Iñigo Portillo: 'Caostica jaialdiko pelikulak ausartak, biziak eta oldarkorrak dira'
2013-06-03 11:25 BarriketanEguenean, hilak 6, abiatuko da 11. Caostica Film Labur eta Bideoklip Jaialdia, Aita Arrupe zubipean. Bariku eta zapatuan Marzana moilea eta Biborock bihurtuko dira zinema-areto, jaialdi ibiltaria da-eta Caostica. Sari-emote eta amaiera jaian sorpresa asko egongo ei dira, Iñigo Portillo antolakuntza taldeko kideak azaldu deuskun lez. Astelehenean, EHUren Bizkaia Aretoan saritutako lan guztiak ikusteko aukerea izango da. Film bereziak proiektauko ditue Caostican, beste jaialdi batzutan nekez ikusten diran lanak.
1.- Caostica jaialdiak hamaika urte beteko ditu aurten, zelan abiatu zenduen?
Indautxuko Caos tabernearen inguruan sortu zan Caostica, zinemea gogoko eben bezero eta lagunen artean. Jaialdi guztiz amateurra antolatu zan; lehenengo urtean 10 film labur jaso genduzan, eta bigarrenean 200 inguru. Eta kopurua gorantz joan da urtero, aurton, 650 lan. Urteekaz jaialdia hazten joan da, profesionalizetan, webgunea sortu genduan...
2.- Zerk bereizten dau Caostica beste film laburren jaialdietatik, Zinebitik, berbarako?
Film laburrak eta bideoklipak proiektetan doguz Caostican, jaialdi gitxi dago bideoklipak kategoria lez daukiezanak. Edizino honetan Su ta Gar, Def con Dos eta Love of Lesbian taldeen bideokklipak jaso doguz, esaterako. Gure film labur guztiak fikzinozkoak dira, Zinebin, barriz, dokumentalak be izaten ditue. Caosticako pelikulak ausartak, biziak eta oldarkorrak dira, hori dabe ezaugarri nagusi.
Ganera, badaukagu beste atal bat, Sari Bizarroa deitzen doguna, lehiaketatik kanpo; bizarro berbeak -euskeraz, adoretsu, ausart edo kementsu- iradokitzen deutsenagaz film laburra sortu behar dabe zuzendariek. Atal honek pisu handia dauka Caostican. Zapatuan, hilaren 8an, Bilborocken proiektauko doguz. Ganerako arloetako lanak baino amateurragoak izaten dira. Zuzendari gehienak hurreratzen dira jaialdira, giro berezia egoten da, sano ona. Caostican ikusgai egoten diran pelikulak, lantzen dituen gaiak... gatxa da beste jaialdi batzuetan topetea.
3.- Jasotako 650 lanetatik, 40 besterik ez dozuez erakutsiko. Aukeretea erraza izan da?
Hautaketa batzordeak aukeratu ditu lanak, danak ikusi eta horrexek hartu dira. Horrek berrogeiak epaimahai profesional bati emoten jakoz, eta eurak daukie saridunak erabagiteko ardurea. Bizarro Saria, ostera, Caostika alkartekook emoten dogu. Baina, ez, ez da erraza izan, kalidade handia dago aurten, sariak emotea be ez da lan erraza izango.
4.- Zein erispideren arabera aukeratu dozuez filmak?
Batez be idea barrien bila gabilz, harrituko gaituen zeozer, gauza dibertigarria, ez daitela aspergarria izan. Eta ez daitela kristoren dramoia izan, ze nahikoa daukagu gaur egun bizi dogun egoereagaz, zineman be gauza bera ikusteko. Kalidadea, jakina, hori gustetan jaku. Caostican Oscar sarietarako izentautako lanak eta Goya sarietako irabazleak egon dira. Ausardiak eta kalidadeak bat egitea gura dogu.
5.- Zinebin ikusitako lan bi lehiatuko dira Caostican, The Mass of Men eta Voice over pelikulak, ganera biek saria irabazi eben, ezta?
Bai, The Mass of Men-ek Fizkinozko Urrezko Mikeldia jaso eban, eta Voice over-ek, Euskal Zinemaren Saria. Sarritan etorri da Zinebiko lanen bat gurera. Voice over Kimuak katalogoan dago, esaterako. The Mass of Men Caosticara bialdu dabela eta oso pozik gagoz, asko gustau jaku lana, baina gatx eukiko dau, kalidade handia dago eta aurten.
