Kosmetikea ingurumenaren jagole

Zigor Aldama 2013-05-31 14:00   Bidaide

Li-Margrafetarren basoetan hasten diran 20 orkidea muetatik lau Guerlain etxe frantsesak bere produktu ezagunenetakoa dana egiteko erabilten ditu: Orchidée Imperiale kremea.

Jinghong-eko aireportura hurreratze-maniobrak egikeran, Txinak gaur egun daun arazo larrienetako bat erakusten deusku. Boeing 737 hegazkinak kutsadura geruza lodia zeharkatzen dauenean, Xishuangbanna lurraldea ikusten dogu, Herensuge Handiaren birikietako bat. Hegazkineko leihotik ikusten dan paisajea tristea da benetan be. Lehenago alfonbra orlegi zarratu-zarratua zana orain txatal ilunez beteta dago; lurra metalezko munstroek zulotzen dabe, eta hormigoizko erraldoiak eregiten ditue han eta hemen. Zaharra desagertu egin behar da, barriari lekua ixteko, dino txinatar esaera batek. Txinako urigintzearen arau bihurtu da esakunea.

Baina bada hondeagailuei aurre egiten deutsienak be. Tianzi (urrezko haziak, berbaz berba) parke natural pribadua da horreetako bat. 600 landara-espezie bizi dira parkean, beste hainbeste hektareatan, asko galtzeko arriskuan. Josef Margraf alemaniar biologoaren proiektu personala da. Jatorrizko oihanaren ekosistemea berregin gura izan dau, Laos eta Birmaniako mugen inguruan nagusi dan suntsiketeari bueltea emoteko. Gaur egungo egoerea enpresen diru-gosea eta politikari ustelen emoitzea da. Gure seme-alabakaitik egiten dogu, dino Margraf alargun Li Minguok. Senarra 2010ean hil zan, ordutik bera da parkearen arduraduna. Biologoak Tianziren inguruan mikrokosmos bat sortzea lortu eban bere laborategi sailean, Lik mendira eroan gura dau, handituta.

Txinak eraldaketa itzela bizi dau, naturea mehatxupean dago. Lehenengo dirua irabazi, eta ostean ekintza onak egin, hori da askok pentsetan dabena. Filosofia horrek 'kapital-tsunami' antzeko bat eragin dau, enpresa etxegileak bertako herritarrei lurrak erosi eta erosi dabilz etxeak eta golf-zelaiak egiteko. Nekazariak -gehienak gitxiengo etnikoetakoak, hezkuntza maila bajukoak asko- urietara doaz, eta mendia hiltear dago. Hemen, mila metrotik behera, dana da kautxua, ez da besterik landatzen. Hortik gora gehiena tea da, salatzen dau Lik.

Lik esandakoak parkerainoko hiru orduko bidai luze eta deserosoan gorpuzten dira; lujuzko urbanizazino barriak, merkatalguneak, eta basamortu berde aspergarria. Tianziren sarreratik hur 2011ko sutearen errastuak dagoz. Lik ezin deutso negarrari eutsi proiektua arriskuan ipini eban jazoerea gogoratzean. Interes handien kontra burrukan dabilela gogoratzen dau, eta laster berreskuratzen dau indarra. Basoa bere bizitzea da. Baina ez da erraza mantentzea, onartzen dau. Eta merkea be ez. Baso-barritzeak miloe bat yuan balio ditu urtero, 120.000 euro inguru. Parkeari erabilgarritasun komerziala topau behar eutsagun, azaltzen ddau Lik. Lora baten topau eben: orkidea.

Li-Margrafetarren basoetan hasten diran 20 orkidea muetatik lau Guerlain etxe frantsesak bere produktu ezagunenetakoa dana egiteko erabilten ditu: Orchidée Imperiale kremea. Zazpi hektareatan behar dan guztia batzen dogu, azaltzen dau François Gerardek, landarak jagoteko Guerlainek kontratetako biologo independenteak. Bere lana pasinoz egiten dauala igarten da. Ezin dau oihanean aurrera egin, arbola bakotxean geratzen da, urregorria izango balira lez ikutzen ditu, eta bidean topetan dauazan lora guztiak aztertzen ditu.

Molekula bereziak, ohikoa ez dan biologiaren bila dabil. Tianzingo lorategian aztertzen ditu, eta ostean zazpi hektareatako arlora daroaz. Apirilean behargin talde txiki batek batzen ditu, sikatu eta Genevara bialtzen dira, han lantzen ditue eta, azaltzen dau. Coca-cola freskagarriaren formulearen antzera, ez deusku esan nahi zeintzuk diran Tianzinen hazten diran 20 orkideatatik krema egiteko erabilten diranak. Lau dira, eta euron artean urrezko orkidea nabarmentzen da, dino. Zenbat ordekia erabilten dan be ez dau esan gura. Lehiakideek kopietea saihestu behar dogu, eta bide batez misterio apur bat gehitu, dinosku barrezka.

Marketingak holango produktuetan eragin handia daukala autortzen dau biologoak. Halanda be, kosmetiko batek ez badau funzionetan, ez da saltzen. Guk erabilten doguzan orkideek ezaugarri harrigarriak ditue, bioenergetika zelularreko ikerketek eta erabiltzaileek eurek halan erakutsi deuskue. Azaleko zelulen ugalkortasuna eragiten dauan osogai bat daukie. Guerlainen laborategiek 20 eta 60 urte bitarteko 216 emakumetan egin dabe probea, eta batez beste hamar urte gaztetu ei dira.

Holangoetan sinisten ez dabenek behintzat gauza bat argi daukie: kremeak Xishuangbanna basoa biztea lortuko dau. Guerlain eta Tianziren arteko lankidetza-hitzarmena 2022an amaituko da, Liren proiektuak aurrera egingo dau beraz. Lur gehiago erosi ahal izango dogu -azaltzen dau- natureari emon deuskuna itzultzeko. Dai herriko esaera bate dinoan lez, baso barik ez dago urik, ur barik ez dago arrozik, eta arroz barik ez dago jenterik.

Ikusi argazki guztiak handiago

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu