Arte barrokoa eta garaikidearen arteko alkarrizketea, Bilboko Guggenheim museoan
2013-06-14 15:30 KultureaBarroko neurrigabea. Cattelanetik Zurbaranera. Bizitza ezegonkorraren adierazpideak erakusketea lankidetzan antolatu dabe Bilboko Guggenheim eta Kunthaus Zürich museoek. XVII. mendeko eta gaur egungo sortzaileen ehun bat lan batu ditue museoaren hirugarren solairuan. Urriaren 6ra arte egongo da zabalik.
Barroko neurrigabea. Cattelanetik Zurbaranera. Bizitza ezegonkorraren adierazpideak erakusketea lankidetzan antolatu dabe Bilboko Guggenheim eta Kunthaus Zürich museoek. XVII. mendeko eta gaur egungo sortzaileen ehun bat lan batu ditue museoaren hirugarren solairuan, tartean Pieter Aersten, Giovanni Battista Langetti, Robert Crumb, Urs Fischer eta Cindy Sherman. Urriaren 6ra arte egongo da zabalik.
Erakusketea artearen sasoi biren arteko alkarrizketea dala azaldu dabe Juan Ignacio Vidarte Guggenheimeko zuzendariak eta Bice Curiger komisarioak. Barrokoak dituan ohiko perzepzino estetikoetatik urrundu gura izan dbe, klitxe batzuk albo batera itxi, berbarako, handitasunaren klitxea. Barrokoa ikusteko eta ulertzeko modu barritua eta erraza eskaintzen dau erakusketeak, Vidarteren esanetan. Aro horretako artista klasikoen lanen begirada barria da, hain zuzen be.
Artelan moltso handi bi horreen arteko azaleko analogia tematiko eta formalak saihestu ditu Curigerrek. Antxinako artea eta garaikidearen artean justaposizinoa eregi gura izan dot, tabu modernoetatik harago joatea izan da nire asmoa, azaldu dau. Barrokoko artea hurreratu eta ulergarri izatea da komisarioaren proposamena, bizipenen mundura ekarri. Mundu biak puntu baten topo egiten dabela esan dau.
Erakusketearen antolaketan zinemearen eragina autortu dau Curigerrek. Iraultza bisual handien aroan bizi garala, aproposa da agirikoa goratu eban sasoi bati atzera begirakoa eskaintzea.
Museo gehienetan Barrokoko artelanak horma ilun eta dotoreetan eskegita ikusten doguz, Guggenheimen, ostera, itxurea bestelakoa da. Jutez, zakuak egiteko ehun latz horregaz, tapautako hormen ganean ipini ditue, besteak beste, Zurbaran, Steen, Teniers, Vouet, Magnasco, Van Laerpiola, Barrera eta Van Wijnen margoak. Freskotasuna emon gura izan deutso erakusketeari, pinturak erakusgai ipinteko konbenzionalismoak apurtu.
Artelan garaikideak, barriz, horma zurian ipini ditue. Halan ikusi daitekez, berbarako, Cattelan, Madison, Rossetti, Oehlen, Tuazon, Minter, McCarthy, Sherman, Fischer, Crum, Schutz eta Tellerren beharrak. Bost kapitulutan banatu dau komisarioak erakusketea: Bukolikoa eta komikoa dana; Mitologia eta gizontasunaren goratzea; Barregarria eta baldarra dana; Caravaggio eta iluntasuna; eta, Vanitas eta neurribakokerien adierazpena. Danetara ehun lanek osotzen dabe erakusketea.
Kunthaus Zürichek maileguan itxitako artelanez gan, Europako beste museo batzuetako lanak be ikusgai dagoz, tartean, Madrileko Prado Museoko, Frankfurteko Städel Museoko, Vienako Kunsthistorisches Museoko eta Bilboko Arte Eder Museokoak.
Erakusketearen ganeko informazino gehiago, hemen.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!