2013ko Umore Azokeak Compagnie Daad, Ertza eta Markeliñe saritu ditu
2013-05-20 11:24 KultureaErtza konpainiaren 4 x 4 obreak jaso dau 2013ko Umore Azoka Saria Euskadiko Ikuskizun Onenari: uriko hizkuntzetan oinarritutako pultsu dramaturgikoa, planteamendu estetikoa eta soluzino teknikoagaitik, eta etnia desbardineko lau jantzarik koreografiautako arte latza egiten dabelako.
Leioako XIV. Umore Azokeak atzo eguerdian emon eutson amaierea 2013ko edizinoari, epaimahaikideak aurtengo ikuskizun irabazleak zeintzuk diran ezagutzera emon eta gero. Maiatzaren 16an hasi eta 19an, domekan, amaitu dan Feria honetarako 54 ikuskizun desbardin eta 53 konpainia aukeratu zituen antolatzaileak, horreetatik hamabi Euskadikoak, beste hamabost Kataluniakoak, hamaika Estadu espainiarreko erkidego desbardinetakoak eta ganerako 17ak Erresuma Batua, Errumania, Errusia, Frantzia, Holanda, Israel, Italia, Polonia, edo Turkiako artistakaz osotutakoak.
2013ko irabazleak
- 2013ko Umore Azoka Saria Ikuskizun Onenari:
Holandako Compagnie DaaDen La cuisine macabre ikuskizunari, proposamenaren originaltasunagaitik, agerraldiko bizkarrazurra bilakatzen dabelako gurdi bat eta horren inguruan interpretazinoan eusten dan dramaturgia eta gastronomiaren inguruko istorio bildurgarria garatzen dabelako.
- 2013ko Umore Azoka Saria Euskadiko Ikuskizun Onenari:
Ertza konpainiaren 4 x 4 obreari, uriko hizkuntzetan oinarritutako pultsu dramaturgikoa, planteamendu estetikoa eta soluzino teknikoagaitik, eta etnia desbardineko lau jantzarik koreografiautako arte latza egiten dabelako.
- 2013ko Ohorezko Saria
Markeliñe konpainiak jaso dau 2013ko Ohorezko Saria, antzerkigintzan ahotsa kasik altzau barik emondako ia hiru hamarkadakaitik eta gogaitubako langileak, profesional apartak eta ondo egindako antzerkigintzearen enbaxadoreak diralako.
Epaimahaiak erabagi dau baita, Aitamen Berezia emotea Kataluniako Fet a Mà konpainiaren Swap! lanari, jantza eta zirkuaren buztarketeak eskaintzen dauen magiak eta zaindutako oinarri teknikoak komuniketako gaitasun handia dauen adierazkortasun poetikoa dakarrelako.
XIV. Umore Azokako epaimahaia aditu honeek osotu dabe: Carmen Blasco, Zaragozako Udaleko Zaragoza Kulturaleko Kaleko Ekintzen programazino burua; Filgi Claverie, Lapurdiko Harri Xuri/Artzamendi Sivom-eko arduraduna; Carlos Gil, Artez aldizkariko zuzendaria eta antzerki kritikaria; Anna Giribet, FiraTàrregako programazino teknikaria; Fernando Pérez, Kultur Programazinoko teknikari seniorra Bilboko Alhondigan eta Juan Pablo Soler, Teatro Circo de Murciako Gerentea eta Zuzendaritzearen albokoa eta La Red de Teatroseko Zuzendaritza Batzordeko kidea.
Umore Azoka 2013ko balorazinoa
Maiatzaren 16tik 19ra bitartean egindako Leioako Umore Azoka-Kaleko Artisten Azokeak, arrakasteagaz emon deutso amaierea aurtengo edizinoari, nahiz eta euria etenik bakoa izan dan lau egunetan zehar. Hori dala eta, herri osoan atondutako hogei eszenatoki desbardinetan eskaini behar ziran emonaldien ordez, Sakoneta eta Kandelazubieta kiroldegiak egokitu zituen antolatzaileek eszenatoki moduan eta bertan eta Kultur Leioako Auditorioan batu zituen iragarritako ekitaldi gehienak.
Umore Azokako zuzendaria dan Ana López Asensiok azpimarratu dauenez, antolatzaileon eskuetan egon dan guztia egin dogu ahalik eta iragarritako ikuskizun gehien mantentzeko eta, lau egunetan zehar egindako eguraldi txarra kontuan izanda, poza azaldu dau eskainitako ekitaldietan batutako ikusle kopuruagaitik.
2013ko Umore Azokeak 125 emonaldi esakaini ditu eta, bataz beste, 26.000 ikusle batu ditu lau egunetan zehar. Barikuan eta lzapatuan batu zan ikusle kopuru handiena, 10.000 lagun egun bakotxean; eguenean 4.800 ikusle hurreratu ziran agerraldietara eta domekan, barriz, 1.200 inguru.
Eguraldi txarragaitik bertan behera itxitako emonaldiak bederatzi izan badira be, Leioara etorritako konpainia guztiek euren ikuskizunak erakusteko aukerea izan dabe.
Ikusi argazki guztiak handiago
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!