Estratosferatik gero eta hurrago
2013-06-17 15:32 BidaideHormigoi eta altzairuzko amesa. Neurriz kanpoko nabarmentasuna. Eta hori danori eraikuntza batean ikusten da argi: Burj Khalifa. Miloe erdi metro koadrotik gorako azalearea dauka, 828 metroko altuerea. Gizakiak eregitako beste egiturarik ez dago estratosferatik hurrago.
Dubai absurdoaren absurdoa da. Hormigoi eta altzairuzko amesa. Neurriz kanpoko nabarmentasuna. Eta hori danori eraikuntza batean ikusten da argi: Burj Khalifa. Miloe erdi metro koadrotik gorako azalearea dauka, 828 metroko altuerea. Gizakiak eregitako beste egiturarik ez dago estratosferatik hurrago. Etxe-orratza hain da garaia bisitari batek iluntzea beheko pisuan ikusi, igogailuz azkenengo solairura igon, eta barriro be ikusiko leukela. Jakina, kazetari honek ez dau lortu hori prozesu hori hiru minututan egiterik.
Burj Khalifaren antenearen puntea handik 95 kilometrora ikusten da, baina ezin daiteke ikusi eraikinaren oinarritik begiratu ezkero. Errekor guztiak apurtzeko deseinautako etxetzarra da: munduko eraikinik garaiena da, pisu gehien daukana (163, hain zuzen) eta metro gehien egiten dituan igogailua (504 metro). Kategoria bakarrean galdu dau lehenengo lekua 2010ean inaugurau ebenetik: zerutik hurren dagoan ikustokia. Izan be, 453 metrora dagoen terrazatik ikusi daiteke Dubai, baina Kantongo Torrean, Txinan, 35 metro gorago igon geinke.
Jakina, holango neurriak izanda, dana da handia Burj Khalifan. Sei urte iraun eben eregite-lanetan be makina bat marka apurtu ziran, bisitarientzako baino teknikarientzako sano deigarriak. Beharginek hormigoia 605 metroraino bonbatu behar izan eben, ordura arte egundo egin bakoa. Ganera, 31.400 tona altzairu behar izan ziran -eraikinak, danetara, miloe erdi tona ditu hutsik- egiturea eregiteko -40 haize-tuneletan probau eben diseinua segurua zala ziurtatzeko-, eta beirazko 28.261 panel, dana ondo estaltzeko.
Ez da harritzekoa Mohammed Ali Alabbar Emaar Properties (Hurreko Ekialdeko eraikuntza-etxe handienetakoa) enpresako presindetearen amesa egi bihurtzeko 80 herrialdetako 12.000 langile behar izatea. Danen artean, 22 miloe lanordu egin zituen. Langile gehienak India inguruko herrialde pobreetakoak izan ziran. Egunkariek argitaratutako txosten baten arabera, eregitzaileak ondo ebilzan aprobetxetan beharginen egoerea: arotz onenek 5 euroan kobretan eben ordua, eta ganerakoek horren erdia besterik ez eben jasoten.
Horrezaz gan, Human Rights Watch giza eskubuideen aldeko erakundeak beharginak ze egoera txarrean bizi ziran salatu eban. Kontratistek pasaporteak konfiskau egiten eutsiezan, ganera. 2006an, beharginak kokoteraino egozan; euretariko 2.000 kalera urten ziran, protestetan, eta 600.000 euro inguruko kalteak eragin zituen. Halanda be, etxe-orratzaren eregitean behargin bakarra hil zan lanean.
Soldata eskasak eskaini arren, Emaar-ek petrolioan oinarritutako oparotasunaren ikurra altxetako diru asko behar izan dau: 615 euroko aurrekontua eukan hasieran, baina lanak birritan atzeratu ostean, eta Adrian Smith arkitekto estatubatuarraren diseinuan aldaketa garrantzitsuak egin ondoren, amaieran 1.150 eta 3.070 miloe euroko balioa izan ebala kalkuletan dabe iturri batzuek.
Duda barik, diru hori igarri egiten da. Sarrerako hormak ikusgarriak dira, urre-koloreko akaberak eta Persiako Golkoko elementuak, 57 igogailuak, barruko lujua... eta jakina, Armani Hoteleko gela ikaragarriak. Etxebizitza partikularren inguruan ezer gitxi zabaldu da, baina batzuek dinoenez, izan leike Arabiar Emirerri Batuetako urregorria han gordetea.
Rolls Royce barik ailegetan diranak arrastietan eraikinaren ondoko lakuan eskaintzen daben musika- eta ur-ikuskizunagaz konformau beharko dabe. Barrura sartu be, Dubai Mall merkatalgunetik egin beharko dabe. Ikustokia 124. pisuan dago. Igogailuak 10 segundu metroko igoten dira, igogailu bizkorrenek belarrietako mina eta zorabioa eragiten dabe. Edozelan be, At the top gunetik ikusten danak merezidu dau hori, eta oraindu beharreko gitxieneko 25 euroko sarrerea (Internetez erosi ezean, sarrereak 90 euro ditu). Zalantza barik, eraikinari etekina aterateko modua da, nahiz eta Dubaik be bizi dauen finantza-krisialdiak ondorioak euki dituen.
Neurri faraonikoak izan arren, Burj Khalifaren erregetzeak iraungitze-datea dauka, 2018a hain zuzen be. Orduan edegiko dabe-eta saudiarabiarrek Kingdom Tower, Jida urian; kilometro bat baino gehiago izango dituen lehenengo etxe-orratza. 1.007 metro izango ditu, ez da gizkairik egongo 700 metrorik aurrera, baina garrantzitsuena eraikinaren puntearen altuerea da. Argi dago krisiak krisi, estratosferara ailegetako grineak ez daukala mugarik.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!