6.- Caostica nazinoarteko jaialdia da, nondik ailegetan jatzuez filmak?
Ba, munduko leku guztietatik: Argentinatik, AEBetatik, Errusiatik, Frantziatik, Espainiatik, Brasiletik, Alemaniatik... eta Euskal Herritik, jakina. Aukeratutako 40 horreetatik 12 Euskal Herrikoak dira, berbarako.
7.- Aurtengo edizinoan nortzuk dira epaimahaikoak?
Hiru kide ditu epaimahaiak aurten: Javier Chillón film labur egile eta irakasle madrildarra, Begoña del Teso zinema-kritikari donostiarra eta Aitor Aretxabaleta Hopper-Ink animazino enpresearen sortzailea.
8.- Hamaikagarren Caosticak aurrekoak baino egun bat gitxiago eukiko dau, krisialdiren eraginez akaso?
Proiekzinoak kalean egitea karua da. Eta dana egin behar da lehen baino askozaz diru gitxiagogaz. Norberak estutu behar dau, eta hornitzaileak be estutu behar doguz, eta hori ez da bape atsegina. Irudimen handiagaz, debaldeko ordu asko sartu daben boluntarioen lanagaz, lortu dogu aurtengo Caostica antolatzea. Ilusino handiagaz.
9.- Halanda be, sarrerea beti da debalde Caostican
Jaialdiaren ezaugarri garrantzitsuenetakoa da hori, sarrerea doban da. Zinemea ulertzeko modu bat daukagu, pelikulak aire zabalean ikustea gustetan jaku, garagardaoa eskuan, lagunagaz berbetan.
Mobidutea gogoko dogu, horregaitik jaialdi ibiltaria da, ez da beti leku berean egiten. Urtero leku barriak topetan doguz, hamaika urtean 40 lekutik gora probau doguz, Bilborock, Kontainer aretoa, Hikateneoa... Aurten, hiru espaziotan egongo gara: Marzana moilan (sarri izan da Caostica bertan), Bilborocken eta Aita Arrupe pasabidearen azpian. Jente asko pasetan da kaletik, eta bat-batean gugaz topo egiten dau; zer dan ikustera geratzen dira asko, eta gure jarraitzaile bihurtzen dira.
Zapatuan, sariak emon eta jaia egingo dogu, jai berezia. Sorpresa asko egongo dira. MC Mefisto aka Ramón Churruca eta Fausto Grossik performance bat egingo dabe, eta ostean, musikea, Los fontaine, DJ kinki eta D Chavecitoren eskutik. Jaiaren eszenografia guztia Bilboko Club del Picante taldeak sortu dau.
10.- Caostica Basurtuko ospitalera be helduko da. Zer prestau dozue?
Bai, bagilaren 15ean, 12:00etan, Caostica Kids antolatutako dogu Pediatria Sailean. Pabilioi bat zinema bihurtuko dogu goiz batez, animazinozko film laburrak proiektetako. Lanak aukeratu doguz, Caostican egongo ez diran pelikulen egileek be euren lanak eskaini deuskuez. Ia goiz atsegin bat pasarazoten deutsegun umeei.
11. Jaialdiaz gan, beste saltsa batzutan be bazabilzie Caostikako kideak?
Bai, beste proiektu batzuk egiten doguz, esaterako, Gizazinea jardunaldiak, Bilboko Udaletxeagaz batera. Zinemearen bidez gai jakin bat jorratzen da, adinekoak, immigrazinoa, krisialdi ekonomikoa edo bikote barruko komunikazinoa. Beste hainbat egitasmotan parte hartzen dogu, besteak beste, Basauriko Kartzelako Zinema Jaialdia eta BLV ART Kulturarako Zubia. Zinebi eta Alondigarentzat ekitaldiak eta zikloak antolatu doguz.
Beste batzuentzako egindako lantxuekaz alkartearen hainbat gastu ordaintzen doguz, argia, alokairua, Internet... eta jaialdiaren zati bat bere bai. Pelikulen proiekzinoak be atondu doguz, Castro Urdialesen, berbarako; han ez dago zinema-aretorik, oso ondo urten zan udako saioa. Gure hurrengo erronkea produkzinoa izango da, metraje laburreko filmak produziduten lagundu nahi dogu.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!