Arte eszenikoen formatu barritzaileenak Bilboko Alondigan dagoz, maiatzaren 31ra arte
2013-05-22 15:24 KultureaHilaren 31ra arte, beraz, arte eszenikoen ikuspegi barritzaileenak hartuko dau Alondigea, performance, berbaldi eta bestelakoen bidez. Ganerako jarduerakaz batera, 13 kreazino aurkeztuko dira, danak maiatzaren 22a eta 25a bitartean. Parte hartuko dabenen artean, aitatzekoa da Oscar Mata eta Espe Lopezek eratuko daben Psicodrama proiektua.
3, 2, 1 Forma Eszeniko Berrien Nazioarteko Topaketea, horixe da Bilbora lehenengoz datorren ekimenaren izenburua. Bertoko zein kanpoko artistak batuko dira, proposamen barriak eta sortzaile esperientziadunak. Helburua da, joera barritzaileenak publiko zabalaren eskura ipintea. Alondigan izango dira jarduera guztiak eta, besteak beste, plastiko gardenezko burbuila handi bat ipini dabe eraikinaren beheko solairuaren erdi-erdian, Kulturen Atarian.
Maiatzaren 18an hasi zan egitaraua martxan. Hilaren 31ra arte, beraz, arte eszenikoen ikuspegi barritzaileenak hartuko dau Alondigea, performance, berbaldi eta bestelakoen bidez. Ganerako jarduerakaz batera, 13 kreazino aurkeztuko dira, danak maiatzaren 22a eta 25a bitartean. Parte hartuko dabenen artean, aitatzekoa da Oscar Mata eta Espe Lopezek eratuko daben Psicodrama proiektua. Oscar Matak berak azaldu dauenez, arazo personal batetik abiatuta, parte-hartzaile guztien artean urtenbidea topauko dogu, baina ez da psikodrama hutsa izango, jentearen partaidetzea bultzatzea da asmoa. Izena emoten daben personakaz egingo ditue tailerrak Matak, Lopezek eta hareen laguntzaileek. Gero, danen ideiak batu eta cromlech handi bat egingo dabe. Jorge Oteiza gogoan izango dogu, modu artistiko zein pedagogikoan, ganeratu dau Matak. Proposamen artistikoak ekarriko ditue, era berean, Idoia Zabaleta, Jan Fabre, Ainara LeGardon, Massimo Furlan, Sonia Gomez eta abarrek.
Harridurea sortzea eta jenteak ikastea dira gure helburuak, azaldu dau Alondiga Bilbaoko programatzaile Fernando Perezek. Joera barritzaileenak publikoaren esku ipini nahi ditue, arte eszenikoetarako sarbide erraza emon gura deutsegu herritarrei. Holan, ekitaldi guztietara sartzeko bonoak salduko ditue, 60 euroan. Bonoagaz, emonkizun guztiak ikusi leitekez, dana dala, batzuk doban izango dira. Arte eszenikoak danei erakusteko asmo horretan, duda barik, ahalegin bereziena Alondigako atariaren erdi-erdian ipini daben plastikozko egitureagaz egin dabe. Burbuila moduko bat da, gardena, eta marmoka edo medusa izena emon deutsie. Plastique Fantastique taldea arduratu da marmokea egiteaz, espazio hau leiho baten modukoa da, adierazo dau Marco Canebacchik, Plastique Fantastiquekoak; espazio publikoaren barruan, gune pribadua da, baina era berean, beste eszenatoki guztiak baino publikoagoa be bada, kanpotik barruko guztia ikusten dalako. Marmokearen barruan, erlaxatzeko eta alkarregaz komuniketako espazioa sortu nahi izan dabe. Han, Karraskan disziplina arteko proiektua egingo dabe hilaren 23 eta 24an eta, Etxepare Institutuak aurkezpen bat egingo dau. Bastida aretoan, Kulturen Atarian eta erakusketa gelan be egingo ditue jarduerak.
Proposamen lokaletatik abiatuta, nazinoarteko zirkuituetaraino heldu nahi dogu, adierazo dau Fernando Perezek eta, horretarako, hiru aldiz antolatuko dabe Forma Eszeniko Barrien Topaketea. Aurten, lehenengo aldiz, baina izenburuak dinoan legez (3, 2, 1), goitik behera kontauko ditue ekitaldiak. Aurtengoa, 3 zenbakiduna da, datorren urtean 2 zenbakiduna egingo dabe eta, zikloa amaitzeko, 2015ean izango da azkena, 1 zenbakiduna. Sarrerak zein bonuak erosi eta egitarauaren barri izateko, jo webgune honetara: www.alhondigabilbao.com
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!