseinuaren mundua zelan bizi daben jakin ahalko dabe ekimenean parte hartuko dabenek, Japoniatik heldutako hainbat profesionalek eskainitako bizipenen bitartez, besteak beste, entzute handiko diseinatzaileek, jaialdietako kideek, hezkuntza eta prentsa sektoreko eta dibulgazino arloko profesionalek, edota handik heldutako gazte profesionalek eskainitako bizipenen bitartez.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu