Medikuntza Historiaren Euskal Museoa, munduko 30 unibersidade-museo miresgarrienetako bat
2013-05-17 15:46 KultureaXIX. eta XX. mendeetan Euskal Herriko medikuek, ospitaleek eta beste erakunde batzuek erabili dituen 6.000 objektu baino gehiagoz osotutako bilduma bat dauka, eta baita aldi bereko medikuntza entziklopedia eta liburuez osotutako liburutegi handi bat be, medikuntza garaikidearen historia kolektiboa gordetaen dauena.
Rankingen bidez unibersidadeei buruzko argibideak emoten espezializauta dagoan Best Colleges Online webguneak, UPV/EHUko Medikuntza eta Zientzia Historiaren Euskal Museoa sartu dau munduko 30 unibersidade-museo miresgarrienen zerrendan. Ranking hau osotzeko kontuan izan ditue erakunde horreen arkitekturea, baliabideak eta, batez be, bilduma funtsak edota unibersidadearen barruan beteten daben irakaskuntza-funtzinoa lako ezaugarriak.
Medikuntza eta Zientzia Historiaren Euskal Museoak Bizkaiko Foru zerrenda horretan agertzen dan Estaduko zentro bakarra da. Bere aitamenean azpimarratzen dan legez, XIX. eta XX. mendeetan Euskal Herriko medikuek, ospitaleek eta beste erakunde batzuek erabili dituen 6.000 objektu baino gehiagoz osotutako bilduma bat dauka, eta baita aldi bereko medikuntza entziklopedia eta liburuez osotutako liburutegi handi bat be, medikuntza garaikidearen historia kolektiboa gordetaen dauena. UPV/EHUkoagaz batera, zerrenda horretan, besteak beste, AEB, Kanada, Britainia Handia, Alemania, Frantzia, Italia, Australia, Singapur edo Israel lako herrialdeetako unibersidade-museoak be agertzen dira.
Medikuntza eta Zientzia Historiaren Euskal Museoa bere ezaugarriak dituan bakarra da Espainia osoan. 1982. urtean sortu eban José Luis Gotik eta, gaur egun, Anton Erkoreka irakaslea da zuzendaria. Ondare zientifikoa gordeteaz gan, Museoak, zentro unibersitarioa dan neurrian, ikerketa eta irakasle betebeharrak be baditu. Ikerketa arloan, geofisika, meteorologia edo gaixotasunen historia lako gaien ikuspegi globala tokian tokiko errealidadearen interesagaz batzen ditu osasun eta zientzia arlo desbardinetan. Eta irakaskuntza arloan, Mintegi Gelan klase magistralak eta mintegiak emoten dira eta osasun arloagaz zerikusia daben titulazino ikasgai desbardinei buruzko praktikak be egiten dira.
Museoen Nazinoarteko Eguna
Gaur barikua, maiatzak 17, UPV/EHUko Medikuntza eta Zientzia Historiaren Euskal Museoak ateak zabaltzeko eguna egingo dau (UPV/EHUko Biblioteka Nagusiko 3. pisuan, Bizkaiko Campusa, Sarriena auzoa z/g, Leioa) zapatuan, hilak 18, ospatuko dan Museoen Nazioarteko Egunagaz bat eginaz. Museoa zabalik egongo da 9:00etatik 14:00etara bitartean, eta 11:00etan bisita gidatua eskainiko da.
Erantzun
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!