Euskal Abertzaletasunaren Agiritegiak ikertzaileen esku ipini ditu EAJ-PNVri itzulitako Salamankako Agiriak
2013-06-07 11:27Sabino Arana Fundazinoaren Euskal Abertzaletasunaren Agiritegi Historikoak, bere XX. urteurrena ospatzeko antolatu dituan ekitaldien artean, Salamancako Memoria Historikoaren Dokumentazino Zentroak EAJ-PNVri itzulitako agiriak aurkeztu ditu eta ikerlarien eskura ipini.
Sabino Arana Fundazinoaren Euskal Abertzaletasunaren Agiritegi Historikoak, bere XX. urteurrena ospatzeko antolatu dituan ekitaldien artean, Salamancako Memoria Historikoaren Dokumentazino Zentroak EAJ-PNVri itzulitako agiriak aurkeztu ditu eta ikerlarien eskura ipini. Dokumentu horreek EAJk berak gehienbat Errepublikearen sasoian eta Gerra Zibilean sortutakoak dira, gero gatazka haretan bertan ez eze, ondorengo diktadura frankistan be konfiskatu egin eutsiezanak.
Estaduak itzulitako dokumentuak (15.000tik gora, 232 karpetatan banatuta) 1903 eta 1937ko maiatza bitartean sortu ziran, baina agiritzarik ugariena joan dan mendeko 30eko hamarkadakoa da.
Euzko Alderdi Jeltzaleak bere Batzar Nazionalak antolatzeko sortutako dokumentazinoa da, bai eta EAJren Aldundiak 1906 eta 1908 bitartean sortutakoak, edo EAJ-PNVren Euzkadi Buru Batzarrak 1911n gauzatutako lehenengo jarduerak jasoten dira, eta, batez be, Bizkai Buru Batzarraren artxibategiari jagokona, bai Euskal Idazkari Nagusiagaz eta sortu ziran batzordeakaz.
Aitatu karpetetako milaka dokumentuen artean dagoz, besteak, beste: kontabilidade-erregistroak, ogasunekoak, bileretako aktak, lurralde-batzarretakoak, beste lurralde-zuzendaritza batzuen akten kopiak; posta-truke ugari, urte hareetan izandako hauteskunde-prozesuei jagoken dokumentazinoa (hautagaien zerrendak, kontu-hartzaileenak, egiaztagutunak…), ahaztu barik Alderdiaren eraentzari berari jagokozan dokumentuak.
Dokumentazino horregaz batera azpimarra daitekez, era berean, EAJri atxikitako erakundeen agiri-funtsak: Emakume Abertzale Batza eta gaur egun hain urriak izanik, azpimarratzekoa da Bizkaiko EAJ-ko uri-buru-batzar zenbaiten artxibategi batzuk, besteak beste: Galdakao-Usansolo, Mungia, Urduliz, Lemoa, Amorebieta, Getxo, Portugalete, Lekeitio eta Mundakakoenak, edo Eibarrekoarena be bai; artxibategi horreetako batzuetan akta-liburuak, afiliatuen zerrendak, sarrera-orriak, arautegiak eta posta-trukea gorde dira.
Errepresinoa helburu
EAJren artxiboak harrapetearen helburua argi egon da beti: errepresinoa. Konfiskautako dokumentazinoa Salamancara eroan eben erakunde politiko eta sozial demokratikoetako partaideen fitxategia eratzeko. Informazino hori erabili eben diktadureagaz bat egiten ez ebenak zigortzeko.
Eduardo Jauregi Euskal Abertzaletasunaren Agiritegiko koordinatzailearen eretxiz dokumentu multzo handi hori ikusita, duda barik esan geinke EAJri konfiskautakoak euskal abertzaletasuna umezurtz itxi ebala. Jazarpenak ekarri eban dokumentu asko eta asko suntsituak izatea, etor eitekean errepresinoaren bildur. Orain zorionez Salamankako Agiriak barriro batu dira eta jatorrizko agiri horreek dagoeneko ikerlarien zein edozeinen eskura dagoz.
Sabino Arana Fundazioko lehendakari Juan Mª Atutxak bere aldetik gogoratu dau, Salamancako papel horreek, gerrearen eta diktadurearen ostean hutsetik hastearen alde ez egozanen errebindikazinoen ikur bihurtu zirala.
Alderdi abertzaleek eurena zana errebindiketan eben artean –erantsi dau–, alderdi estatalistek eta eskuinekoek ez zituen euren funtsak errebindiketan, edo ez eben ezer entzun nahi itzultzearen kontu haretaz. Baina, gero be, dokumentuok euren benetako jaubeei bueltau jakez.
Eta EAJren eskuetatik Euskal Abertzaletasunaren Agiritegi Historikoaren gordailuetara. Ez inor erreprimiduteko, ez epaitzeko, ezpada ze, argi egiteko eta iragana ulertzeko. Euskal abertzaletasunak hainbat hamarkadan egindako lanaren barri emoteko eta jokatu moduaren aldezgarri.
Salamankako Agirien aurkezpena Euskal Abertzaletasunaren Agiritegiak bere XX. urteurrena ospatzeko antolatutako ekitaldien artean kokatzen da. Jarduera horrezaz gain, Agiritegiak ondokoak be antolatu ditu: berbaldi bi, bata, bagilaren 13an, eguenean, 1937-4-26, Gernika hil zan eguna izenburukoa, Xabier Irujok (Historia eta Filosofian doktorea) emongo dauena, eta bestea, hilaren 19an, 1937-6-19, Bilbo oinperatua izenburukoa, José Ignacio Salazar Arechalde historialaria hizlari.
Bagilaren 14an, barriz, mintegi bat egingo da Artxibategi, Liburutegi eta Dokumentazino Zentroetako profesionalen Euskal Alkarteagaz (ALDEE) alkarlanean, eta haren gaia izango da Artxibategietako Informazinoaren hedapena. Euskal Abertzaletasunaren Agiritegiaren ekarpena mintegi horretan izango da agritegiaren funtsetara on-line sartzeko sistemea abian ipintzea, horretara erabiltzaileei ordenagailu personal baten bitartez konsultetea ahalbidetuko jakelarik.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!