Toti Martinez de Lezea eta Dolores Redondo idazleak protagonista 'Mitologia euskal literaturan' ekimenean

Bizkaie! 2013-05-17 14:22   Kulturea

Mitologia euskal literaturan gaia berbagai hartuta, Toti Martínez de Lezea eta Dolores Redondo idazleak izango dira protagonista Eztabaidak literatureagaz ekimenean. Hitzordua: maiatzaren 21ean, arratsaldeko 19:30ean, Bilboko Bidebarrietako liburutegian.

Mitologia euskal literaturan izango da jentaurreko alkarrizketearen bitartez literaturako zenbait iruditara hurreratzea ahalbidetzen dauen Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren Eztabaidak literatureagaz ekimenaren hitzordu barrirako gaia. Ekitaldia datorren martitzenean izango da, maiatzaren 21ean, arratsaldeko 19:30ean, Bilboko Bidebarrietako liburutegian. Protagonistak Toti Martínez de Lezea eta Dolores Redondo idazleak izango dira. Eurekaz batera Idoia Jauregi kazetari donostiarra, Radio Euskadiko Kultura.com saioaren zuzendaria egongo da, moderatzaile lanetan.

Toti Martínez de Lezea (Gasteiz, 1949) Espainiako narratiba barriaren barruan eleberri historikoa lantzen dauen idazle ezagunenetakoa eta azken urteetan genero horretan gehien irakurri dan egileetakoa da. Idazteari buru belarri ekin aurretik itzulpengintzan ibili zan. 1983 eta 1992 artean antzerki talde bi sortu zituan, eta ikus-entzunezko produkzino lanetan ibili zan, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailerako programak zuzenduz eta eginez. Horrezaz gan, Euskal Telebistak emon dituan umeentzako eta gazteentzako 1.000 saio baino gehiago sortu eta zuzendu ditu.

Dolores Redondori (Donostia, 1969) jagokonez, Zuzendaritza eta errestaurazinoa ikasi zituan, eta urte askotan hainbat negoziotan ibili zan, kontakizun laburrak eta umeentzako ipuinak idazten hasi eta bere bokazino sendoena literatur sorkuntzea zala ikusi eban arte. 2009an, lehenengo eleberria, Los privilegios del Ángel (Eunate Editorial) argitaratu eban. Lan horrek oso harrera beroa izan eban.

2013ko urtarrilean, El guardián invisible (Planeta taldeko Destino Ediciones) argitaratu eban, Baztango trilogiako lehen liburukia. Lan horren zinema produkzinorako eskubideak Peter Nadermannek, Millennium saga ospetsuaren produktoreak, erosi ditu. Momentu honetan, Dolores Redondo Nafarroako Erriberan bizi da, eta bertan idazten dau, eta abentura zabal horren bigarren eta hirugarren partea sortzeko prozesuan dabil beharrean.


Seigarren edizinoa

2007ko urtarrilean Eztabaidak literatureagaz egitaraua martxan jarri zanetik, Bidebarrietako Liburutegiko Ekitaldi Aretoak idazle bikoteen arteko alkarrizketak jaso ditu, besteak beste, Ana María Moix eta Luisa Etxenike, Alfonso Sastre eta Carlos Gil, Luis Eduardo Aute eta Ruper Ordorika, Juan Manuel De Prada eta Aitzpea Goenaga, Juan Bas eta Juan Madrid, Fernando Marías eta Toti Martínez de Lezea, María Dueñas eta Lorenzo Silva, Alberto Vázquez-Figueroa eta Almudena Arteaga, Jordi Esteva eta Rosa Regás edo Juan José Millás eta Pedro Ugarte.

Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena, idazleakana hurreratzeko modu barria izan da, jentaurreko alkarrizketaren edo eztabaidearen bitartez, aurretik proponidutako gai batean oinarrituz. Egitarauaren helburua literatureagaz alkartzeko topalekua eskaintzea izan da, zeharkako ikuspegitik, letrak eta beste zenbait diziplina lotuz (arkitekturea, musikea edo matematikak, besteak beste), edo literaturearen genero batean oinarrituta, genero horretan sakonduz, egileen eskutik.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu